Eguneko albisteak

2025eko irailak 12

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 12a

Albisteak, 

UPNk Arbizuko alkatea salatu du. Hatortxu Rocken egin zen Fran Baldaren omenaldian parte hartzeagatik salatu du. UPNk Espainiako Auzitegi Nazionalean salatu du Arbizuko alkate Francisco Javier Razkin Flores. Hatortxu Rocken Fran Balda omendu zuten, arbizuarrak jaialdiaren sorreran parte hartu zuelako. Omenaldi hartan izan zen Razkin. UPNk alkatea salatu du "ETAko kide aktibo izateagatik zigortutako Baldari egindako omenaldian parte hartzeagatik".

Kirolak, 

Futbolean, Etxarri Aranatzek ikusgarri ekin dio kopari. Multzoko ligaxkako lehen jardunaldian Lagun Artea hartu zuen mendean alde handiz.Erregional mailako 2025/2026 denboraldia irailaren hirugarren asteburuan hasiko da, baina irailaren 11n, osteguna, Nafarroako Futbol Federazioko Kopari ekin zioten Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak.Hamabigarren multzoko faseko lehen jardunaldiko partida jokatu zuten bi talde sakandarrek Lakuntzako Zelai Berrin. Etxarri Aranatz da kopako egungo txapelduna, eta bikain defendatu zuen aurtengorako bere hautagaitza, 1-7 hartu baitzuen mendean talde lakuntzarra. 10. minutuan Jon Erdoziak Etxarri aurreratu zuen, baina Ander Agirrek bana berdindu zuen berehala. Gutxi iraun zuen lakuntzarren pozak, minutu berdinean Oinatz Carreñok Etxarriren bigarrena sartu zuelako eta 35. minutuan hirugarrena. Atsedenaldira 1-3ko abantailarekin joan ziren etxarriarrak. Bigarren zatian, Lagun Artea saiatu zen, baina ezin. Jon Erdoziak, Ivan Cerezok, Aimar Lizarrak eta Joanes Mikeok lakuntzarren atea zulatu zuten eta 1-7 irabazita ekin dio kopari Etxarri Aranatzek. Abendura arte.
Nafarroako Federazioko Kopak atseden hartuko du zubi foralera arte. Abenduaren 3an multzokako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da. Etxarri Aranatzek Beti Kozkor B taldea hartuko du San Donaton, eta San Jorgeren kontra jokatuko du Lagun Arteak, Iruñean. Hirugarren jardunaldia abenduaren 8an erabakiko da. Lagun Arteak Beti Kozkor hartuko du eta Etxarri Aranatzek San Jorge. 


Areto futbolean, Altsasuk ezin izan zuen Xota mendean hartu.Irailaren 10ean lagun arteko partida bana jokatu zuten areto futboleko Altsasuko bi taldeek.Irailaren 10ean lagun arteko bi areto futbol partida hartu zituen Altsasuko Zelandi kiroldegiak. Hirugarren mailako Altsasuk Xota harrobia izan zuen aurkari. Lehia oso bizian, Irurtzungo taldea gailendu zen, 3 eta 4. Maila autonomikoko Altsasuk galdu egin zuen bere partida, 3-4, emaitza berberarekin. 

Pilota goxuan, Olaztiko Goxua Txapelketak Txikuriri aitortza egingo dio.Gaur Olaztin hasiko den txapelketan urte luzez euren pilota irakasle izandako Martin Mundiñano ‘Txikuri’ omendu nahi dute. Goxua taldeak Olaztin antolatutako Goxua Txapelketa-Agustin San Miguelen Omenezkoan zortzi bikote lehiatuko dira. San Migel elkartea eta Olaztiko Udala laguntzaileak dira. Txapelketako lehen jardunaldia gaur, ostirala, jokatuko da, 21:30ean, Olaztiko frontoian. Ondoko partidak daude jokoan: Aguirre-Kamuel / Vizuete I-Vizuete II; Goya-Zornoza / Azkargorta-Solas; Flores-Mikel / Berat-Eneriz; Izagirre-Beloki / San Vicente-Maiza.Lehen jardunaldi honetan Martin Mundiñano “Txikuri”-ri aitortza egingo dio Goxua taldeak. "Askok Txikurirekin ikasi genuen pilotan jokatzen, urte askoz aritu zen pilota irakasten" aipatu du Goxua Taldeko Roberto Zornoza “Limon”-ek.

