Albisteak,
Argiteriari lotutako bi lan eman ditu Altsasuko udalak. Burunda frontoikoa berritzekoa eta hainbat kaleetan farola berriak jartzeko. Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak argiteriarekin zerikusia duten bi lan eman ditu. Batetik, Burunda udal pilotalekuko argiteria berritzeko lanak daude. Hiru enpresen proposamenak aztertuta Montajes Electricos Pamplona SA enpresarena onartu du udalak. Lanengatik 40.535 euro jasoko ditu enpresak. Bestalde, Telman Talleres Electricos y Mantenimiento SM enpresak argiteria publikoan hobetzeko lanak eginen ditu. Zehazki argi puntu berria jarriko ditu Egubera, Lapurbide, San Pedroko Bidea eta Beheko Benta kaleetan. Horren truke 29.792,62 euro (BEZ barne) jasoko ditu.
Etxarri Aranazko Razkin eta Mendi hirugarrenak Euskal Herriko Txapelketan. Herrialdetako txapelketetan sailkapena lortu zuten hamaika artzainek parte hartu zuten.58. Euskal Herriko Artzain Txakurren txapelketa jokatu zen Garain irailaren 13an, larunbatean. Txapelketa Jose Mari Ustarrozi omenaldia eginez hasi zen. Ondoren artzain parte hartzaileek artaldearen eta txakurraren arteko ulermena erakutsi zuten. Lanak despedituta, Karlos Ardanza abadiñarrak irabazi zuen txapela Mendi txakurrarekin. Bigarrena Fidel Alonso arabarra izan zen Lis txakurrarekin. Podiuma Jesus Razkin eta Mendik osatu zuten. EHATE Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, "giro ederrean" joan zen jardunaldia, eta "lan politak" egin zituzten artzainek zein txakurrek. Epaimahaikideek eta ikusleek txakurren lana, prestakuntza eta artzainen arteko lan bikaina goraipatu zituzten.
Irurtzungo Bertako Ganadu Azoka. Giro onean joan zen egun osoko egitaraua, aurten berrikuntza zaldi ferraketa izan zelarik.
Palestinaren aldeko manifestazioa altsasuko festetan. Oso jendetsua izan zen larunbateko manifestazioa. Bukaeran irakurri zena entzungai hemen.
Kiroletan,
Pelotan, Dario eta Eskiroz nagusi Altsasun, final handian.Burundan jokatutako B Serieko CaixaBank Masterseko final estu bezain ikusgarrian, P. Etxeberria eta Morgaetxebarria mendean hartu zituzten azken txanpan. Irailaren 13an Burunda pilotalekuan bildu ziren pilotazaleak gustura atera ziren Altsasuko frontoian bizitakoarekin. Hasieran lehen mailako profesionalen partidarekin disfrutatu zuten, eta, segidan, B Serieko CaixaBank Masterseko finala zegoen jokoan, ustez baino lehiatu eta borrokatuagoa izan zena, pilotazaleen gozamenerako. Lehen partidan, Ezkurdiak eta Martijak Elordi eta Rezusta izan zituzten aurkari. Hasieran parez-pare aritu ziren bi taldeak. Burunda pilotalekua sakandarrekin bat zegoen, eta gogoz txalotu zituen Ezkurdiaren eta Martijaren tantoak. Markagailua estu zihoan, baina bukaera aldera, ordea, Elordik gehiago asmatu zuen, eta Rezustaren laguntza bikainarekin 19-22 gailendu ziren. Finala, oso gogorra. B Serieko CaixaBank Masterseko finalean, Peio Etxeberriak, Aimar Morgaetxebarriak, Dario Gomezek eta Iosu Eskirozek goi mailako final handi eta gogor horietako bat egin zuten, zaletasuna sortzen duena. Lau pilotariek kantxan dena eman zuten. Dariok eta Eskirozek txapelketan partidarik galdu ez zutela eta alde horretatik faboritoak zirela jakitun, Etxeberria eta Morgaetxebarria hozka egitera atera ziren hasieratik, eta 0-4, 1-5 eta 2-6 aurreratu ziren. Peio Etxeberria ikusgarri aritu zen, baina Morgaetxebarria ez zen gutxiagorako izan. Lauren artean gazteena zen, esperientzia gutxiena zuena, bere lehen finala baitzen, baina bizkaitarra ez zen kikildu. Etxeberriak erritmo bizia ezarri zuen, Dario itotzen saiatu zen eta Eskiroz estutu zuen, defentsa lan ederra eginez, Morgaetxebarriari pilota asko kendu baitzizkion. Izan ere, Peio Etxeberria jokoz kanpo uztea eta jokoa atzera kargatzea izan zen Darioren eta Eskirozen estrategia, baina atzelari bizkaitarrak ongi eutsi zion. Final erditik aurrera finala asko gogortu zen. Partidan lehenengoz 12-11 jarri ziren aurretik Dario eta Eskiroz, baina parekotasuna izan zen ezaugarri nagusia. Inork ez zuen partida apurtzea lortzen, eta parez pare egon zen markagailua bukaerara arte. Zazpi aldiz berdindu zuten. Azken txanpan Dariok tanto bereziki gogorra atera zuen bere alde, 47 pilotakadakoa. Ordurako nekea nabaritzen hasi ziren pilotariak eta tanto horrek airea eman zien gorriei. Dejada bati eta bipareta bati esker, 22-19 irabazi zuten Dariok eta Eskirozek, txapelketa ederki borobilduz. Peio Etxeberriari eta Morgaetxebarriari ez zaie inolako bainarik jarri behar: oso garesti saldu zuren garaipena ordu eta erdi iraun eta ia 800 pilotakada gurutzatu ziren finalean.
