Albisteak,
Lakuntzako Futbol zelaiko berdegunea aldatzeko lanak eman nahi ditu udalak. Lanak despedituta, Zelai berrin hiru futbol zelai izanen dira: bat luzeran eta bi zabaleran. Zelai berri futbol zelaiko belar naturala artifizialaz aldatzeko lanak eman nahi ditu Lakuntzako Udalak. Lanek guztira 412.518,43 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Baina udalak egin beharrekoa bi lotetan banatu du. Alde batetik, egungo belar zelaia kendu, drainatze sistemaren egokitzapena, zorua zelaitzea eta ureztatzeko azpiegitura jartzea. Lan horien balioa 130.413,84 eurokoa da. Bestetik, belar artifiziala jartzeko lana eman nahi du. Haren aurrekontua 282.104,59 eurokoa da. Obra bere gain hartu nahi duen enpresak eskaintza lastailaren 12ko 23:30 baino lehen egin beharko du. Kontratua eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu egin beharrekoak despeditzeko.
Ur zerbitzuagatik ordaintzeko epea iritsi da Altsasun. Aurtengo bigarren lauhilekoa ordaindu behar da.Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, aurtengo bigarren lauhilekoko ur hornidura zerbitzuaren tasak borondatez ordaintzeko epea lastailaren 24an bukatuko da. Udal ordainagiriak helbideratuta dituztenei udalak zenbatekoa kontu korrontean lastailaren 3an kargatuko die. Helbideratu gabeko ordainagiriak La Caixako edozein bulegotan ordain daitezke, ordainagiria aurkeztuta. Borondatez ordaintzeko epe hori iraganez gero, Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrean ezarritako errekarguak ezarriko dira eta tramiteak eginen dira premiamendu bidez kobratzeko.
Balioen betaurrekoekin idatzi beharreko narrazioak. Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago. Lanak bidaltzeko epea lastailaren 15ean despedituko da. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren Lehiaketa antolatu du seigarren aldiz. Literatur lehiaketaren bidez elkarbizitzari modu ezkorrean eragiten dieten jatorri anitzeko pertsonen inguruko zurrumurru eta estereotipo ezkorrei aurre egin nahi die Anitzarteanek. Horiei kontrajarri nahi die kulturartekotasuna eta kohesio soziala, bazterkeriaren kontrako jarduna, baita arrazakeria eta xenofobiaren kontra jardungo duten pertsona eta entitate konprometituak sortzea eta sendotzea ere. Lehiaketari buruzko argibide guztiak sakana-mank.eus webgunean daude.
Kirolak,
Aizkoran, Oier Mitxelena, txapeldun handia. Altsasuarrak Nafarroako bigarren mailako txapela irabazi du, Iban Resano dorrobarraren eta Aritz Oiarbideren aurretik.Irailaren 21ean Nafarroako Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako final handia jokatu zen Uharte Iruñeko Toki-Alai frontoian. Bertan abuztuaren 14an Donamariako kanporaketan sailkatu ziren lehen bost aizkolariak lehiatu ziren: Aritz Oiarbide etxarriarra, Iban Resano dorrobarra, Oier Mitxelena altsasuarra, Jesus Etxeberria eta Patxi Igoa.Final oso estua aurreikusten zen, kanporaketan lehendabiziko lau aizkolariak 15 segundoko tartean aritu zirelako. Kanporaketarekin alderatuta, lan bikoitza egin beharra zegoen finalean: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitzea. Final ikusgarrian, Oier Mitxelena izan zen azkarrena (18:01), Iban Resanori 36 segundo aterata (18:37). Aritz Oiarbide etxarriarrak minutu bat gehiago behar izan zuen lanak bukatzeko (19:02). Alde gehiagorekin, laugarren Jesus Etxeberria sailkatu zen (21:40), eta bosgarren Patxi Igoa (22:27). Lehen biak, Oier Mitxelena eta Iban Resano, mailaz igo dira eta 2026an Nafarroako lehen mailan lehiatuko dira.
