Eguneko albisteak

2025eko irailak 29

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 29a
Albisteak, 

 

Zuhatzun eta Satrustegin,  hainbat ondasun enkantean jarri dira. Lursailak eta eraikinak dira eta hiru lotetan banatuta salduko dituzte. Nafarroako Foru Ogasunak Zuhatzun eta Satrustegin dauden ondasun higiezin enbargatuak enkante bidez saltzea erabaki du. Ondasunak hiru lotetan banatu eta horiek enkantean jarri ditu. Hiru loteen balioa 81.730,14 eurokoa da. Eskaintzak aurkezteko epea lastailaren 9ko 18:00etan despedituko da. Aurreneko lotea Satrustegiko errotaren ondoan dauden bi lur sail dira, bakoitza herri bateko dermioan dagoena. Zuhatzukoa Ugaldeta parajean dago 26.118,53 m2-ko azalera du. Haren aldamenean, Satrustegiko Errotaburu parajean dagoen 2.861,45 m2-ko lursaila da lotea osatzen duen. Loteak 21.702,64 euro balio ditu. Bigarren lotea Zuhatzun dago eta eraikuntzez eta lursailez osatuta dago. Guztira 18.552,27 m2 egiten duten bi lursail, 1.012,13 m2-ko eraikuntza  bat, 19.564,39 m2-ko abeltegia eta beste horrenbesteko zoladura. Guztiaren balioa 40.751,55 euro dira. Atzeneko lotea, berriz, Satrustegin dago, Azekigaña parajean dauden hiru lursailez osatuta dago. Haien azalerak 24.927,23, 399,29 eta 413,05 m2-koak dira. Harengatik 19.275,95 euro eskatzen dira. 

Txistorraren eguneko pintxo lehiaketarako izen ematea zabalik Arbizun. Udaletxean egin behar da izen ematea. Arbizuko Udalak jakinarazi du dagoeneko Txistorraren Eguneko pintxo lehiaketan izena epea zabalik dagoela. Parte hartu nahi duenak udaletxean dagoen izen emateko orria bete beharko du. Udalak lehiaketa horretan sei parte hartzaile besterik ez ditu onartuko. Epaimahaiak pintxo onena zein den erabakiko du eta hura prestatu duenak 300 euroko saria eta txapela irabaziko ditu. Bide batez, Arbizuko Udalak gogorarazi du lastailaren 12ko ospakizuna behar bezala antola dadin arbizuarren auzolana ezinbestekoa dela. Izena eman nahi duenak udaletxera jo beharko du, bestela zinegotziren bati esan. Udalak eskatu du izen ematea lehenbailehen egiteko, lanak antolatzen hasteko. 

Sakana Group kooperatibak mende erdia ospatu du Lakuntzan.  Langileak, langile ohiak eta familiak lantegian izan ziren.  Sakana Groupek 50 urte bete dituela eta, urteurren ospakizuna egin zuen larunbatean, irailaren 27an. Langileak, langile ohiak eta familiak lantegira gonbidatu zituen, 500 pertsona baino gehiago. Lan prozesua erakutsi ondoren, ekitaldia egin zen eta hartan jubilatutako bazkideak omendu zituzten. Elai Alai dantza taldeko dantzariek aurreskua dantzatu zieten. Haurrendako jolasparkea izan zen, baita auzatea ere. 


Kirolak, 


Areto futbolean, Zapore gutxi duen berdinketa. Osasuna Magna Xotak bina berdindu zuen O Parruloren kontra Galizian jokatutako partidan. Lehen mailako ligako laugarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak O Parrulo izan zuen aurkari Ferrolen jokatutako partidan. Talde berdea bitan aurreratu zen, eta bitan berdintzea lortu zuen talde galiziarrak. Ion Cerviño irurtzundarrak sartu zuen lehen gola, falta ikusgarria jaurti eta gero. Gol aukera gehiago izan zituzten berdeek, baina kontraerasoan bana berdindu zuen O Parrulok. Bigarren zatian Osasuna Magna Xotak partidaren jabetza zuen, eta une horiek talde berdearen onenak izan ziren. Gol aukera nabarmenak huts egin zituzten, baina azkenean Mendiveren jaurtiketa sare barruan sartu zen eta 1-2 aurreratu ziren berdeak. O Parrulo erasora pasa zen eta atezain-jokalariarekin jokatu zuten. Zorigaiztoko errebote batek Dani Saldise jo, eta Xotaren ate barrura sartu zen baloia. Horrela, zapore mingotseko binakako berdinketarekin despeditu zen partida. Lehen mailako liderra Jimbee Cartagena da (10 puntu), Barçarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna Xota zazpigarren da (7 puntu). Bosgarren jardunaldian talde berdeak Noia Portus Apostoli talde galiziarra hartuko du, urriaren 3an, 20:00etan, Anaitasunan. 

