Eguneko albisteak

2025eko irailak 26

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 26a

Albisteak,

Atakondoako Haur Hezkuntzako guraso talde bat Hezkuntza Departamentuarekin haserre. Gela batean 3 urteko 24 haur tutore bakarrarekin daudela salatu dute. 3 urteko D ereduko haurren ongizatea ziurtatu, kalitatezko ikaskuntza prozesua bermatu eta aniztasunari erantzun egokia eman ahal izateko, haurrak bi gelatan banatzea exijitu dute.Atakondoa ikastetxeko Haur Hezkuntzako (HH)1. mailako D ereduko ikasleen gurasoek jakinarazi dutenez, ikasturte hasieratik 3 urteko gelan 24 haur daude tutore bakarrarekin. Azaldu dutenez, "iraila baino lehen eta eskolako plantilla osatu aurretik, Hezkuntza Departamentuak bazekien epez kanpo haur baten matrikula zegoela. Lau eguneko epeagatik ez da D ereduko 3 urteko taldea bi gelatan banatu".Gurasoek azaldu dutenez, "Atakondoa eskolan HHko etapan azpiegitura aproposa dago taldea bitan banatzeko. Baina talde bakarrean daudenez, 24 haur gela batean egoteko espazioa oso txikia da, eta bi espazio erabili beharrean daude. Baina erreferentziazko pertsona bakarra denez, bi espazio ezberdin gainbegiratu behar izatea ezinezkoa suertatzen da". Gurasoek galdetu dute: "egunen batean zerbait larria gertatuz gero, norena izanen da ardura? Hezkuntza Departamentuarena? Izan ere, 3 urteko talde horren errealitatea ezagututa, ezin zaio horrelako ardura tutore bakar bati egotzi". Argudioak. Gurasoek azpimarratu dutenez, "gaur egun HHko ratioa 23 haurrekoa da eta, berriki, ratioak 20ra jaistea hitzartu da. Horrek agerian uzten du azken ekintzak irudi bat baino ez dutela bilatzen, ikasleen eta hezkuntza-taldearen beharrei benetan heldu gabe". Haien iritziz departamentuari "haurren ongizatea eta osasuna baino, matrikulazio datak eta aspektu ekonomikoa inporta zaizkio bakarrik". Legediari erreparatuz, gogorarazi dutenez, "61/2022 Foru Dekretuan, Ekainaren 1ekoan, Haur Hezkuntzako xede gisa ikasleak beren garapen integral nahiz harmoniatsuan laguntzea aipatzen da. Baina halako ratioarekin ezinezkoa suertatzen da tutore bakarrak 3 urteko haurren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egokia eta gertukoa egitea. Are gehiago, alergia kasuak, euskara ulertzen ez duten haurrak, inoiz eskolaratuak ez diren haurrak, fardela behar dutenak, kultura eta ohitura desberdinak dituztenak, eta abar gela berdinean elkartzen direnean".Gaineratu dutenez, "dekretu horren 13. artikuluan, hezkuntza jarduera haur bakoitzaren ezaugarri, behar, interes eta estilo kognitibora moldatuko dela aipatzen da". Horren harira galderak egin dituzte: akaso posiblea al da eskolan hasi berriak diren 3 urteko 24 haur ongi ezagutzea? Eta beren behar, interes eta kogniziora moldatzea proposamenak? Akaso uste duzue erreferentziazko tutore batek hori egin dezakeela aparteko laguntzarik gabe? Ba, aldez aurretik esanen dizuegu hori ezinezkoa dela". Horregatik eskatu dute "hezkuntzako ordezkariren bat eskolara etortzea eta gure seme alaben egoera behatzea". Legedian aipatzen den haurtzaroaren kultura errespetatzeari, hezkuntza inklusioari eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala aplikatzeari toki garrantzitsua horrela ezin dela eman ziurtatu dute. Halako talde zabal batekin legean jasotako kalitatezko hezkuntza inklusiboa ez dela betetzen nabarmendu dute. "Izan ere, HHko lehen urteek haurren garapenean izugarrizko garrantzia dute eta ratio horrek ez ditu ez ikasleen eskubideak, ezta HHko lehen urteetan horren garrantzitsua den haurren kalitatezko garapena bermatzen".  Egoera horri irtenbidea lehenbailehen ematea exijitu dute. 

Lakuntzako Elai Alai dantza taldeak izen ematea zabalik du. 5 urtetik gorako dantzari berrien izen ematea irailaren 30era arte luzatu dute. elaialaikuntza@gmail.com helbidea eskura jarri dute. 

