Eguneko albisteak

2025eko urriak 2

Guaixe Irratia 2025eko urriaren 2a

Albisteak, 


Sakanako Mankomunitateko bi lanpostu beteta.Oposizio lehiaketa murriztuaren bidez bete dira.Kalifikazio epaimahaien erabakiak jasota, Sakanako Mankomunitateak jakinarazi du bi lanpostu bete dituela. Alde batetik, Estibaliz Salinas Burillok administrari-ofizialaren lanpostua beteko du. Eta, bestetik, Begoña Zestau Baraibarrek gizarte-hezitzailearen lanpostua beteko du Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuan. 

Irurtzungo Udalak ez du zorrik.  Azken zorraren ordainketa aurreratu egin du. Irurtzungo Udalak berak erabiltzen duen bajeraren leasinga amortizatzea erabaki zuen irailaren 3ko bilkuran. Horretarako, diruzaintzako gerakina erabiliz, 13.000 euroko aurrekontu aldaketa egitea onartu zuen. Horren ondorioz, udalak aurten guztira leasingagatik 23.000 euro ordainduko ditu eta ez du kontzeptu horregatik ezer gehiago ordainduko. Erabaki horren ondorioz, Irurtzungo Udalak ez du zorrik, eta etorkizunean egin nahiko lituzkeen proiektuak egiteko zorpetzeko aukera luke. Bestalde, bilkura berean, udalak erabaki zuen Ardantzeta eta Artadia kaleak lotzen dituen eskailera berritzea. Horretarako 10.000 euro bideratuko ditu. Diruzaintzako gerakinetik aterako du dirua. 

Ikasle Abertzaleak-ek grebara deitu ditu ikasleak.  Israeli boikot egitera deitzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko egingo dituzte kontzentrazioak Ikasle Abertzaleek. Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuaren sarreran 11:00etan elkarretaratzea eginen dute. Euskal Herriko hezkuntza sisteman gaur, lastailak 2, greba egitera deitu du Ikasle Abertzaleak-ek (IA). Sakanako Iak ikasleak Israeli boikota eta Palestinari babesa adierazteko mobilizazioan parte hartzera animatu ditu. "Palestinarren erresistentziaren defentsa irmoa egiten jarraitzea dagokigu, izan ere, gaur-gaurkoz, herri hori guztiz desagertu ez bada, estatu sionistaren kontra egindako borrokagatik izan da". Bertako egoera "larria" denez, IAko kideek adierazi dute horren aurrean geldirik geratzea ez dela aukera bat eta gazteek "presionatzen" segi behar dutela, esate baterako, antolatu duten grebaren bidez. Israeli boikot! Genozidioaren konplizeei bakerik ez! lelopean egin dute greba deialdia.

 

Kirolak, 


Automobilismoan, 102 pilotu Urbasako Igoerarako prest. Sakana Motorsportek XLIII. Urbasako Igoeran parte hartuko duten pilotuen behin betiko zerrenda argitaratu du. Tartean hamar sakandar daude. Geroz eta gutxiago falta da XLIII. Urbasako Igoerarako. Automobilismo igoera urriaren 4an, larunbata, jokatuko da. 12:00etan izango da lehen entrenamendua, eta haren atzetik bi mangak jokatuko dira. Urbasako Igoerak 5.930 metroko ibilbidea du, 39 bihurgunerekin. Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Errioxako Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Sakana Motorsport eskuderiak bertan lehiatuko diren pilotuen behin betiko zerrenda argitaratu du. Espainiako Txapelketa irabazi berri duen Arkaitz Ordoki (NOVA NP-03) da faboritoa, Daniel Jimenez (BRC B59), Javier Polanco (Formula DICODE FR), Iker Palacios lakuntzarra (BRC B52) eta bestelako pilotuekin batera. Iker Palacios pilotuaz gain, beste zortzi sakandarrek hartuko dute parte: Mikel Mazkiaran (SEAT 600 JTR), Delfin Goikoetxea (BRAND PRM PROTO Alpine), Ander Gurmindo (Renault Clio Sport), Asier Juanez (Renault Clio Sport), Iñaki Yaben (Citroën Saxo), Josu Olmos (Citroën AX), Odei Juango (BMW E46), Alberto Villar (BMW E36) eta Asier Solis (BMW E36). 


