Albisteak,
Ikastaro eskaintzaren berri eman du Arakilgo udalak. Izen ematea irailaren 30ean despedituko da.Arakilgo Udalak ikastaro eskaintza prestatu du ikasturte honetarako. Udal eskaintza bost ikastarok osatzen dute: Yoga Ihabarren eginen dena, mantentze gimnasia Hiriberri Arakilen, eskulan ikastaroa Etxarrenen, boxeoa Hiriberri Arakilen eta sasoitsu bizi ikastaroa Etxarrenen eginen da. Ikastaroak lastailarekin batera hasiko dira. Ikastaroen inguruko informazioa nahi duenak arakil.eus/eu webgunean edo 948 500 101 edo 634 584 226 telefono zenbakietan jaso dezake. Bestetik, udalak gogorarazi ibarrean ere beste eskaintza batzuk ere badaudela. Batetik, helduek euskara ikasteko aukera dutela AEKrekin. eta, bestalde, udalak gogorarazi die arakildarrei Orritz dantza taldean edo Zaldua futbol taldean parte hartu dezaketela. Eta Etxarrengo frontoiko giltza nori eskatu dakiokeen ere.
Kultur eta kirol eskaintza prest du Irutzungo udalak. Helduendako aisialdi ikastaroak eta ariketa fisikoa egiteko jarduerak osatzen dute udal eskaintza.Irurtzundarrek kultur edo kirol jarduerak egiteko aukera izanen dute udalaren eskutik. Izan ere, hainbat ikastaro antolatu ditu ikasturte berrirako. Honako jarduerek osatzen dute Irurtzungo Udalaren eskaintza: antzerkia, irakurketa kluba euskaraz eta gaztelaniaz, marrazketa eta margotzea, gorputz jarrerak zuzentzea, pilates, bizkortzea-GAP, kirol entrenamendua, adinekoendako mantentze gimnasia eta spinning-a. Udalak antolatutako jardueraren batean izena eman nahi duenak hilaren 25era arteko epea du. Matrikulatzeko irurtzun.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da. Matrikula egiterakoan izen-abizenak eta ikastaroaren izena adierazi behar da. Matrikula ordaintzeko udaletxean txartelarekin egin daiteke, edo transferentzia egin udalaren kontu korronteren batera. Ordainketa eginda, formulario betea eta ordainketaren froga agiria udaletxean edo kultur etxean aurkeztu behar da. Deialdiari buruzko informazio xehea aipatu webgunean dago. Udalak berak jakinarazi duenez, Irurtzunen bestelako ikastaroak ere izanen dira: euskara, ingelesa, helduendako hezkuntza, arabiera, yoga, joskintza, fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako saioak, abesbatza, bertso eskola, gimnasia artistikoko hastapena, Kangoo jumps, korrika egiteko taldea, mikologia hastapena, marrazketa eta pintura, mugimendu adierazkorra, zirkua, euskal dantzak, joaldunak, esku pilota, areto futbola, karatea, kick boxinga, harri jasotze eskola, carplasteria eta dantza.
Etxarri Aranazko Musika eskolak bateria irakaslea behar du. Kontratazioa egiteko deialdia egin du. Etxarri Aranazko Udal Musika Eskolak aldi baterako bateria irakasle bat kontratatzeko deialdia egin du. Deialdi lan poltsa bat osatzeko baliatuko du. Musika eskolak eskaintzen duen lanaldia partziala da. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 12an, ostiralean, despedituko da. Deialdiaren berri etxarriaranatz.eus webgunean dago.
Kirolak,
Areto futbolean, Palau Blaugranan ohorez erori zen Osasuna Magna Xota. Aimar Iraurgi altsasuarrak talde nagusiarekin debutatu zuen.Areto futboleko lehen mailan bigarren jardunaldia jokatu da. Osasuna Magna Xotak Barça bisitatu zuen Palau Blaugranan, baja garrantzitsuekin. Geraghty eta Marra lesionatuta daude, Linharesek ezin izan zuen aritu, eta Juninho Cartagenara joan da. Aurreikusi moduan, hasieratik partida oso sutsua izan zen. Hasi eta berehala, 2. minutuan, Ion Cerviño irurtzundarrak gola sartu zuen, falta zuzenaz, eta 0-1 aurreratu zen Xota. Baina talde irurtzundarrak min gutxi egin zion Barçari, di-da batean, eta nafarren akatsak probestuz, 2-1 jarri baitzen aurretik. Nolanahi ere, talde berdeak ez zuen amore eman, gol aukerak sortzen hasi zen eta atsedenaldia baino lehen Korsunek bina berdintzea lortu zuen, Barçako atezainaren irteera kaxkarra aprobetxatuz. Xotak maila handian jokatu zuen. Bigarren zatian Barça ederki hasi zen, bi gol sartu baitzituen, 4-2 aurreratuz. Partida bukaeran, Dani Saldisek atezain-jokalariaren kamiseta jantzi zuen. Mendivek Xotaren hirugarrena sartu zuen, 4-3 hurbilduz, baina Barçaren bosgarren golak partida erabakita utzi zuen (5-3). Ederki borrokatuz eta burua tente erori zen Xota. Positiboena Aimar Iraurgi Marcos 17 urteko jokalari altsasuarraren debuta izan zen. “Partida xehetasunengatik erabaki da” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Orain, Alzira.Ligako hirugarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak Alzira taldea hartuko du irailaren 13an, 16:00etan, Anaitasunan. O Parrulo Ferrol da liderra (6 puntu), Osasuna Magna zortzigarren da (3 puntu) eta Family Cash Alzira hamaseigarren da, punturik gabe.
Futbolean, Lagun Arteak eta Etxarrik kopako partida jokatuko dute. Irailaren 11n, osteguna, 19:30ean erabakiko da partida, Zelai Berrin.Erregional mailako 2025/2026 denboraldia irailaren hirugarren asteburuan hasiko da, baina gaur, osteguna, 19:30ean Nafarroako Futbol Federazioko Kopako partida jokatuko dute Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek Zelai Berrin. Hamabigarren multzoko faseko lehen jardunaldiko partida izango da. Eduardo Jimenezek epaituko du lehia.