Albisteak,
Urritzolako Kontzejuak baso aprobetxamendua saldu nahi du. Pinuz osatutako lote bakarra da.Urritzolako Kontzejuak El Pirenal parajean dagoen baso aprobetxamendua saltzeko deialdia egin du. Larizio pinuz eta pinu gorriz osatutako epaitza da salgai jarri duena, 1.145 m3 zur eta 818,2 m3 egur egiten dituena. Epaitzagatik 49.075,78 (BEZik gabe) euro eskatzen ditu kontzejuak. Eskaintza aurkeztu nahi duen enpresak hilaren 28ra arteko epea du.
Arruazu Euskal Errepublikaren parte dela aitortu du. Ehun kolektiboaren mozioa onartzen duen bosgarren udala da. Arruazuko Udalak bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratu zuen atzo, irailak 15. Ehun kolektiboak aurkeztutako mozioa bere egin zuen. Idatzi horri jarraituz, Arruazuko Udalak “baieztatu du espainiar eta frantziar Estatuen parte garen bitartean ezin izango dugula herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera. Ondorioz, Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula diogu”. Gaineratu dutenez, “errepublika hau, eskubide guztiak denondako ziurtatzeko derrigorrezko erreminta dela diogu”.
Etxarri Aranazko Euskara ikasleek udalari laguntza eska diezaiokete. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30etik lastailaren 15ean izango da.Euskara ikasten aritu diren etxarriarrek udalari dirulaguntza eskatzeko aukera dute. Horretarako, udaletxean edo udalaren erregistro elektronikoaren bidez eskaera egin behar da. Interesa dutenek, alde batetik, eskabide orria beteta aurkeztu beharko dute, baita nortasun agiriaren kopia. Horrekin batera erroldatze ziurtagiria aurkeztu beharko da. Dokumentu horrek eskabideak aurkezteko epea hasten deneko antzinatasuna duena gehienez ere. Ziurtagirian eskatzailea noiztik dagoen udalerri horretan erroldatuta agertu beharko da.Administrazioko agiri horiekin batera, euskaltegiak eginiko asistentzia edo aprobetxamendu ziurtagiria eta matrikula ordaindu izanaren agiria aurkeztu behar dira. Sakanako Mankomunitateari dirulaguntza eskatu badio, eskaeraren kopiak aurkeztu beharko ditu interesa duenak. Gainerako administrazio publiko edo entitate pribatuei dirulaguntza eskatu badie eta ebazteke badaude, edo haiengandik laguntza jaso badu, eskatzaileak jakinarazi egin beharko du.
Kirolak,
Txirrindularitzan, Iker Gomezek Kern Pharmarekin fitxatu du. Afizionatuetan denboraldi bat egin ondoren profesionaletara egingo du salto. Aurki Ruandako bidea hartuko du, Mundialetan aritzeko.Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Finisher) da Kern Pharma talde profesionalarekin fitxaketa berria. Gomezek aurten debutatu zuen afizionatuetan Kern Pharma taldearen filialean, Finisher taldean. Txirrindulari altsasuarraren dohain apartak ikusita, Kern Pharmaren stagiaire-etako bat izan da aurten altsasuarra, eta pauso bat gehiago eman du: Kern Pharma taldearekin sinatu du, hiru denboralditarako, 2028raino. Iker Gomezek Kern Pharmari aitortu dionez “oso zoriontsua naiz aukera hau izateagatik eta taldeak nigan izan duen konfiantzagatik. Ahalik eta hobekien aritzeko gogotsu nago, Kern Pharmaren alde guztia emateko prest. Nafarra naizen aldetik, oso berezia da”. Gomez, Ruandako Mundialetara bidean.Irailaren 21etik 28ra Kigalin (Ruanda) jokatuko dira Munduko Txirrindularitza Txapelketak. 23 urtez azpiko selekzioko hautatzaile Pascual Orengok prestatutako seikotean dago Iker Gomez. Hector Alvarez, Adrià Pericas, Paul Marti, Unai Ramos eta Samuel Fernandez izango ditu taldekide. Irailaren 26an jokatuko den errepideko lasterketan parte hartuko du seikoteak. 164,4 km eta 3.350 m desnibel + duen lasterketa izango da, Kigali zirkuituari hamaika itzuli ematea, hain zuzen ere. Pericas eta Alvarez irailaren 22an jokatuko den erlojupekoan lehiatuko dira baita ere (31,2 km).