Pilotan, Altsasuko finalera ilusioz eta aitzakiarik gabe. Burunda pilotalekua prest dago larunbatean B Serieko CaixaBank Mastersa hartzeko. Ligaxkan partidarik galdu ez duten Dariok eta Eskirozek bere bertsiorik onena eman nahi duten P. Etxeberria eta Morgaetxebarria izango dituzte aurkari final estuan.Peio Etxeberria B Seriean aritu da, katedraren zati handi baten harridurarako. "Denok nahi dugu lehen mailan jokatu, baina B Seriean arituko nintzela esan zidatenean argi izan nuen bigarren mailan nire onena ematen saiatu beharra nuela. Hasiera zaila izan genuen, lehen bi jardunaldietan ezin izan nuelako jokatu eta hirugarrena galdu genuelako, baina hortik aurrera ez dugu partidarik galdu. Aimar momentu onean dagoela uste dut, eta larunbatean hemen ilusio handiarekin egongo gara". Altsasuko pilotalekuak estrañoak egiten dituela jakina da. "Frontoirik arraroena da. Ez da noblea, Labrit bezalakoa, bertan beti berdin ateratzen baita pilota. Altsasukoak Labriten neurri berberak izango ditu, baina oso ezberdina da. Hori laurendako da; beraz, ez dago aitzakiarik". Final zaila aurreikusten du. "Beldurrarekin etorriko gara. Beraiek ez dute partidarik galdu; Dariok sekulako uda darama, eta Josuk partida asko eta ongi jokatu ditu. Final zaila dugu aurretik, baina partida batera edozeinek irabaz dezake. Morgak eta biok ondo konpondu beharko dugu elkar, eta beraiek baino akats gutxiago egin, kontuan hartuta berez ez dituztela asko egiten. Hor egongo da partida". Arerioek hautatutako pilota bat ez zuen gustuko izan. "Erremontekoa dirudi, zazpian eman eta errebotera joaten dela ikusi da. Larunbatean asko joaten dela hobeki ikusiko da. Gainontzeko pilotez ez dago ezer esaterik". Eskiroz, txapelketa biribiltzera. Dariok eta Eskirozek sekulako txapelketa egin dute orain arte. Partida guztiak irabazita iritsi dira finalera, baina argi dute finala beste kontu bat dela. "Finalek beti xarma berezia izaten dute. Nahiz eta orain arte guretako txapelketa perfektua izan den, larunbatean Altsasun zerotik hasiko gara. Ea txapelketa biribiltzerik dugun" azaldu du Eskirozek. Altsasuko frontoiaren ezaugarri bereziez, ez du aitzakiarik jarri. "Egia da ez gaudela hemen jokatzera ohituta. Frontoi berezia da, baina laurendako berdina da, eta, beraz, ez dago aitzakiarik". Etxeberriak euren pilota bat asko ateratzen dela esandakoaren aurrean, ez zaio horrenbesterako iruditzen. "Uste dut pilotak ez direla soberakoak. Aukeraketa egunean pilotek sebo asko izaten dute eta horrekin asko irteten dira, baina gero lau tantotan gastatzen dira. Pilotekin ez dagoela aitzakirik uste dut". Final handirako gogotsu dago Eskiroz. "Familikoak eta lagunak Altsasura etortzekoak dira. Bertako festak direnez, giro ona egongo dela uste dut. Bertako jende asko ezagutzen dugu, pilota jarraitzaileak, beti frontoira hurbiltzen den jendea. Uste dut final erakargarria dutela aurretik. Giro ona eta polita izatea espero dut. Dariorekin sekula jokatua nintzen, eta finala irabaztea txapelketa biribiltzea litzateke. Ea ospatzerik dugun".


Txirrindularitzan, Iker Gomezek jaioterriko lasterketan egon nahi du.Igandeko XCVI. Txirrindulari Proba mitikorako osatuko dela uste du altsasuarrak.Altsasu Kirol Elkarteak (AKE) antolatuta, igandean afizionatuen mailako XCVI. Txirrindula Proba jokatuko da. Sakanan afizionatuen mailan jokatzen den lasterketa bakarra izateaz gain, proba mitikoa da, 96. edizioa baitu. Felix Mazkiaranek elite eta 23 urtez azpikoendako lasterketa gorabeheratsua diseinatu du (140,86 km). Altsasutik 10:00etan abiatuta, Zegamako bidegurutzera joko dute txirrindulariek, eta ondoren zazpi aldiz igoko dute Altamira. Helmugaratzea 13:40ak alderako aurreikusten da.  Aurten afizionatuetan debutatu duen Iker Gomezek (Finisher) herriko proban egon nahi du, berarendako oso berezia delako, baina aurreko astean, Kern Pharma taldeko stagiaire-a zela, erorikoa izan zuen Britainiako Tourrean. Ordutik osatzen dago, baina entrenatzera atera da, eta badirudi Altsasuko irteeran egongo dela, sentsazioak onak izan baitira. 

Saskibaloian, 3x3 Ziordian, Markelen alde. Ziordiko Running taldeak, udalaren laguntzarekin, saskibaloi txapelketa solidarioa antolatu zuen.Larunbatean 3x3 Ziordia Saskibaloi Txapelketa eta Jaurtiketa Lehiaketa jokatu zen, gaixotasun ultra arraroa duen Markel Carmona haurraren alde. 400 euro inguru lortu ziren.