Eguneko albisteak

2025eko irailak 18

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 18a

Albisteak, 


Aldaketak hondakin bilketako zerbitzuan Arbizun. Behin behinekoak dira, Fernando Urkia kaleko lanek eraginda. Arbizun sarea eta zorua berritzeko lanak egiten ari dira Fernando Urkia kalean. Hori dela eta, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak jakinarazi du gaurtik, irailaren 18tik aurrera hondakin bilketa ezin izanen duela ohiko moduan egin. Hau da, ezin izanen duela eskola zaharren atzeko bilketa puntutik edo etxeetako kakoetatik ezingo dira hondakinak jaso. Erabakiak eragina du aipatu kaleko 15 eta 50 zenbakien arteko hainbat etxebizitzari, Errekondo kaleko bati, bi elkarteri, ostalaritza eta merkataritza establezimendu banari. Lanek iraun bitartean Uhalde kaleko larrialdigunean edukiontzi gehiago jarri ditu zerbitzuak, etxebizitza horietako jabeek erabil ditzaten. Zalantzak argitu eta informazio gehiago jaso nahi dutenek 900 730 450 doako telefono zenbakira hots egin edo info.hondakinak@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera idatz dezake.

Irailaren 23an Altsasu urik gabe geldituko da. Ur mozketa gauez eginen da eta bost ordu iraunen ditu. Ameztiako ur biltegitik San Joan kalerainoko ur sarea berritzen ari da Altsasuko Udala. Sare zaharraren parean berria eraikitzen ari da. Sare berria herriarekin lotzeko ur mozketa egitera behartuta daude langileak. Ur mozketa irailaren 23an, asteartean, eginen dute, 22:00etan, eta bost ordu iraunen du. Herri guztia urik gabe geldituko da. Ur mozketaren ondoren ur horniduraren ohiko zerbitzua pitteka bueltatuko da.Antzeko mozketa orokorra egin zuen udalak agorrilaren 28an. Orduan sare berriaren zati batera pasa zuten ur hornidura, biltegiaren eta Geltoki kalera sartzeko biribilgunearen arteko zatira hain zuzen ere. Heldu den asteartean aipatutako biribilgunearen eta San Joan kalearen hasieraren artean dagoen zatian hodi berria funtzionamenduan jarriko dute. Hori eginda, obra despedituko da. 

Ziordin, gizonezkoa larri etxea istripua izan ondoren. Zerra batekin zebilela larri zauritu zen. Ziordiko 67 urteko gizonezko bat larri zauritu zen atzo. Etxean zerra zirkular bat erabiltzen ari zela izan zuen istripua. Erabiltzen ari zen erremintak lesio larriak eragin zizkion ezkerreko besoan eta aurpegiaren inguruan. Larrialdietako zerbitzu medikoak ezbeharraren tokira eta gizona egonkortu ondoren anbulantziak gasolindegiraino eraman zuten eta handik helikopteroz Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Guardia Civilak bere gain hartu zuen istripuaren nondik norakoak argitzeko eginbidea. 

Kirolak, 


Areto futbolean, Nafarroako Koparako finalera, harrobiko sakandarren laguntzarekin. Osasuna Magna Xotak San Juan hartu zuen mendean Nafarroako Kopako finalerdian. Aimar Iraurgi, Javi Larrea, Oier Amezgarai eta Julen Fernandez juniorrek talde nagusiarekin jokatu zuten.Irailaren 16an Osasuna Magna Xotak eta San Juan Kirol Elkarteak Nafarroako Futbol Federazioko Nafarroako Kopako finalerdia jokatu zuten San Juanen. San Juanek bigarren B mailan jokatzen du eta 2025/2026 denboraldiko ligan soilik partida bat jokatu du. Aldiz, Osasuna Magna Xotak lehen mailan jokatzen du eta ligan dagoeneko hiru jardunaldi jokatu ditu. Beraz, talde irurtzundarraren ofizioa eta errodajea nabarmendu ziren partida hasieratik. Xotak Asier Llamas atezainaren baja zuen, selekzioarekin kontzentratuta baitago. Alejandro Palazonek hartu zuen bere tokia. Miguel Hernandezek Xotaren harrobiko jokalariei minutu asko eman zizkien. Tartean zeuden Aimar Iraurgi, Oier Amezgarai, Javi Larrea, Julen Fernandez eta Mikel Anso. Sakanako juniorrak, oso ongi. Xotak 1-7 hartu zuen mendean San Juan, Korsun, Aimar Iraurgi, Gustavo Marra, Iosu Mendive (2), Oier Amezgarai eta Dani Saldisek sartutako golei esker. Primerako debuta egin zuten gazte sakandarrek, ongi jokatzeaz gain Aimar Iraurgik eta Oier Amezgaraik gol bana sartu zutelako. Harrobia indartsu dator. “Oraindik oso gazteak dira, baina Kopako partida honek aukera ederra eman die. Denboraldiaurre guztia gurekin entrenatzen aritu dira, eta gaurkoa egindako lanaren saria da. Inork ez die ezer oparitu, eta lanean jarraitu behar dute, pausoak ematen, kalitatea dutelako. Euren lanarekin oso eskertuta gaude” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Nafarroako Kopako beste finalerdia urriaren 15ean jokatuko dute Tafak eta Ribera de Navarrak. Xotak irabazlearen kontra jokatuko du finala, oraindik zehaztu ez den epean. 

Automobilismoan, Mikel Mazkiaran, Lezaunen ikusgarri.Pilotu altsasuarra bigarren sailkatu zen scratchean, eta bere kategorian lehena izan zen. Irailaren 14an II. Lezaungo Igoera jokatu zen, Korta Racing eskuderiak antolatutakoa. Lasterketa Nafarroako Mendi Txapelketarako baliagarria zen. 4,9 km-ko distantzia duen igoerarako 26 pilotu zeuden izena emanda, tartean Sakana Motorsport eskuderiako Mikel Mazkiaran (Seat 600 JTR), Alberto Villar (BMW E36) eta Iñaki Yaben (Citroen Saxo).  Azkarrena Bruno Scherer izan zen, bere Porsche 911 GT3-arekin igoera bikaina egin eta gero (2:38.208). Lehen igoeran lortu zuen denbora onena, bigarrenean 2 segundo gehiago behar baitzituen. Mikel Mazkiaran altsasuarra ederki aritu zen. Doan tokira doala arreta pizten duen Seat 600 JTR-arekin scratch edo sailkapen orokorrean bigarren izan zen (2:40.967), Scherer txapeldunetik 2 segundora. Scratchean bigarrena izateaz gain, bere klasean, lehenengo klasean, lehena izan zen. Alberto Villar eta bere BMW E32-a zortzigarren sailkatu ziren (2:51.957), bosgarren klasean laugarren. Azkenik, Iñaki Yaben hamaseigarren izan zen, proba bukatu zutenen artean azkena, bere mailan, zortzigarren klasean, lehena (3:13.507).