Eguneko albisteak

2025eko irailak 22

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 22a

Albisteak, 

Maria Ana Sanz Huarte gogoan. Familia bertan zela, omenaldia egin zen.Irañetan sortu eta Hezkuntza arloan aitzindaria izan zen Maria Ana Sanz Huarte omendu zuten larunbatean, irailaren 20an. Goizean haren bizitzari buruzko erakusketa ikusgai izan zen. Hainbat txokotatik etorritako omenduaren senideak eta irintarrak handik pasa ziren. Eguerdiarekin batera, eskola izandakoaren parean, ekitaldia egin zen. Iñaki Arangoa Zia alkateak egin zien harrera guztiei eta omendua goratu zuen. Sanzen iloba Amelia Guibert Navazek agerian utzi zuen Javier Villanueva eskultoreak egindako eskultura. Dantzariek aurreskua dantzatu zioten ondoren. Familiaren izenean Guibertek esker ona azaldu zuen eta omenduaren balioak goretsi zituen. Hala despeditu zen ekitaldia. Ondoren luxuzko auzate batez gozatzeko aukera izan zuten bildutako guztiek. 

Etxarri Aranatzen, Munduko Arroz arrakastatsua. Ekuador, Portugal, Maroko, Honduras, Kolonbia, Palestina, Mali eta Sakana Harrera Haranak parte hartu zuten. Dastatzeko momentua iritsi baino lehenago Palestinako familia bati omenaldia egin zitzaion, ongi etorri hitzak, lore eta zapien eskaintza eta Etxarri Aranazko abesbatzako zenbait kidek eta dantzariek aurreskua eskaini zieten. Hunkituta esker oneko keinuak izan zituzten bertaratutakoentzat. dastatzeko unean jende askok parte hartu zuen. 

Alzheimerra gizarteratzeko eguna Altsasun. Adin guztietako pertsonak parte hartu zuten gaitza ikusgarri bihurtzeko egindako martxan. Gaitzaren nazioarteko egunean, irailaren 21ean, Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak oinezko martxa bat antolatu zuen. Haren bidez gaitza ikusarazi nahi izan zuen. 258 pertsonek eman zuten izena eta kamiseta urdina soinean zutela, ibilbideari ekin zioten. 4 eta 8 km-koak zituzten aukeran, eta azken horren alde egin zuten gehienek. Klinikatik Txorongo txarangaren doinuak alaituta abiatu ziren eta ibilbidea estalpean despeditu zuten. Helmugara iritsi zirenek gosaria zain zuten. Horretaz aparte, hainbat jarduera izan ziren han: klinikako langileek gidatuta, adinduak ariketa fisikoa egiten; adindu baten bizimodua nolakoa den jakiteko modua izan zen, gorputzean pisuak, betaurrekoak eta kaskoak jarrita; haurrendako puzgarriak eta Etorkizuna dantza taldearen eta Irantzu Gonzalezen dantza eskolako dantzariak. Gaixotasuna ikusgarritasuna emateko martxaren antolakuntzan klinikak boluntarioen, klinikaren lagunen elkartearen, Dantzaleku Sakanaren eta Altsasuko Mendigoizaleak-en laguntza izan zuen. 

Natur parkean bi lan egiteko deialdia. Lizarragako tunel ondoko aparkalekua eta Cristinos lezea egokitu nahi dira.Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan Urbasa-Andia natur parkean bi lan egin nahi ditu eta lanak emateko deialdia egin du. Alde batetik, Kristinoen lezearen barnealdea eta kanpoaldea egokitzea. Horretara 94.465,44 euro (BEZ barne) bideratu dira. Eta, bestetik Lizarragako tunel ondoko aparkalekua berrantolatzea eta hobetzea. Lan horrek 297.967,42 euroko aurrekontua du. Guztira 392.432,86 euroko (BEZik gabe) inbertsioa da. Lanak finantzatzeko departamentuak Europar Batasunaren Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planaren finantziazioa du. Lanetakoren bat bere egin nahi duen enpresak bere eskaintza lastailaren 9ko 23:59ra arte aurkez ditzakete. 