 

Kirolak, 


Txirrindularitzan, Iker Gomez, Mundialetan lanera. Gaur, irailaren 26, 23 urtez azpiko errepideko proban parte hartuko du altsasuarrak. Teledeporten ikusi ahal izango da. Irailaren 28ra arte jokatzen ari dira, Kigalin (Ruanda), Munduko Txirrindularitza Txapelketak. 23 urtez azpiko selekzioko hautatzaile Pascual Orengok prestatutako seikotean dago Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Finisher). Hector Alvarez, Adrià Pericas, Paul Marti, Unai Ramos eta Samuel Fernandez izango ditu taldekide. Gaur, irailak 26, jokatuko den errepideko lasterketan parte hartuko dute (164,4 km, 3.350 m desnibel +), eta Kigaliko zirkuituari hamaika itzuli egingo dizkiote. Lasterketa 12:00etan hasiko da eta Teledeportek zuzenean eskainiko du 14:40tik aurrera. Helmugaratzea 16:25ean izango dela aurreikusten da. Kern Pharma talde profesionalarekin stagiaire gisa ari zela Britainiako Tourreko erorikotik osatu da Gomez, eta Mundialetako esperientzia probestu nahi du, “ikasi eta disfrutatu”. Maila “mundiala” izango dela dio. 


Txirrindularitzan, Albiste txarra Euskaltelendako: 2026an ezingo du Vueltaren gonbidapenik jaso. Jorge Azanzak gidatzen duen talde laranja UCI Rankingeko 33. postuan dago, hiru itzuli handien gonbidapena jasotzeko aukeratik kanpo. Txirrindularitza lasterketa gogorrena UCI Rankingeko postuena da, zalantzarik gabe. Hiru urtean behin taldeek lortzen diren puntuen arabera (lasterketetan lortutako emaitza eta postuen arabera lortzen dira puntu horiek) gorago edo beherago geratzen dira taldeak, eta horren arabera erabakitzen da talde batek UCI Pro Tour edo UCI Pro Team mailan jokatuko duen. Gainera, UCI Pro Team edo bigarren mailakoen artean, lortutako puntuen arabera ezingo da itzuli nagusien gonbidapenik jaso, eta, tamalez, hori izan da Euskaltel Euskadiri gertatu zaiona. Jorge Azanzak gidatzen duen Euskaltel Euskadi taldeak helburu argia zuen aurtengo denboraldirako: UCI Rankingean lehen 30 postuetan egotea. Horretarako talde laranjak aldaketa handiak egin zituen: fundazioko patronatuko zuzendaritza berritu zuen, txirrindulari berriak fitxatu, kirol zuzendari berriak fitxatu, tartean Pablo Urtasun urdiaindarra... Oso gogotsu hasi zen talde laranja. Denboraldia ez da oraindik bukatu, baina Euskaltel-Euskadik ez du xedea lortu, 33. postuan dagoelako, 1.294 puntuekin. Pro Team mailan hamasei talde daude.Kontua da, UCI Rankingeko puntuazioak zehazten duela talde hauek World Tour mailako probetan parte hartzeko gonbidapenak jasoko ahal dituzten ala ez. Lehen hiru postuetan dauden taldeek 2026ko World Tour mailako proba guztietarako gonbidatuta daude, laugarren eta hamaikagarren postuetan arteko taldeek ez dute bermatutako gonbidapena, baina gonbidapena jasotzeko zerrendan daude. Hamabigarren eta hamaseigarren arteko postuan dauden taldeak, aldiz, World Tour mailako hiru itzuli handietan (Tourra, Giroa eta Vuelta) aritzeko gonbidapena ezin dute jaso, baina World Tour mailako bestelako lasterketetan aritzeko gonbidapena jaso dezakete. Gauzak horrela, Euskaltel-Euskadi, UCIko Rankingeko 33. postuan eta Pro Team mailako hamahirugarren postuan dagoenez, (1.294 puntu) ezingo du 2026an itzuli handietan parte hartzeko gonbidapenik jaso. Beraz, Vueltako gonbidatugaien zerrendan ezingo da egon. Kolpe latza da talde laranjarendako, baina dena ez dago galdua, World Tour mailako beste proba batzuetan gonbidatuak izateko aukera izaten jarraituko dezaketelako, Itzulia edo Kataluniako Volta, esaterako. 

