Eguneko albisteak

2025eko irailak 25

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 25a

Albisteak, 


Ariketa fisikoa egiteko gonbidapena 65 urtetik gorako Arbizuarrendako.  Ohitura ez dutenendako ikastaroa izanen da. Ibarreko beste herrietan egiten den eta harrera positiboa duen programa Arbizura iritsiko da. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak 65 urtetik gorako arbizuarrei zuzendutako eskaintza antolatu nahi du. Deialdia 65 urte baino gehiago izan eta normalean ariketa fisikoa egiten ez dutenei zuzenduta dago. Modu autonomoan ibili eta eguneroko jarduera gehienak egiteko gai diren pertsonek izanen dute aukera izena emateko. Ibarreko beste herrietan egiten den eta harrera positiboa duen programa Arbizura iritsiko da. Eskaintza horren berri emateko bilera irekia izanen da eskola zaharrean gaur, osteguna, 18:00etan. 

Emakumeak ahalduntzeko Altsasuko guneak udazkeneko eskaintza aurkeztu du. Altsasuko Udaleko Berdintasun Arloak, mugimendu feministako kideekin elkarlanean, EMAI Emakumeen Ahalduntzerako Gunea izeneko programa jarri zuen martxan joan den urtean. Besteak beste, emakumeen partaidetza soziopolitikoa indartzeko, eta emakumeen jabetze eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa lortzeko tresnak eta baliabideak eskaintzeko. 

Merkataritzaren gaitasun digitalak hobetzeko ikastaroa. Cederna Garalurrek antolatutako prestakuntza da eta izen-ematea irekia dago. Negozio baten ardura duten pertsonen gaitasun digitalak indartzeko helburuarekin, Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzu Sareak doako prestakuntza eskainiko die Sakanako merkatariei. Cederna Garalur elkarteak jakinarazi duenez, dendariek bi arlotan trebatzeko aukera izanen dute. Alde batetik, eduki digitala sortzen. Saio horietan bezeroekin konektatuko duten testuak, irudiak eta bideoak sortzen ikasiko dute. Eta, bestetik, Meta eta Google Business erabiltzen ikasiko dute. Tresna horiek dendarien negozioaren ikusgaitasuna sare sozialetan eta bilatzaileetan hobetzen dute. Sakanako saioak Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen dira lastailaren 14, 15 eta 16an, asteartetik ostegunera, 14:30etik 16:30era. Aurreneko bi egunetan eduki sortzeko moduez ariko dira, atzenekoan, berriz, bi tresnez.

 

Kirolak, 


Futbolean, Unai Zubiria, Nafarroako afizionatuen selekzioarekin. UEFA-ko Eskualdeen Kopa prestatzeko kontzentratu dira, Subizan. Nafarroako gizonezko afizionatuen selekzioa martxan dago. Helburua bi urtetik behin jokatzen den UEFA-ko Eskualdeen Kopa prestatzea da. Jaime Sanchez hautatzaileak 26 jokalari deitu ditu, eta tartean aurten Izarrak (hirugarren maila) fitxatu duen Unai Zubiria Gartziandia aurrelari lakuntzarra dago, aurretik hirugarren mailako Noaingo Bidezarran jokatzen zuen jokalaria. Berarekin batera, Unai Martinez, Iñaki Berrueta, Yano Acin, Hodei Buldain, Xabier Arrieta, Daniel Perez, Alejandro Cacho, Lamin Darboe, Francisco Javier Urdanoz, Mikel Casado, Mikel Contin, Julen Etxeberria, Aitor Macho, Ander Oses, Ander Cubillas, Alvaro Velaz, Hodei Urriza Sergio Amadoz, Aitor Navarro, Jaime Gil, Sergio Agudo, Alvaro Pardos, Oscar Leon, Samuel Sanchez eta Hector Goñi jokalariak hautatu zituen Jaime Sanches selekzionatzaileak. Nafarroako afizionatuen selekzioak irailaren 24an entrenamendu eta kontzentrazio saioa egin zuten Sotoburun (Subizan). UEFA-ko Eskualdeen Kopako lehen fasea azaroaren 28titik 30era jokatuko da, eta bertatik aterako da 2027ko udan jokatuko den txapelketako azken fasean Espainia ordezkatuko duen taldea. Lehen fase hori prestatzeko lagun arteko bi partida jokatuko ditu Nafarroako selekzioak, oraindik zehaztu ez diren data eta arerioen kontra. UEFA-ko Eskualdeen Kopako azken bi edizioak Espainiak irabazi ditu. 2025Ean Aragoik irabazi zuen, eta 2023an Galizak. 


Txirrindularitzan, Sheyla Gutierrezen erorikoa Irurtzunen. Ihabarren bizi den txirrindularia entrenatzen ari zen. Ihabarren bizi den Movistar taldeko Sheyla Gutierrez txirrindulari errioxarrak eroriko larria izan zuen Irurtzun parean entrenatzen ari zela, kattagorri txuri bat bere ibilbidean gurutzatu eta hura ekiditen saiatu zenean. Kaskoa apurtu, eta kokotsean kolpe gogorra hartu zuen, eta hainbat hortza apurtu zitzaizkion. Ongi osatzen ari da.