Areto futbolean, Asier Llamas, selekzioarekin. Espainiako selekzioak Armeniaren kontra lagun arteko bi partida jokatu ditu egunotan Nafarroan. Asier Llamas maila handian aritu da. Espainiako areto futboleko selekzioak bi lagunarteko partida jokatu ditu egunotan Armeniako selekzioaren kontra 2026ko ilbeltzaren 20tik otsailaren 7ra jokatuko den Europako Txapelketa prestatzeko. Europako Txapelketa Letonian, Lituanian eta Eslovenian jokatuko da. Osasuna Magna Xotako Asier Llamas atezaina selekzioan aritu da. Lehen lagun arteko partida Anaitasunan jokatu zen irailaren 19an. Asier Llamasek bigarren zatian jokatu zuen. Espainiako selekzioa nagusitasunez gailendu zen, 6-2. Bigarren lagun arteko partida irailaren 21ean jokatu zen, Tuteran. Kasu honetan ere bigarren zatian jokatu zuen Asier Llamasek. Armeniako selekzioak ezer gutxi egin ahal izan zuen, Espainia gailendu baitzitzaion, 8-1. Asier Llamas maila handian aritu da.
Mendi lasteketetan, 50 orduz jarraian 50 igoera mendi puntara. Trikutrail taldeak erronka bete du: urriaren 5ean Etxarri Aranatzen jokatuko den 50. Mendira Joan Etorria omentzea, "gustatzen zaiguna egiten, mendian korrika egiten, alegia". 50 txandak martxa onean joan ziren, giro ederrean. Urriaren 5ean 50. edizio beteko ditu Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriak. Urteurren biribila kontuan hartuta, Trikutrail taldeak horrenbeste urtetan proba antolatu duen Udaberri elkartea, boluntarioak eta 1975 urtean apustua eta lehen edizioa egin zuten Patxi Uizi Oiarbide, Felix Igoa Mozo eta Angel Mari Agirre omendu nahi izan zituen. Horretarako, "50 urte, 50 ordu, 50 igoera" omenaldi herrikoia antolatu zuten asteburuan. Mendira Joan Etorrian Etxarriko portutik mendi puntara igotzen denez, 50 aldiz jarrian igo zen Hartzabaletik gertu dagoen mendi puntara. Ostiralean 11:00etan abiatu ziren, lehengo txandan, Ander Unzurrunzaga eta David Caballe. Ordutik, beste 49 txanda igo ziren mendi puntaraino. Txanda aldaketak Jeingenekoako bordan egin ziren. Azken txanda bereziena izan zen. Igandean 12:00etan abiatu zen, aurpegi ezagunekin. Etxarriarrez gain, 28 edizio egin dituen Jose Antonio Salgado, sarritan garaile izandako Fernando Etxegarai, urtero parte hartzen duten Txurregiko korrikalariak eta beste zeuden. Trikutrailekoak oso pozik daude. "Ekimena primeran joan da, giro polita egon da. Oso sentsazio onarekin bukatu dugu asteburua. Lan gehiegi ez zen, baina ordu asko egon beharra zegoen. Eguraldiak errespetatu du, eta gauez aritu den jendea oso gustura egon da, goialdean behean baino tenperatura hobea omen zegoelako. Oso zapore ona dugu, jende askok parte hartu duelako eta oso giro ona egon zelako" azaldu du Igor Artiedak. Gehienak etxarriarrak ziren, "baina Sakanako beste herrietatik eta kanpotik hurbildu zen jendea baita ere. Uste dugu Mendira Joan Etorriaren 50. Urteurrenari begira herria eta giroa aktibatu ditugula". Jeingenekoaren bordara jende dezente hurbildu zen. "Nagusienek lehenengo urteetako kontu zaharrak kontatzen zituzten; gauza asko ikasi ditugu". Trikutrailekoek esker oneko hitzak dituzte Mendira Joan Etorriko antolatzaileendako. "Gustatzen zaiguna egiten egin diegu omenaldia, mendian korrika, alegia". Denak urriaren 5era begira jarri dira, 50. Mendira Joan Etorrira, hain zuzen ere.