Kirolak, 

Mendi txirrindularitzan, Unamuno eta Urrestarazu, azkarrenak Beriain Kilometro Bertikalean.
Euria gelditu, eta Aralar Mendi klubak antolatutako lasterketa arazorik gabe jokatu zen. Aritz Munarriz eta Izaskun Beunza izan ziren lehen sakandarrak. Beunza, gainera, Nafarroako txapelduna dugu.Aralar Mendi klubean zalantza handiak zeuden Beriain Kilometro Bertikalaren bezperan. Ekaitz alertak zirela eta, proba aurrera aterako ote zen. Beriainera igo ordez, Zamarzetik Aralarko San Miguelera igotzea egon zen mahai gainean. Bezperako erauntsiak ezjakintasuna areagotu zuen. Baina, azkenean, egunean bertan Uharte Arakil Beriain Km Bertikala aterako zela erabaki zuen antolakuntzak. Goizean ere ekaitza egin zuen, baina lasterketa hasterako atertu eta proba euririk gabe jokatu zen. Korrikalariak banaka atera ziren Uharte Arakilgo frontoitik (471 m) Beraingo San Donato baselizara (1.494 m) bidean. 5 km eta 1.023 metroko desnibel positiboa zituzten aurretik, eta malda oso zorrotzak, batzuek %71-ko inklinazioarekin. Guztira 179 korrikalarik osatu zuten proba. Beheko zatian lohia topatu zuten, bezperako erauntsien kalte ordaina, baina igotzen hasita ez zegoen lokatzik, eta tenperatura epela zen. Azkarrenak Aritz Unamuno bergararra (43:29) eta Lide Urrestarazu ordiziarra (49:37) izan ziren. Urrestarazu bigarren aldiz jarraian gailendu zen. Izaskun Beunza, Nafarroako txapelduna. Sakandarren artean, Aritz Munarriz etxarriarra izan zen lehena, sailkapenean hamabigarren (46:40). Emakumezkoetan, bigarren emakumea eta, aldi berean, lehen sakandarra Izaskun Beunza izan zen (54:27). Olaztiarra ikusgarri aritu zen, eta proba Nafarroako Txapelketa zenez, Nafarroako txapeldunaren saria jaso zuen. Sailkapenean hirugarren sailkatutako Mikel Merino izan zen, gizonezkoetan, Nafarroako txapelduna. Taldeka, Hiru Herri kluba izan zen Nafarroako txapelduna. Jose Luis Beraza uhartearra ezin aipatu gabe utzi. 56 urterekin, Beriain Km Bertikalean jokatutako hamasei edizioetatik hamabitan lehen uhartearra izan da. Emakumezkoetan, Maite Beregaña izan zen lehen uhartearra (1:00:04). Junior mailan Adrian Martinez lakuntzarra (50:22) eta Nahia Mendizabal beasaindarra (1:13:14) izan ziren onenak. Mutiletan Julen Fuentes hirugarren sailkatu zen. Beteranoetan Iñigo Lariz (44:27) eta Izaskun Beunza (54:27) izan ziren lehen beteranoak. 

Sakanako Bizikleta Eguna euriarekin hasi, baina epel despeditu zen. Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Bizikleta Egunaren 31. edizioa izan zen atzo. Irurtzundik ateratzerakoan euria izan zuten bidaide parte hartzaileek, baina berehala atertu eta giro ederrean egin zuten ibilbidea. Lakuntzan gosaltzera geratu ziren, 11:00ak inguruan, eta Sakanako herriak zeharkatuta iritsi ziren helmugara, Altsasura. Txirrindularitzan, Igor Arrieta, Luxemburg-eko podiumean. UAE Team Emirates taldea Luxembourg-eko Skoda Tourreko talde onena izan da eta bere taldekide Brandon McNultek irabazi du proba. Irailaren 21ean despeditu zen Luxemburg-eko Skoda Tourra. UAE Team Emirates taldeak lan itzela egin du bertan, tartean Igor Arrieta Lizarragak. Taldeko Brandon McNultek irabazi du proba, eta UAE Emirates izan da talderik onena. Beraz, podiumetik esango dio agur taldeak denboraldiari. UAE Team Emirates taldeak 86 garaipen lortu ditu aurten, txirrindularitza talde batek orain arte inoiz lortu izan duen garaipen kopururik handiena. Tartean dago Igor Arrietak Ordiziako Klasikoan lortutakoa. 