Areto futbolean, Betelu Altsasu baino gehiago izan zen. Hirugarren mailako lehen jardunaldiko puntuak Betelun geratu ziren. Aralar Mendik atseden jardunaldia zuen. Hirugarren mailan debuta egin zuen Altsasuk. Arerio latza zuen, Betelu, etxetik kanpo. Bi taldeek partida oso borrokatua jokatu zuten, erritmo handikoa. Hasieran, Betelu 4-0 aurreratu zen, baina Altsasuk ez zuen etsi eta 4-2 gerturatu zen Jonathan Medinari eta Igor Garmendiari esker. Beteluk bosgarrena lortu zuen, baina horrek ez zituen altsasuarrak kikildu eta 2 minutu zoroetan bosna berdindu zuten Asier Salgadori, Gaizka Martini eta Aritz Sevillari esker. Hortik aurrera parez pare aritu ziren bi taldeak. 6-5 aurreratu zen Betelu, baina seina berdindu zuen Aritz Sevillak. Zoritxarrez, azken minutuetan etxeko taldea ibili zen finago, eta, hiru gol sartu zituen Beteluk, eta 9-6 irabazi. Bere aldetik, Uharte Arakilgo Aralar Mendik atseden jardunaldia izan zuen. Hirugarren mailako lehen liderra Ribera de Navarra da (3 puntu), Aralar Mendi zortzigarren da, eta Altsasu hamabigarren, biak punturik gabe. Hirugarren mailako bigarren jardunaldian Aralar Mendik Ribera de Navarra liderra hartuko du urriaren 4an, 18:00etan, Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian. Altsasuri atseden jardunaldia dagokio. 


Areto futbolean, Xotak irabaziz eta Altsasuk galduz hasi da lehen maila autonomikoa. Arbizuk partida atzeratu zuen. Urriaren 2an derbia jokatuko dute Xotak eta Arbizuk. Gizonezkoen lehen maila autonomikoan Xotak 1-5 irabazi zion Cantera taldeari Cascanten. Cantera aurreratu zen, baina berehala Javier Larreak, Andres Felipe Cadenak (2), Imad El Ougdik, Juan Morenok erantzun zuten, eta garaipen potoloa ekarri zuten Irurtzunera. Altsasuk Los Sauces taldea hartu zuen Zelandin. Los Sauces berehala aurreratu zen; Altsasu modu guztietara saiatu zen, baina ezin izan zion buelta eman. Azkenean, 0-4 gailendu zen Los Sauces. Arbizuk eta Universidad de Navarrak jokatu beharreko partida abenduaren 2ra atzeratu zen, Uharte Arakilgo San Miguel festengatik. Anaitasuna da liderra (3 puntu), Xota hirugarren da (3 puntu), Arbizu seigarren eta Altsasu hamargarren. Bigarren jardunaldiak derbia dakar, Xotak eta Arbizu Kirol Taldeak urriaren 2an, 20:30ean partida jokatuko baitute Atakondoan. Altsasuk egun berean Universidad de Navarra du aurkari, 20:30ean, OPUSean. 

Areto futbolean, Emakumeen lehen autonomikoa hastera doa. Xotak bi talde aurkeztu ditu txapelketarako. Asteburuan hasiko da emakumezkoen lehen maila autonomikoa. Xota klub irurtzundarrak bi talde aterako ditu, Xota B eta Xota A. Xota A taldeak Larragako San Miguel taldea hartuko du urriaren 5ean, 12:00etan, Irurtzungo Atakondoan. Aldiz, Xota B taldeak atseden jardunaldia du. 


Areto futbolean, Xotako talde guztiak, elkarrekin bat Irurtzunen. Klub irurtzundarreko taldea guztiak plazan bildu ziren, Harrobiaren Egunean.Xota klubak Harrobiaren Eguna ospatu zuen urriaren 1ean Irurtzunen. Horrela, klubeko talde guztiak bildu ziren, kategoria txikienetik hasita goreneraino, lehen mailako Osasuna Magna Xota barne, eta talde argazkia atera zuten plazan. Txikienek euren idoloekin egoteko aukera ez zuten alferrik pasatzen utzi. Klubetik nabarmendu zutenez, oso garrantzitsua da eliteen eta gaztetxoenen arteko lotura indartzea, eta Xotaren balioak eta identitatea bizirik mantentzea.