Futbolean, Altsasuk berdinketarekin ekin dio liga berriari. Emakumezkoen hirugarren maila. Lehen jardunaldia: Altsasu 3 – Lourdes 3. Emakumezkoen hirugarren mailari ekin dio Altsasuk. Ligako lehen jardunaldian, Altsasuk Tuterako Lourdes taldea hartu zuen igande eguerdian. Lehia oso borrokatuan, Lourdes ordu laurdenera aurreratu zen, baina berehala bana berdindu zuen Mulierretik Altsasura joan den Laida Garziandia lakuntzarrak, eta eta 9 minutu beranduago Garziandia berak 2-1 aurreratu zuen Altsasu. Atsedenaldira joan baino lehen hirugarren gola sartu zuen Alicia Elizaldek. Bigarren zatian, ordea, Lourdesek ongi erantzun zuen. 57. minutuan 3-2 hurbildu ziren Erriberakoak, eta 67. minutuan berdinketaren gola sartu zuten. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen eta hirunako berdinketarekin despeditu zen lehia. Mulier da hirugarren mailako lehen liderra (3 puntu). Altsasu seigarren da, puntu batekin. Hain zuzen ere, Altsasuk irailaren 28an, 16:00etan, Mulier taldea izango du aurkari, Salestarren Sarriguren instalazioetan.
Futbolean, Altsasuren denboraldiko lehen garaipena. Preferente mailako 1. multzoa. Bigarren jardunaldia: Altsasu 1- Amigo 0. Preferente mailako Altsasuk Amigo taldea hartu zuen larunbat arratsaldean Dantzalekun. Beroa, ekaitza, euria eta denetatik izan zuen partidan Altsasuk Amigo izan zuen aurkari. Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren partida guztian barna, baina ez zuten kontrako atea zulatzen. Partida husnako berdinketarekin despedituko zela zirudienean, 90. minutuan Unai Calvok Amigoren atea zulatu zuen eta 1-0 gailendu zen Altsasu, denboraldiko lehen garaipena eta lehen hiru puntuak lortuta. Sailkapenean, San Jorge da liderra (6 puntu). Altsasu zortzigarren da (3 puntu). Hirugarren jardunaldian Altsasuk Ripagainan jokatuko du uztailaren 27an, 17:45ean, sailkapenean seigarren den Burlades B taldearen kontra.
Futbolean, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak garaipenarekin hasi dute denboraldia. Etxarrik Arga Ibaia hartu zuen eta Lagun Arteak San Jorge B bisitatu zuen. Etxarri Arantzek Arga Ibaia taldea hartu zuen irailaren 20an San Donaton. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak. 11. minutuan Urtzi Nazabalek Etxarriren markagailua mustu zuen, eta Aimar Ijurrak bigarrena sartu zuen 28. minutuan. Bigarren zatiaren ondoren Etxarri Aranatzen nagusitasunak jarraitu zuen. Urtzi Nazabalek beste bi gol sartu zituen, hat trick-a, eta Jon Erdoziak egindakoarekin azkenean Etxarri Aranatzek 5-0 irabazi zuen, eta erregional mailako bosgarren multzoko lider jarri zen. Lagun Arteak Iruñean jokatu zuen irailaren 21ean, arratsaldez, San Jorge B taldearen kontra. Bi taldeek borroka estua izan zuten lehen zatian, eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren. Bigarren zatia hasi eta berehala Sael Ozoriak lakuntzarren markagailua mustu zuen. Lagun Arteak erasoan jarraitu zuen, eta Ander Cocerak bigarrena lortu zuen 70. minutuan. Partida despeditzeko 5 minuturen faltan, Ander Agirrek hirugarren gola sartu zuen, eta 0-3ko garaipenarekin eta hiru puntu gozorekin bueltatu ziren lakuntzarrak. Sailkapenean, Etxarri Aranatz liderra da (3 puntu) eta Lagun Artea laugarren (3 puntu). Bigarren jardunaldian, Etxarri Aranatzek Beloso izango du aurkari irailaren 27an, 18:30ean, Amayan. Lagun Arteak Valle de Egues C taldea hartuko du Zelai Berrin, irailaren 27an, 16:30ean.