Pilotan, Gaur Lau eta Erdiko Txapelketa aurkeztuko da. Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurkeztuko da kaiolako A Serieko eta B Serieko txapelketa, 12:00etan. Logroñoko San Mateo Torneoak udako torneoen akabera ekarri du. Hura bukatu bezain pronto, Lau eta Erdian murgilduko dira pilotariak. Txapelketa gaur, irailaren 29an, astelehenarekin aurkeztuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 12:00etan. 

Pilotan, Ezkurdia tente erori da sanmateotan. Altuna eta Ezkurdia oso fin ibili ziren San Mateo Torneoko finalean, baina azken txanpan Jakak eta Iztuetak 18-22 irabazi zieten. Ezkurdia primeran aritu zen atzean, baina azkenean Iztuetaren pilotakadak trabatu zitzaizkion. Nolanahi ere, txapelketa bikaina egin du arbizuarrakAsperen esperimentua, Ezkurdia atzelari jarri eta Altunarekin bikotea osatzearena, Logroñoko sanmateotako sorpresa politenetakoa izan da. Ezkurdiak maila oso ona eman du atzeko koadroetan, eta Altunaren laguntza ederrarekin bikoa San Mateo torneoko finaletara sailkatu zen Zabala-Zabaletari (22-15) eta Peña II.a-Salaverri II.ari (22-8) irabazi eta gero. Irailaren 28an, igandea, jokatutako finalean Altuna-Ezkurdiak Jaka eta Iztueta zituzten aurkari. Finala erritmo oso bizian jokatu zen, eta Ezkurdia primeran moldatu zen atzeko koadroetan. Nolanahi ere, lau pilotariak oso aurrean zirela jokatu zen finala. Altuna eta Ezkurdia, gorriak, aurreratu ziren hasieran, 5-1. Baina Jakak eta Iztuetak ongi erantzun zuten. Pilotakada ia guztiak ezker-horman gurutzatzen saiatu ziren, Ezkurdiaren boleak zailtzeko, eta hanketara jokatzen hasi ziren. Horrela, bosna berdindu zuten. Hortik aurrera partida izugarri gogortu zen eta gorabeherak izan ziren markagailuan, baina parekotasuna izan zen nagusi. 12-11 joan ziren lehen atsedenaldi luzera, eta hortik bueltan 12-16 aurreratu ziren Jaka eta Iztueta. Ezkurdiak ongi eutsi zion partidari, baina azken txanpan Iztuetak gora egin zuen, eta gorrien presioari ongi eutsi zion. Erik Jakak ere asko asmatu zuen, eta, azkenean, 18-22 gailendu ziren Jaka eta Iztueta. San Mateo trofeoaz gain, Iztuetak pilotari onenaren saria jaso zuen. Altuna eta Ezkurdia tente erori ziren; sanmateoetako sentsazioetako bat izan dira. 

Mendi lasterketetan, Aimar Larrea eta Maite Etxezarreta azkarrenak Olaztin. XVII. Olazagutia Urbasa mendi lasterketan Jon Gil lakuntzarra eta Izaskun Beunza olaztiarra izan ziren lehen sakandarrak. Etxezarretak Beunza Olaztiko helmugatik gertu gainditu zuen; segundo batera sailkatu zen olaztiarra. Eguraldi zoragarriarekin jokatu zen XVII. Olazagutia Urbasa Mendi Lasterketa (16,4 km, 850 m +). Ia 180 korrikalari zeuden izena emanda eta horietatik 151k lortu zuten proba gainditzea. Lasterketa bizi-bizi atera zen, eta 12. minuturako mendi gainera iritsi ziren korrikalariak. Aimar Larrea antzuolarra jarri zen aurrean hasieratik, eta hala mantendu zen. Ibilbide berria mustu zuen lasterketak: Gazbide tumulutik, Altsasuko portutik, Bargagaindik, Larrakarte tumulutik, ikazkiñen bordatik eta Urbasako begiratokitik pasa zen. Aimar Larrea iritsi zen lehena helmugara (1:22:03), Lekunberriko Iñigo Lasarteren (1:22:57) eta Gerog Paulmann alemaniarraren aurretik (1:23:46). Lehen sakandarra Jon Gil lakuntzarra izan zen, seigarren postuan (1:27:03). Emakumezkoetan lasterketa ia osoan Izaskun Beunza olaztiarra aurretik joan zen, baina Olaztira jaisterakoan, helmugatik oso gertu, Maite Etxezarretak aurreratu zuen eta Etxezarreta izan zen txapelduna (1:35:37). Izaskun Beunza bigarren sartu zen (1:35:46) eta Andrea Aristu olaztiarra hirugarren (1:45:52).