Eguneko albisteak

2025eko irailak 10

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 10a

 

Albisteak

Irurtzungo Udalak lurzorua erosteko dirulaguntzetarako ordenantza onartu du. Ohiko bizilekurako lurzoruaren kasurako da. Irurtzundarrek eskatzeko aukera izanen dute, baldin eta herrian gutxienez bi urtez erroldatuta badaude.Udalerrirako interes soziala duen jarduera bat sustatu asmoz, Irurtzungo Udalak bere funts publikoak erabiliko ditu irurtzundarrek herrian etxebizitza eraikitzeko lurzorua eros dezaten. Onartutako ordenantzak jasotzen duenez, Irurtzunen bertan erosten den lurzoruaren erosketa lagunduko du udalak, baldin eta lursaila ondoren ohiko bizilekurako bideratzen bada. Erosleak beti ere kontuan izan beharko du aplikatzekoa den plangintzako zehaztapenak eta dagokion eraikuntza proiektua egin beharko du. Udalerriko bizilagunek tratu-berdintasuna bermatuta izanen dute dirulaguntzak eskuratzeko orduan. Eskatzaile bat baino gehiago baleude, haien balorazioa araudiaren arabera baloratuko ditu udalak. Familia unitatea izanen da dirulaguntzaren hartzailea. Eskatzaileek ez dute etxebizitzarik izan behar jabetzan, edo etxebizitza libre edo babestu desegoki baten titularra izan eta han bizi behar dute. 

Ur sarearen telekudeaketa ezartzeko lana eman du Uharte Arakilgo udalak. Horrekin batera ur sarea sektoretan banatuko dira eta ur kontagailuen urrutiko irakurketa ezarriko da.Uharte Arakilgo Udalak ur sarearen kudeaketa eraginkorragoa egin nahi du. Horretarako, sarea monitorizatu eta kontrolatu ahal izateko hainbat neurri hartuko ditu: etxeetan dauden ur kontagailuak kendu eta urrutitik irakur daitezkeen batzuekin ordezkatuko ditu; Amurgingo ur hornidurarako punpak berritu; ur sarea lau sektoretan banatuko du eta ur hornidura egoki kudeatu ezik eta ur kontsumoaren optimizaziorako urrutiko kudeaketa sistema ere jarriko du. Lanak Ciaqua gestion del agua SM enpresak eginen ditu. Lau hilabete izanen ditu horretarako. Kontratua betetzeagatik enpresak 253.292,34 euro (BEZ barne) kobratuko ditu. Lanak finantzatzeko udalak Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko dirulaguntza du. 

Altsasuko  Udalak Zelandi eskolan pedagogia parkea jarriko du. Lana kalitate-prezio eskaintza onena egiten duen enpresari emanen dio.Pedagogia parkea diseinatu, egin eta jartzeko lanak eman nahi ditu Altsasuko Udalak. Lanak 28.099,17 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Egitekoa bere egin nahi duen enpresak eskaintza irailaren 17ko 23:59rako aurkeztu beharko du. Kontratua bere egiten duenak hiru hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. 

Kirolak, 

Pilotan, Altsasuko pilotako finalak aukeratuko dira gaur Burundan. Irailaren 10ean, B Serieko CaixaBank Masterseko pilotak aukeratuko dituzte Dario-Eskirozek eta P. Etxeberria-Morgaetxebarriak Burunda pilotalekuan.Altsasuko festetako larunbatean, irailaren 13an jokatuko dira B Serieko CaixaBank Masterseko final handiak. Gaur, irailak 10, 11:00etan finalerako pilotak aukeratuko dituzte Dariok eta Eskirozek, batetik, eta Peio Etxeberriak eta Morgaetxebarriak, bestetik, Altsasuko Burunda pilotalekuan. 


Pilotan, Nafarroa Arenako materiala, aukeratuta.Irailaren 12an A Serieko CaixaBank Masterseko finalerdiak jokatuko dira eta lehen finalerdiko materiala bereizi zuten Jaka-Zabaletak eta Imazek, Altunak ezin izan baitzuen egon.Nafarroa Arena da pilotarien topaleku nagusia asteburuan, Altsasuko Burunda pilotalekuarekin batera. Nafarroa Arenan A Serieko CaixaBank Masterseko finalerdiak jokatuko dira irailaren 12an, eta irailaren 14an final handia. Atzo, irailaren 9an, finalerdietako pilotak aukeratu zituzten Jaka-Zabaletak eta Imazek, Altunak ezin izan baitzuen material aukeraketan egon, ondoezik zegoelako. Bere taldekide Imazek kezka guztiak uxatu zituen. “Altuna ongi iritsiko da finalerdietara, ez dut inolako zalantzarik”. Gogotsu eta ilusionatuta azaldu ziren hiru pilotariak, finalerdietarako prestu. “Altunak ahalik eta gutxien jokatzea lortu beharra dugu, deseroso aritzea, behartuta” nabarmendu zuen Zabaletak. Pilotak “onak” zirela nabarmendu zuten. 

Areto futbolean, Barça du arerio Osasuna Magna Xotak. Ligako bigarren jardunaldia Bartzelonan jokatuko da eta talde irurtzundarrak bide onetik jarraitu nahi du. Lehen mailako areto futbol ligako bigarren jardunaldia dago jokoan. Osasuna Magna Xotak Barça izango du aurkari gaur, asteazkena, 20:30ean Palau Blaugranan (Bartzelona). Talde irurtzundarra pozarren iritsi da Bartzelonara, lehen jardunaldian Peñiscolari hirutan erremontatu eta 5-4 irabazi ostean. Barçak, aldiz, launa berdindu zuen Movistar Inter taldearekin. Hortaz, partida borrokatua espero da.