Albisteak,
Irurtzungo Udalak aparkalekuetarako lanak eman nahi ditu. Zinema zegoen tokian aparkalekua eginen du eta gaztetxokoaren ondoan dagoena egokitu. Irurtzungo Udalak autoak aparkatzeko tokiak egokitzeko bi lan eman nahi ditu. Lanek, guztira, 289.563,06 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Lanak bi lotetan banatu ditu udalak. Alde batetik, zinema hartu zuen tokia aparkaleku bihurtzeko 147.622,61 euro bideratu ditu. Eta, bestetik, 141.940,45 euro daude gaztetxoko ondoko aparkalekua egokitu eta haren irisgarritasuna hobetzeko. Kontratua eskuratzeko eskaintzak lastailaren 20ko 23:59ra arte aurkez daitezke. Esleipena eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu lanak egiteko. Aparkaleku berriaz. Zinema zaharra zegoen tokiak 665,79 m2-ko azalera du. Mendebaldean San Migel kalea du, ekialdean Gernika parkea eta aldeetara etxebizitza eraikinak. Irurtzungo Udalak han aparkalekua egin nahi du, inguruan dauden aparkatzeko arazoak txikitzeko. Ibilgailuendako sarbidea Artadia eta San Migel kaleen izkinan izanen da. Artadia kaleko etxebizitzei paraleloa den bide bat eginen da eta haren aldeetara autoek aparkatzeko plazak eginen dira. Bidea etxe dorrea eta parkea banatzen duen kalearekin bat eginen du eta ibilgailuak handik aterako dira. Aparkalekuak 33 autorendako tokia izanen da, haietako bat mugikortasun mugatua duten pertsonendako izanen da.
Altsasuko Kaixo jatetxearena Nafarroako entsaladillarik onena. «Ensalamiña» -k epaimahaia konkistatu zuen bere orekagatik, osagaien integrazioagatik, krematsua izateagatik eta ogia bustitzeko ona izateagatik. Altsasuko Kaixo jatetxeak irabazi du Nafarroako I. Entsaladilla Lehiaketa. Ensalamiña proposamenak eman dio saria, 1.000 euro. Jose Antonio Legarraren eta Maite Marcosen entsaladillaren orekagatik, osagaien integrazioa, bere krematsu izana eta ogia bustitzeko ona izatea baloratu dute. Lehiaketara 38 entsaladilla aurkeztu diren. Lehiaketa bi fasetan egin zen. Aurrenekoan, epaimahaiko 33 kide sei mahaitan banatu zituzten eta 38 entsaladillak modu anonimoan dastatu zituzten. Mahai bakoitzak finalista bat aukeratu zuen azken txandara pasatzeko, eta, horrela, sei proposamen lehiatu ziren saria irabazteko. Bigarren fasean Javier Diaz Zalduendo, Javier Azanza, Carlos Rodriguez, Gorka Aginaga, Jokin Ocaña, Fran Fernandez, Juan Flamarique, Peio Cruz eta Jorge Sauleda gastronomia kazetariek osatu zuten Nafarroako Entsaladarik Onena aukeratzeko ardura zuen epaimahai profesionala.Lehiaketa Hellmann's enpresak antolatu zuen, Nafarroako Ostalaritza Kooperatiba hornitzaile ofizial eta Bodegas Inurrieta eta Maestro Aceituneros-en babesle zirela. Nafarroa osoko 38 entsaladatxo proposamen aurkeztu ziren lehiaketara. Hellmann'seko Emilio Marcak eta Peio Cruzek eman zieten Kaixo elkarteko arduradunei saria.
Hiru zigor autobian zebilen gidariari Arruazu parean. Ibilgailuak ez zuen asegururik ezta IATrik, eta gidariak positiboa eman zuen kokainan. Foruzaingoak furgoneta bat geldiarazi zuen Sakanako Autobian (A-10), Arruazu parean. Altsasuko polizia etxeko patruila bat egiaztatu zuen furgonetak asegururik (1.500 euroko isuna) eta azterketa teknikorik (200 euro) ez zuela. Gainera, gidariari salaketa jarri zioten drogen eraginpean gidatzeagatik (1.000 euro eta gidabaimeneko 6 puntu galtzea), Argentinako gidabaimenaren truke agiria ez izateagatik (200 euro) eta ibilgailuaren dokumentazioa ez eramateagatik (60 euro). Gainera, ibilgailuak ere pneumatikoak zituen egoera txarrean (200 euro), eta zepo batekin ibilgetu dute gertakarien lekuan. Guztira isunetan 3.160 euro ordaindu beharko ditu gidariak.
Kirolak,
Atletismoan, Altsasuko ferietako Onddo Lasterketa, ate joka. Urriaren 18an jokatuko da, eta izena ematea zabalik dago. Altsasuko ferietako klasikoetako bat da Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatutako Onddo Lasterketa. Aurten hamaseigarren edizioa izango da eta urriaren 18an jokatuko da, 10:30ean plazatik abiatuta. Oinezko martxa 10:45ean hasiko da, eta txikienendako Eskola Arteko Krosa 12:00etan. Izena ematea zabalik dago Dantzaleku Sakanako webgunean.