Txirrindularitzan, Aimar Tadeo, laugarren San Martin proban. Ataungo lasterketak Lehendakari Txapelketa eta Gipuzkoako Txapelketa erabaki zituen. Irailaren 21ean LX Ataun San Martin Proba jokatu zen, aldi berean Gipuzkoako 23 urtez azpiko eta elite mailako Txapelketa izan zena, eta Lehendakari Txapelketa itxi zuen lasterketa. Hasieratik lasterketa oso mugitua izan zen, etengabeko erasoekin. Azkenean, Rural Kutxa-Alea taldelo bi txirrindulari iritsi ziren batera helmugara eta Antonio Gonzalez nagusitu zitzaion Dario Giulianori. 12 segundora laukote bat sartu zen, Rural Kutxa-Aleako Gorka Corres buru zela. Beraz, tripletea lortu zuen Rural Kutxak. Laugarren Aimar Tadeo Arkauz (Euskadi Fundazioa) lakuntzarra izan zen. Sergio Gutierrezek (Gomur) irabazi du Lehendakari Txapelketa (118 puntu),  Asier Castillaren (Euskadi Fundazioa) aurretik (103 puntu). 

Pilotan, Joseba Ezkurdia, atzelari erronkarako prest.Arbizuarra Altunaren atzelaria izango da sanmateotan. Gaur, irailaren 22an, sartuko dira lehian. Aldiz, Martija eta Peio Etxeberria ez dira San Mateo Torneorako sailkatu. Enpresen erronka onartuta, Joseba Ezkurdia Altunaren atzelaria izango da hasiberri den Logroñoko San Mateo Torneoan. Arbizuarra haurtzarora bueltatu da, Arbizuko Aldabide klubean hasi zenean atzelari baitzen. Lino Arruti eskolako bere entrenatzaileak azaldu zuenez, aurrelari baten baja izan zutelako jarri zuten aurrelari, 17 urte zituela, eta hor “eztanda” egin zuen. Atzelari izateko prestatze lanetan, irailaren 16an Elordiren atzelaria izan zen Bermeon. Ezkurdia eta Altuna gaur, irailaren 22an, astelehenarekin, sartuko dira lehian. Hain zuzen ere Zabala eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Ikusmina handia da, eta Ezkurdia Zabaleta bezalako jotzaile handi bati aurre egiteko gai izango den da katedraren zalantza. Izan ere, enpresak Ezkurdia atzelari izatearen alde egin badu, zerbaitegatik izango da. Martija eta Etxeberria, kanpo. Asteburuan San Mateo Torneoko bi atariko jokatu ziren, eta San Mateo Torneoan ariko diren bi biko atera ziren bertatik. Horrela, irailaren 20an Julen Martijak Peio Etxeberriarekin osatu zuen bikotea, Dario Gomezen eta Beñat Rezustaren kontra egiteko. Logroñoko udako azken torneo handian lehiatzea zegoen jokoan, eta bi bikoek dena eman zuten. Partida gogorrean, Dariok eta Rezustak lortu zuten Adarragako txartela, Etxeberriari eta Martijari 22-19 irabazita. Bakaikoa eta Zabaleta, Urrutikoetxearen agurrean. Irailaren 20an Mikel Urrutikoetxeak agur esan zion pilotaren bere ibilbide oparoari Bilboko Bizkaia pilotalekuan antolatutako jaialdian. Lehen jaialdian Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Ugartemendiak 22-15 hartu zituzten mendean Alberdi II.a eta Morgaetxebarria. 
Jaialdi nagusian horrenbeste urtez arerio latza izandako Zabaleta atzelari handia bikote izan zuen Urrutikoetxeak, Altuna III.aren eta Albisuren kontra. Pilotari agur esateko jaialdi itzela antolatu zuten enpresek, jaialdi mistoa. Urrutikoetxeak ezin izan zuren bere ibilbidea garaipenarekin bukatu, Altunak eta Albisuk 22-17 hartu baitzituzten mendean bera eta Zabaleta, baina Bizkaia betetzen zuten guztien txalo zaparrada beroena berarendako izan zen.