Areto futbolean, Osasuna Magna Xotaren erakustaldia. Family Cash Alzira taldearen kontra garaipen ederra lortu zuten irurtzundarrek. Selekzioak dituen lagunarteko partidak direla eta, irailaren 27ra arte ez da ligako partidarik jokatuko.Lehen mailako areto futboleko ligako hirugarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Family Cash Alzira taldea hartu zuen Anaitasuna pabiloian. Hasieratik partida oso borrokatua izan zen, eta bi taldeek makina bat aukera sortu zituzten, tartean Ion Cerviño irurtzundarrak, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Alzira izan zen markagailuan aurreratu zena, Darrieerrek sartutako golari esker. Talde berdeak bazekien aukerak sortzea baino zerbait gehiago egin behar zuela. Albert Ortas behin baino gehiagotan saiatu zen, eta azkenean bana berdintzea lortu zuen errekuperazio baten ondoren egindako jaurtiketari esker. Aukera gehiago izan ziren, baina banakako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Alzira berdinketa lortzera atera zen. Zorigaiztoko jokaldi batean baloiak Korsunen hankaren kontra jo zuen eta errebotez Asierren atera sartu zen, Alzirak bina berdinduz. Xotak ez zuen behera egin eta Pachuk berdinketa apurtu zuen, 3-2 aurreratuz. Erasoan jarraitu zuten Miguel Hernandezen mutilek, eta 5 minutura Albert Ortasek laugarrena sartu zuen. Talde irurtzundarrak, zaleen animoaz lagunduta, Alzira estutzen jarraitu zuten. Ion Cerviñok pare bat aukera izan zituen, baina Asier atezaina izan zen, Alziraren atea hutsik ikusita, atezain-jokalari jokatzen ari baitziren, bere atetik jaurtiketa ikusgarria egin eta Osasuna Magnaren bosgarren gola sartu zuena. 5-2 irabazita, pozik dago talde berdea. “Taldea sendotu da, heldu da. Partida zailean sufritzen jakin izan du, eta egoerak aprobetxatzen jakin du” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Alziraren kontra lortutako garaipenari balio handia eman zion entrenatzaileak. Atsedenaldia baino lehen, zazpigarren. Lehen mailako hiru jardunaldi jokatuta, Jimbee Cartagena Costa Calida da liderra (7 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (6 puntu). Espainiako selekzioak jokatuko dituen lagunarteko partidak direla eta –Asier Llamas Xotako atezaina deituta dago–, asteburuan ez da ligako partidarik izango. Laugarren jardunaldia irailaren 27an jokatuko da, eta talde irurtzundarrak Galizian jokatuko du, O Parrulo Ferrolen kontra, 21:00etan.
Txirrindularitzan, Lehenengoz junior batek irabazi du Altsasuko lasterketa mitikoa. Afizionatuen mailako 96. Txirrindularitza Proban esprintean gailendu zen Finisher taldearekin lehiatu zen juniorra.Primerako eguraldiarekin jokatu zen Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen duen 96. Txirrindularitza Proba, estatu mailako proba beteranoena. Txirrindulariek 140,86 km zituzten aurretik. Hasieran Zegamako mugaraino joan ziren, baina bertatik buelta hartu eta gero, Olazti, Altsasu eta Urdiain artean jokatu zen proba: zazpi aldiz igo zuten Altamira. Denetariko saiakerak izan ziren lasterketan. Hasieran hamabost txirrindularik egin zuten ihes. Bertan Rural utxa-Aleako eta Euskadi Fundazioko hainbat txirrindulari sartu ziren. Altamiraren azken igoerara arte, baina atzetik Finisherrek lasterketa mugitu zuen eta Iker Gomez altsasuarrak aurreko taldearekin bat egin zuen. Gorabeherak egon ziren, baina sorpresa helmugan gertatu zen, Finisher taldearekin stagiaire gisa jokatu zuen Eñaut Urkaregi juniorra (Tolosa Danena) gailendu baitzen esprintean, afizionatuen mailako bere lehendabiziko lasterketa irabazita (3:15:58). Bere atzetik Gorka Corres (Rural Kutxa-Alea) eta Aaron Nougue (Telco) sartu ziren. Iker Gomez hamazazpigarren sailkatu zen (3:17:49). Talde onenaren saria Rural Kutxa-Aleak lortu zuen eta baita Nafarroako Challengea. Txirrindulari onenaren saria Iker Gomezek lortu zuen, eta baita lehen nafarraren saria.
Txirrindularitzan, Oscar Guerrerok Vuelta utzi zuen. Israel Premier Tech taldeko Oscar Guerrero Zelaia zuzendari altsasuarrak Vuelta utzi zuen lasterketa bukatu baino lehen. Lasterketan barna talde israeldarraren aurka egindako protestak zirela eta ezinegona azaldu zuen zuzendari altsasuarra eta irailaren 13an, ostiralarekin, jakin zen Vuelta utzi eta etxera itzuli zela, nahiz eta taldea lehenago utzi. Vueltan hasieratik egon ziren protestak talde israeldarraren kontra. Atzo, Madrilen ezin izan zen azken etapa bukatu, milaka pertsonek Madrileko kaleak hartu, eta antolakuntzak 50 km baino gehiagoren faltan lasterketa bertan behera utzi eta gero. Irudiak munduari buelta eman diote. Vingegaard izan da txapelduna.