Eguneko albisteak

2025eko irailak 30

Guaixe Irratia 2025eko irailaren 30a

Albisteak, 


Uragatik Mank-i ordaintzeko garaia. Aurtengo hirugarren hiruhilekoari dagokiona da pagatu beharrekoa. Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko herritarrek Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuaren jakinarazpena jasoko dute, aurtengo hirugarren hiruhilekoari dagozkion ordainagiriak pagatzeko garaia iritsi baita. Ordainagiriak kontu korronteetan lastailaren 6an kargatuko ditu. Aldi berean, ibarreko erakundeak jakinarazi du irailaren 22tik aurrera jasotako aldaketak (kontu zenbakiak, katastroko aldaketak eta beste) hurrengo hiru hilean hartuko dituztela kontuan. 

Isterriak ikastoletako profesionalak trebatuko ditu.  Horretarako, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Nafarroako Ikastolen Federazioak hezkuntza-laguntza espezializatua bulkatzen duen hitzarmena sinatu dute. Aldeek hezkuntza-inklusioa eta aniztasunarekiko arreta hobetzeko konpromisoa hartu dute.Nafarroako Kutxa Fundazioak, Isterria Hezkuntza Bereziko Zentroaren bitartez, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako profesionalak prestatu eta aholkatuko ditu arreta espezializatua hobetzeko. Hori hala izateko lankidetza-hitzarmena sinatu dute fundazioak eta Nafarroako Ikastolen Federazioak. Elkarlanak eragin zuzena izango du ikasleengan, haien familiengan eta bi ikastoletako irakasleengan.Sinatutako akordioak Egiturentzako Laguntza Espezializatuko Zerbitzua (SAEE) ematea ezartzen du. Zerbitzu horri esker, Nafarroako Kutxa Fundazioaren Isterria Hezkuntza Bereziko Zentroak zentro arruntendako erreferentzia eta laguntza zentro gisa ariko, Hezkuntzari buruzko 3/2020 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian jasotakoaren ildotik.

LABek Kubarako osasun materiala biltzen ari da.  Altsasuko egoitzan eman daiteke. Lastailaren 15era arte iraunen du bilketak. LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du.LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpainaren bidez Kubako herriaren kontrako erasoak salatu eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatu nahi ditu. Sindikatuak Altsasuko bere egoitzan (San Joan 52, behea) honako produktuak jasoko ditu, baldin eta iraugipen data 2026an baldin badute: edozein sendagai mota (likidoak ez), sargaiak, xiringak, eskularruak, esparatrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene produktuak (pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak). 

Kirolak, 


Txirrindularitza, Igor Arrieta, Europako Txapelketetara, selekzioarekin. Urriaren 5eko lasterketan parte hartuko du, Juan Ayuso liderra laguntzen. Espainiako elite mailako Alejandro Valverde hautatzaileak atzo argitaratu zuen Europako Txapelketetan lehiatzeko hautatu dituen txirrindularien zerrenda. Europako Txapelketak urriaren 1etik 5era jokatuko dira, Drome-Ardechen. Gizonezkoen selekzioko seikotean Igor Arrieta txirrindulari uharte arakildarra dago, Juan Ayuso, Pablo Torres, Urko Berrade, Markel Beloki eta Abel Balderstonekin batera. Azken honek erlojupekoan parte hartuko du, urriaren 1ean (24 km). Europako Txapelketa Drome-Ardechen erabakiko da. Gizonezkoen eliteen lasterketa urriaren 5ean jokatuko da, 202,5 km ditu, eta 3.300 m desnibel +. Lasterketa gorabeheratsua da, Col du Moulin a Vent, Saint Romain-de-Lerpos eta Val d´Enfer (hirutan) igo beharko dituztelako. Juan Ayuso da liderra, eta hura laguntzeko talde sendoa sortu du Valverdek, orain arte UAE Emirates taldean taldekide duen Igor Arrieta dagoela. 