Aizkoran, Mitxelena, Nafarroako zilarrezko txapelduna. Altsasuarrak Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapela irabazi du, Iban Resanoren eta Aritz Oiarbideren aurretik. Mitxelenak eta Resanok 2026an lehen mailan jokatuko dute. Igandean Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako final handia jokatu zen Uharte Iruñeko Toki-Alai frontoian. Bertan abuztuaren 14an Donamariako kanporaketan sailkatu ziren lehen bost aizkolariak lehiatu ziren: Aritz Oiarbide etxarriarra, Iban Resano dorrobarra, Oier Mitxelena altsasuarra, Jesus Etxeberria eta Patxi Igoa.Final oso estua aurreikusten zen, kanporaketan lehendabiziko lau aizkolariak 15 segundoko tartean aritu zirelako, eta hala izan zen. Kanporaketarekin alderatuta, lan bikoitza egin beharra zegoen finalean: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitzea. Final estu bezain ikusgarrian, Oier Mitxelena izan zen azkarrena (18:01), behetik gora eginez, Iban Resanori 36 segundo aterata (18:37). Aritz Oiarbide etxarriarrak minutu bat gehiago behar izan zuen lanak bukatzeko (19:02). Alde gehiagorekin, laugarren Jesus Etxeberria sailkatu zen (21:40), eta bosgarren Patxi Igoa (22:27). Oier Mitxelena eta Iban Resano mailaz igo, eta 2026an Nafarroako lehen mailan lehiatuko dira.Oier Mitxelena kontentu dago egindakoarekin. "Finala ongi joan zen. Aurreneko bi enborrak onak ziren, eta hasieran gainontzekoei segitzea, hori zen asmoa" azaldu du txapeldunak. Mitxelena, Resano eta Oiarbide parez pare aritu ziren hasieratik, eta Etxeberria eta Igoa atzerago geratu ziren. "Resanorekin eta Oiarbiderekin parean joan ginen denbora guztian, agian aurrerago, baina diferentzia askorik gabe" nabarmendu du. Azken enborrean. Mitxelenak azkeneko bi egurretan atera zuen aldea. "Azkeneko bi enborrak hobexeagoak zirenez, hor dena eman nuen eta orduan atera nuen abantaila".Denboraldi bikaina egin du altsasuarrak. Euskadiko III. Mailako Aizkora Txapelketan txapeldunordea izan zen Aitzol Atutxaren atzetik, eta Euskadiko II. Mailara igotzeko txartela lortu zuen. Nafarroako II. Mailako Txapelketa zen bere beste helburu nagusia, eta txapela janztea lortu du. Pozik dago. "Orain entrenatzen jarraituko dut, baina lasai hartuta. Eta datorren denboraldirako betiko martxan hasiko naiz". 