Pilotan, Esperimentua ongi atera da. Altunak eta Ezkurdiak Zabala eta Zabaleta mendean hartu zituzten San Mateo Torneoan eta Artola eta Salaberri dituzte aurkari irailaren 26an. Ezkurdia atzelari gisa mustu zen Logroñoko sanmateotan. Aurrelari arbizuarrak ez zuen erronka makala, baina Altunaren ezinbesteko laguntzarekin bi pilotariak ezin hobeto aritu ziren Zabala errioxarraren eta Zabaleta jotzaile handiaren kontra. Partidak ikusmin handia piztu zuen. Adarragako ikusle gehienak Zabalaren alde atera ziren, jakina, baina Altunak eta Ezkurdiak sendo ekin zioten partidari, bikote ederra osatzen dutela erakutsiz. Ezkurdia sendo ageri zen atzeko koadroetan, Zabaleta jotzaile handiari aurre eginez. Eta hasieratik aldea ateratzen hasi ziren, 4-1. Zabalak eta Zabaletak ez zuten etsi, eta zortzina berdindu zuten. Baina hortik aurrera hasi zen Altunaren eta Ezkurdiaren erakustaldia. Tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi, eta Adarraga isilarazi zuten. 17-11 aurreratu ziren gorriak, takada ederrean. Azkenean, 22-15 irabazi zuten, eta San Mateo torneorako kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi zuten Altunak eta Ezkurdiak. Seitik jokatu zuen Ezkurdiak. Altunak pilota zikin asko kendu zizkion Ezkurdiari, eta arbizuarra bolea ikusgarriekin eta zuen guztiarekin defendatu zen. Zabaleta, aurrean hiru pilotari zituela, ez zen eroso egon, eta Zabalak bere onetik aterata eta eskuin eskua gaizki bukatu zuen. Elordik hartuko du bere tokia. Hurrena. Altunak eta Ezkurdiak Artola eta Salaberri izanen dituzte aurkari San Mateo Torneoan. Partida irailaren 26an jokatuko da, 21:00etan.
Areto futbolean, Altsasu eta Aralar Mendi, hirugarren mailarako prest. Altsasuk Betelun jokatuko du, eta Aralar Mendiri atseden jardunaldia dagokio. Hirugarren mailako 2025/2026 denboraldia asteburuan hasiko da. Lehen maila autonomikotik igo eta gero, Altsasuk kategoria berria mustuko du. Betelu Futbol Taldea Grupo Wisco izango da bere lehen aurkaria, irailaren 26an, 19:30ean, Beteluko kiroldegian jokatuko den partidan. Aldiz, Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak atseden jardunaldiarekin hasiko du liga. Sakanako bi taldeez gain, Ribera de Navarra, Burlata, Mendialdea, San Juan, Garbayo Chivite Cintruenigo, Ardoi, Kirol Sport, Ibararte, Universidad de Navarra eta Gazte Berriak Antsoain izango dira ligan jokatuko duten taldeek. Emakumeak, beranduago.
Emakumeen lehen maila autonomikoko 2025/2026 liga urriko lehen asteburuan hasiko da. Irurtzungo Xota klubak bi talde atera ditu, Xota A eta Xota B. Haiekin batera, Mendialdea A, Mendialdea B, San Miguel, Azkoien, Txantrea B eta Lacturale Orvina lehiatuko dira ligan. Xota A taldeak Larragako San Miguel hartuko du urriaren 4an, 17:00etan, Irurtzunen, eta Xota B taldeak Azkoien izango du aurkari urriaren 5ean 12:00etan Irurtzunen jokatuko den partidan.
Areto futbolean, Hiru talde sakandar lehen maila autonomikoan. Arbizu, Altsasu eta Xota taldeek asteburuan ekingo diote ligari. Hirugarren mailarekin batera jarriko da abian lehen maila autonomikoa. Hiru talde sakandar lehiatuko dira bertan. Arbizu Kirol Taldeak Universidad de Navarra hartuko du asteburuan Arbizu kiroldegian. Xotak Cantera izango du aurkari irailaren 27an 17:00etan Cascanten jokatuko den partidan. Eta Altsasuk Instalaciones Los Sauces taldeari ongi etorria egingo dio irailaren 28an, 11:00etan, Zelandin. Guztira hamabi taldek hartuko dute parte lehen maila autonomikoan. Sakandarrez gain, ondokoek: Anaitasuna, Cantera, Olite, Ibararte, Mendialdea, Universidad de Navarra, Gazte Berriak Antsoain, Instalaciones Los Sauces eta Vulcanizados Ruiz Tafa.