Txirrindularitza, Iker Gomez, Mundialetan bizitakoarekin kontentu. Txirrindulari altsasuarrarendako Ruandan bizitakoa “ahaztezina” izan da. Irailaren bukaeran Ruandan jokatutako Munduko Txapelketetan lehiatu zen Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra, gizonezkoen 23 urtez azpiko selekzioarekin. Errepideko lasterketan (164 km) lehiatu ziren, eta lan ederra egin zuen taldeak. Hector Alvarez laugarren sailkatu zen, Pau Marti seigarren eta Adria Pericas bederatzigarren, Top10ean. Iker gomez 56. sailkatu zen, 17:36ra. Munduko txapelduna Lorenzo Finn italiarra izan da.  Gomez oso eskertuta dago Pascual Orengo hautatzaileak emandako aukerarekin. “Nigan jarritako konfiantza eskertu nahi diot, federazioari baita ere”. Ruandan bizitakoa “esperientzia ahaztezina” dela nabarmendu du Gomezek bere sare sozialetan. Iker Gomez ez dago Europako Txapelketetarako 23 urtez azpiko selekzioko zerrendan. 

Pilotan, Martxan da Lau eta Erdiko Txapelketa. Joseba Ezkurdia eta Joanes Bakaikoa final zortzirenetan sartuko dira lehian, asteburuan. Egungo txapelduna, Unai Laso, ez da ariko. Sakea atzeratzeak zeresana piztu du. Irailaren 29an aurkeztu zuten Lau eta Erdiko Txapelketa, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bi mailatan jokatuko da, A Seriean eta B Seriean. Bi ordezkari sakandar izango ditugu, biak A Seriean lehiatuko direnak: Joseba Ezkurdia eta Joanes Bakaikoa. Haiekin batera beste hamar pilotari lehiatuko dira. Unai Lasok, egungo lau eta erdiko txapeldunak, ez du txapelketan parte hartuko, eskuin belaunezurreko lesioa ez baitu guztiz gainditu. Bestela, txapelketa asteburu honetan jokatuko diren final zortzirenekin hasiko da; urriaren 10etik 26ra final laurdenen ligaxka jokatuko da. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak sailkatuko dira finalerdietarako. Azaroaren 1ean eta 2an finalerdiak erabakiko dira, Donostian eta Gasteizen, eta hirugarren eta laugarren postuko partidak azaroaren 9an, oraindik zehaztu gabeko frontoian. Azkenik, final handia azaroaren 16an jokatuko dira, oraindik zehaztu ez den tokian. Sakandarrak, final zortzirenetan
Lau eta erdiko txapelketak azken hiru ekitaldietako sistema bera izango du. Ezkurdia eta Bakaikoa final zortzirenetan sartuko dira lehian. Ezkurdiak Elordi izango du aurkari urriaren 3an, Zallan (ETB1, 21:15). Irabazleek Jaka eta Peio Etxeberria dituzte zain final laurdenetako B multzoko ligaxkan. Bakaikoa Artolaren kontra lehiatuko da egun berean, urriaren 3an, Alegian, 19:30ean. Irabazleak final laurdenetako A multzoko ligaxkara egingo du aurrera, eta Altuna III.a eta Peña II.a izango ditu zain. Beste final zortzirenei dagokienez, Dariok Zabala izango du aurkari urriaren 4an, Sorian (ETB1, 17:30. Irabazlea A multzoko ligaxkara pasako da), eta Larrazabalek eta Zubizarreta III.ak urriaren 5ean jokatuko dute, Eibarren (ETB1, 21:15, irabazlea B multzoko ligaxkara pasako da). Sakea, koadro erdi atzera. Enpresen Ligak erabakita, sakea atzeratuko da: pilotariek lau eta erditik sakatu beharko dute lau eta erdian, koadro erdi atzeragotik. Erabakia “sakeari garrantzia kentzeko asmoz” hartu dutela arrazoitu zuten. Erabakiak zeresana piztu zuen. Pilotari batzuk kexu azaldu ziren, Jokin Altuna, esaterako. “Guk gure iritzia eman genien, eta ez digute kasu egin. Haiek erabaki dute, eta ezin dugu horren kontra ezer egin. Aldea dago, eta ikusiko dugu zer gertatzen den txapelketan”. Joseba Ezkurdiak ez luke sakea aldatuko. “Nik ez nuke aldatuko. Gauza gehiago daude begiratzeko. Adibidez, lau eta erdian askotan binakakoan baino pilota biziagoekin aritzen gara”. Beste pilotari batzuendako, Iñaki Artolarendako, esaterako, “ez da horren aldaketa handia”. Materiala, egunean bertan. Beste aldaketa bat da pilota aukeraketa partida hasi baino hiru ordu laurden lehenago egingo dela, finalean izan ezik. Erabakia pilotariak aste barruan gutxiago mugiarazteko hartu dute enpresek, eta pilotariek begi onez ikusi dute.