Txirrindularitzan Luca Martinez, hiru garaipen jarraian. Lakuntzarrak zortzi garaipen lortu ditu aurtenLuca Martinez (Danena) lakuntzarra juniorren bere lehen urtea ikusgarri ixten ari da. Hiru lasterketa irabazi ditu jarraian, Tafallan –Manex Huarte (Ermitagaña) hirugarren izan zen–, Lukinen eta Obanosen. Aurretik beste bost garaipen ditu, Nafarroako txapelduna da, eta erlojupekoan, Espainiako eta Nafarroako hirugarrena. Txalotzekoa.
Txirrindularitzan Ekain Imazek junior mailari agur. Altsasuarrak Danenako taldekideak agurtu ditu. Ekain Imaz (Danena) altsasuarrak junior maila despeditu du. "Lorpenekin baino, Danenaken gure artean eratu den laguntasun eta oroitzapenekin geratzen naiz" azaldu du. 2025eko Nafarroako erlojupeko txapelduna dugu Ekain, Altsasuko Erramu Trofeoan eta Galarren garaipena lortu zuen, eta Espainiako Txapelketan laugarrena izan zen. Datorren urtean afizionatuetan tokia egin nahi du altsasuarrak.
Futbolean Mulierren kontra, ezin. Emakumezkoen hirugarren mailan punturik gabe itzuli zen Altsasu. Irailaren 28an emakumezkoen hirugarren mailako bigarren jardunaldia jokatu zuen Altsasuk Mulier talde ahaltsuaren kontra, salestarretan. Partida hasi eta ia konturatu gabe Mulier aurreratu zen. Altsasuk ez zuen etsi, eta Leire Estarriagak 27. minutuan bana berdintzea lortu zuen. Horrek arnasa eman zien altsasuarrei. Bigarren zatian, ordea, Mulierrek batuta hartu eta lau gol sartu zizkion Altsasuri. Sakandarrak Mulierren sareetan erori ziren eta 5-1 galduta itzuli ziren etxera. Hain zuzen ere Mulier taldea da hirugarren mailako liderra (6 puntu). Altsasu bederatzigarren da (puntu 1). Ligako hirugarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean hirugarren den Oberena taldea hartuko du urriaren 5ean, 15:30ean, Dantzalekun.
Futbolean, Altsasu, hiru puntu gozo zakura. Preferente mailako bigarren garaipena lortu du Altsasuk. Gizonezkoen preferente mailan, Altsasuk Ripagainan jokatu zuen, Burlades B taldearen kontra. Partida estu, borrokatu eta zoroan, Altsasu hiru aldiz aurreratu zen Julen Fores eta Unai Calvori (2) esker, baina 70. minutuan Burlades B-k hiruna berdindu zuen. Azken 20 minutuak oso borrokatuak izan ziren, eta partida puntu berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, 87. minutuan Armstrong Fahk garaipenaren gola sartu zuen, altsasuarren zorionerako. San Jorge da preferente mailako lehen mailako liderra (7 puntu) eta Altsasu bigarren postura igo da (6 puntu). Laugarren jardunaldian, Altsasuk sailkapenean hamargarren den Zirauki taldea hartuko du urriaren 4an, 18:30ean, Dantzalekun.
Futbolean Etxarriren eta Lagun Artearen gol festak segida du. Gizonezkoen erregional mailako bigarren jardunaldian garaipen sendoak lortu dituzte gure bi taldeek eta sailkapeneko lehen bi postuetan daude. Gizonezkoen erregional mailako bigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek Beloso izan zuen aurkari Amayan. Etxarri hasieratik nagusi izan zen: hamaikagarren minuturako bi gol sartu zituen Pello Altzelaik. Bigarren zatian joera berbera izan zuen partidak, eta Etxarrik bere gol kutxa handitu zuen, Ivan Cerezok sartutako bi golei esker. Horrela, 0-4 irabazita, erregional mailako lidergoan jarraitzen du Etxarrik. Lagun Arteak Valle de Egues C taldea hartu zuen irailaren 27an Zelai Berrin. Partida lehiatuan, 20. minuturako 2-0 aurreratu ziren lakuntzarrak Gorka Senarri eta Asier Artasori esker. Nahiz eta Egues 2-1 gerturatu, atsedenaldia baino lehen 3-1ekoa ezarri zuen Ander Cocerak Lagun Artearen alde. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina bukaera aldera Maurice Gomisek eta Gorka Egurzak Eguesen taldea zulatu zuten eta 5-1ekoarekin despeditu zen partida. Etxarri Aranatz da erregional mailako liderra (6 puntu) bigarren den Lagun Artearekin (6 puntu) puntutara berdinduta. Hirugarren jardunaldian, Etxarri Aranatzek Kirol Sport izango du aurkari, urriaren 5ean,17:30ean, Orkoienen. Urriaren 4an, 18:45ean, Lagun Arteak Beti Kozkor B izango du aurkari Lekunberriko Plazaola zelaian.