Atletismoan, Ergoienako Bira, ziztu bizian. Asier Gutierrez eta Maider Razkin izan ziren azkarrenak XIX. Ergoienako Biran. Haizeak berez gogorra den proba are gehiago zaildu zuen, baina, hala ere, korrikalariek probaren edertasuna nabarmendu zuten. Lizarragak hartu zuen XIX. Ergoienako Bira. Lasterketa Sakanako Koparako baliagarria zen. Proba nagusian (6,5 km) 32 korrikalarik hartu zuten parte, eta hura bukatuta kategoria txikiko bi lasterketa jokatu ziren. Helduen proba hasi baino lehen haizeak gogotik jotzen zuen, eta hala izan zen lasterketa guztian barna, berez gorabeheratsua den lasterketa are gehiago zailduz. Korrikalariek Dorraora eta Unanura jo zuten, han buelta hartu eta berriro bi herrietatik pasa ziren, Lizarragako helmugara heltzeko. Asier Gutierrez, alde handiz. Asier Gutierrez Garcia iruindarra ia orrazkera desegin gabe iritsi zen Lizarragara, alde handiz gailenduta (32:44). "Bakarrik joan naiz, baina azkenean sufritu dut. Aspalditik parte hartzen dut Ergoienako Biran, txikia nintzela aitarekin batera korritzen nuen proba nagusia. Iaz Aritz Etxeberriarekin parte hartu nuen, eta bere atzetik bigarren sartu nintzen. Aurten Aritz ez da etorri, eta irabaztea lortu dut (kar-kar)" egin zuen txantxa. Ergoienako Bira "lasterketa oso polita da, gustuko dut. Giro polita egoten da". Proba "gogorra" dela aitortu zuen. "Motza da, baina ez dago laua den tarterik. Une oro aldapa gora eta behera... baina lasterketa atsegina da, ahal dudan guztietan etortzen saiatzen naiz. Gainera, neskalaguna altsasuarra da, hona etortzeko arrazoi gehiago". Mamuxarroen katola jaso zuen sari. "Egongelan jarriko dut". Aimar Lizarraga, amaren herrian. Asier Gutierrezen atzetik, ia 3 minutura Aimar Lizarraga Munarriz (35:24) eta Andoni Goikoetxea Triana ( 35:26) etxarriarrak sartu ziren. Aimarrek ama Lizarragakoa du, eta txalo artean sartu ziren bi lagunak. Etxarriarrak bigarren izan zela ezin zuen sinetsi. "Txikitan Ergoienako Biran aritzen nintzen, baina helduen proban parte hartu dudan lehendabiziko aldia izan da aurtengoa. Andoni lagunarekin animatu ginen, eta ahal dena egitera atera gara. Zintzoki, ez dakit bigarren postu hori nola egin dudan ere". Lasterketaren gogortasuna nabarmendu zuen. "Lasterketa gorabeheratsua da. Aldapa horiek... Zailena lehendabiziko aldapa izan da, argi eta garbi. Hasi eta, berehala, sekulako malda. Haizeak jotzen zuen, eskerrak haize epela zela; gogorra izan da". Asier Gutierrez "ikusgarri" aritu zela nabarmendu zuen Lizarragak. "Bera harrapatzea ezinezkoa zen. Gu oso pozik gaude bigarren eta hirugarren izan garelako". Errepikatuko duen galdetuta, ez du oso argi. "Ikusiko dugu". Maider Razkin, gurasoen omenez.Maider Razkin Marinek irabazi zuen emakumezkoetan (43:53), Leire Igea Redradoren (44:23:00) eta Erkuden San Martin Gonzalez de la Rota etxarriarraren aurretik (45:40). Maider Razkin Iruñean bizi da, baina ergoendar peto-petoa da. "Aittuna Dorraukoa da, eta amiña Unanukoa" azaldu zuen bere seme txikiak. Lehendabiziko aldia zen Ergoienako Biran aritzen zela. "Gurasoak bertakoak izanda, beti nahi nuen, eta aurten erabaki dut etorri beharra nuela". Animatu, eta irabazi. "Sorpresa izan da. Ez nuen espero, inondik inora. Lasterketa polita iruditu zait, baina oso gogorra" argi utzi nahi izan du. "Hasi eta berehala aldapa handia zegoen, eta aldaparik ez zegoenean haizea kontra nuen". Hirian korrika egitera dago ohituta. "Horregatik Ergoienan aritzeko beldurra izan dut beti, aldapa gora eta behera ibiltzen den korrikalari horietakoa ez bainaiz. Baina oso polita izan da, eta jendeak asko animatzen du. Dorraon familia dugu, Unanun jende ezaguna... beraz, oso ongi, jendeak airean eraman nau. Oso pozik nago". Ergoienan errepikatzea ez du baztertzen, "baina gehiago entrenatuta". Unanuko katola opari bikaina iruditu zitzaion. "Amiñari oparitu behar diogu" argi zuen.

Atletismoan, 180 korrikalari espero dira XVII. Urbasa mendi lasterketan. Olaztiko probak ibilbide berria du. Korrikalari olaztiarren parte hartze errekorra apurtuko da. Sutegi klubak antolatutako Urbasa XVII. Mendi Lasterketa larunbatean 10:00etan abiatuko da Olaztiko plazatik. Urbasako paraje ederretan 16,4 km (800 m+) egin ondoren, plazara jaitsiko dira korrikalariak. Aurten ibilbide berria dute; Gazbide tumulua, Altsasuko portua, Bargagain, Altsasuko begiratokia, Larrakarte tumulua, Ikazkinen borda eta Urbasako begiratokitik pasatzen dena. Oso kontentu daude izena ematearekin. "180 korrikalari inguru egotea espero dugu, baina pozgarriena da horietatik hemeretzi olaztiarrak izango direla, asko berriki mendian korrika hasi diren gazteak. Korrikalari olaztiarren errekorra dugu, eta oso pozik gaude" azaldu du Fermin Zornozak. Korrikalariak mendira abiatu bezain pronto, txikienen lasterketak jokatuko dira Olaztiko plazan, eta haurrendako puzgarriak egongo dira. Korrikalariak helmugara iritsi ondoren sari ematea hasiko da. 

Pilotan, Goxua txapeldunak erabakiko dira Olaztin. Final handiak irailaren 26an jokatuko dira. Goxua taldeak Agustin San Miguel omenduko du. Gaur, ostirala, jokatuko dira Goxua Txapelketako finalak, 21:30ean. Goya-Zornozak eta Flores-Etxebestek 3. eta 4. postuak dituzte jokoan, eta Agirre-Kamuel eta Izagirre-Beloki txapelagatik lehiatuko dira. Gurmindok (Olazti) Espada (Agurain) du arerio, eta afizionatuen lau eta erdian Otxoa eta Igoa iritsi dira finalera. Bukaeran, Agustin San Miguel omenduko dute.