Futbolean, Altsasuk kategoria berria mustu du. Preferente mailari ekin dio talde altsasuarrak. Lehen jardunaldian esku hutsik itzuli zen Mendigorriatik. Altsasu erregionala mailaz igo zen joan zen denboraldian eta asteburuan mustu zuen kategoria berria, preferente maila. Preferente mailako lehen jardunaldian, Altsasuk Mendi izan zuen aurkari Mendigorrian. Partida oso lehiatuan, lehen zatia golik gabe bukatu zen. Bigarren zatian, 58. minutuan Mendiko Iñigo Rekaldek Alejandro Hernandezek defendatzen zuen ate altsasuarra zulatu zuen. Altsasu partidari buelta ematen saiatu zen, baina 1-0 galduta itzuli zen etxera. Sailkapenean, Burlades B da lehen liderra (3 puntu). Altsasu hamalaugarren da, punturik gabe. Bigarren jardunaldian Altsasuk Amigo taldea hartuko du irailaren 20an, 18:15ean, Dantzalekun. Amigok lehen jardunaldian ere ez zuen punturik bildu, eta bi taldeak jokoan dauden hiru puntuak lortzera aterako dira.
Atletismoan, Ergoienako Biraren txanda, Lizarragara. Irailaren 20an XIX. Ergoienako Bira jokatuko da Lizarragan, 8,5 km-ko lasterketa gorabeheratsua. Irailaren 21ean Altsasuk hartuko du lekukoa, IV. Josefina Arregi Klinikako Alzheimerraren IV. Martxa HerrikoiarekinIkasturtea hasi eta berehala dator Ergoienako urteroko hitzordua: Ergoienako Bira. Bailarako herriei bizia emateko antolatutako probak aurten hemeretzigarren edizioa du, eta Lizarragak hartu dio lekukoa Dorraori. Betiko moduan, lasterketa Ergoienako Udalak antolatzen du, bailarako hiru kontzejuekin eta bestelako laguntzaileekin. Lasterketa Sakanako Koparako puntuagarria da. Ibilbideari dagokionez, Ergoienan izaki, lasterketa gogorra eta gorabeheratsua izango da. Irailaren 20an, Lizarragatik aterako dira korrikalariak, 10:00etan. Dorraora eta Unanura joko dute lehenengo, atzera ere Dorraotik eta Unanutik pasa eta Lizarragako helmugara heltzeko (8,5 km). Nagusien aurretik, haurren lasterketa izango da. Aurretiazko izena ematea zabalik dago Rockthesport webgunean. Bestela, egunean bertan eman daiteke izena, proba hasi baino ordu bat lehenago. Joan zen urtean helduen proban 39 korrikalari lehiatu ziren, eta haurren mailan 24 haur. Lizarragan parte hartze horri heldu nahi diote.
Josefina Arregi Martxa herrikoira batzeko deia. Irailaren 21ean abiatuko da eta bi distantzia ditu. Ondoren denetariko ekitaldiak izango dira Iortia plazan.Irailaren 21ean Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da eta data berezi horretan Josefina Arregi Klinikako Alzheimerraren IV. Martxa herrikoia antolatu da Altsasun, 10:00etatik aurrera. Oinezko martxak bi ibilbide izango ditu: 4 km-koa eta 8 km-koa. Biak ordu berean aterako dira klinikatik, eta Iortia plazan despedituko dira. Bertan denetariko jarduerak antolatuko dituzte, 12:30ak arte: haurrendako puzgarriak, errealitate birtualeko betaurrekoak eta bestelakoak, gazteek adinekoen mugak esperimentatu ahal izateko. Horretaz gain, jarduera fisikoko saioak izango dira. Jakina, auzatea ez da faltako, eta bitartean Etorkizuna dantza taldeak eta Irantzu Dantza Eskolako ikasleek dantza emankizuna izango da. Izena ematea zabalik dago (10 euro, 16 urtez azpikoek dohain). Partaide helduek kamiseta eta produktu sorta jasoko dute.