Albisteak,
Arbizuko Txistorraren Egunerako atzera kontua. Auzolanean parte hartzeko deia egin du udalak. Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, Txistorraren Eguna lastailaren 12an ospatuko da, igandearekin. Ohi bezala, txerri hesteki horren bueltan antolatzen den festa auzolanean egiten dute arbizuarrek. Bakarren batek antolaketan aritu nahi badu udaletxean eman dezake izena, edo bestela zinegotziren bati jakinarazi diezaioke. Udalak azaldu duenez, “aurten ere, piperropil, ehoziri lanak, tripota salmenta, ukenduak edo bestelakoak egiten bere ekarpena egin nahi duena ongi etorria izanen da. Zinegotziren bati abisua aurrez ematea eskertuko genuke, antolaketan kontuan hartzeko”. Udalak aurreratu duenez, herri lanak direla eta azokako postuak tokiz aldatuko dira.
Ikastaro eskaintza egin du Etxarri Aranazko udalak.Izena emateko epea irailaren 25era artekoa da. Etxarri Aranazko Udalak antolatutako ikastaroetan izena emateko aukera zabalik da dagoeneko. Etxarri Aranazko Udalaren ikastaro eskaintza honakoa da: yoga, soinketa lasaia, tonifikazioa, pilates, zirko tailerra, pintura, kognizio estimulazioa, berrerabiltzearen artea eta joskintza, hiketan hitz egiten ikasteko ikastaroa, euskara eta mintzakide taldeak. Izena eman nahi duenak etxarriaranatz.eus webgunearen bidez edo udaletxean egin dezake. Azken horretatik 10:00etatik 14:00etara pasa behar da astegunetan. Izena emateko inprimakian eskatzen diren datu guztiak bete beharko dira. Udalak jakinarazi duenez, onartuen zerrendak irailaren 30ean jakinaraziko dituzte, eta ikastaroak lastailaren 13ko astean hasiko dira. Udalaren eskaintzari buruzko informazioa web orrian dago.
Altsasun Gaur gauean ura moztuko dute. Ur horniduraren etena gauez eginen da eta bost ordu iraunen ditu. Ameztiako ur biltegitik San Joan kalerainoko ur sarea berritzen ari da Altsasuko Udala. Sare zaharraren parean berria eraikitzen ari da. Sare berria herriarekin lotzeko ur mozketa egitera behartuta daude langileak. Ur mozketa gaur 22:00etan eginen dute, eta bost ordu iraunen du. Herri guztia urik gabe geldituko da. Ur mozketaren ondoren ur horniduraren ohiko zerbitzua pitteka bueltatuko da.
Kirolak,
Txirrindularitzan, Ekai Erdozia, Arabako Itzulian ederki. Sakana Group taldeko etxarriarra laugarren sailkatu zen lau etapa zituen txapelketan. Kadeteen Arabako Itzuliak lau etapa zituen eta igandean despeditu zen. Eneko Ruedas (Caja Rural Salamanca) izan da txapelduna (5:05:56) eta Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) laugarren sailkatu da, 32 segundora, eta mendiko sailkapenean bigarren izan da. Ekai hirugarren izan zen azken bi etapetan. Sakandarrek maila ona eman dute.