Albisteak,
Feria asteburua Etxarri Aranatzen. Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, jendea elkartu zen.Herriko aziendaren erakusketa hartu zuen plazak larunbat arratsaldea, hilak 4. Behi, txerri, behor, asto, ardi, asto eta abarren artean begira makina bat jende izan zen. Elkarrizketa animatuak izan ziren. Gautzearekin batera euritara jo zuen eguraldiak eta hala iraun zuen igande eguerdira arte. Auzatea udaletxeko estalopean egin zen. Bakailaoak arrakasta izan zuen. Dantzaldia estalpe azpian izan zen. Korrikalariak abiatu ondoren, udaletxeko estalopean tripekiak eskaini ziren auzatean. Sakanako Gazta Txapelketaren 21. ediziora latxa ardiaren esnez egindako bost gazta aurkeztu ziren. Sustrai gaztandegi ubertearrak eskuratu zuen. Podiuma Dorraoko Utxama gaztandegiak eta Arruazuko Albik osatu zuten. Idiazabal jatorri izendapeneko dastaketa batzordeko Joserra Agirianoren laguntzaz David Rivera, Amaia Erdozia, Jurgi Yordanov eta Leire Etxeberriak egin zuten epaile lana eta beraiek izan ziren 100, 75 eta 50 euroko sariak nori zegozkion erabaki zutenak. Lanak eginda gazta dastatzeko aukera izan zuten etxarriarrek. Goizean zehar artisau eta ekoizle azoka hartu zuen plazak. Lehenengoen salmahaietan bitxiak, artilezko produktuak, kamisetak, poltsak, pilotak eta beste zeuden. Barazkiak, eztia, ardoa, gazta, ogia, pasta eta beste, berriz, zuzeneko salmentan aritu ziren ekoizleen mahaitan ikusgai zeuden produktuetako bat ziren. Sakana Kantuz bere erronda hasi zuenerako eguna argitu zen.
Gaztetxeen potentziala aldarrikatu dute Altsasun. Gaztetxea eta asanblada hauspotzeko deialdia egin dute.Altsasuko gaztetxeak 35 urte bete ditu eta Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) urteurrena ospatzeko asteburuan egitaraua prestatu du. AGAko kideek gogoratu dutenez, gaztetxea “politika, gizarte eta kultura ezinegonei erantzuteko espazio erreferentea bilakatu zen. Gazte langileon interesetara antolatzen eta haien proiektuak aurrera eramateko etxea bilakatu zen”. Gaineratu zutenez, “oso kontuan daukagu gure borroka, aurreko borroken ondorengoa dela, eta gazte langileok borroka honen motorra garela”. Testuinguruari begira adierazi zuten “garai ilunak” heldu direla eta “erasotuak izan diren gaztetxeei elkartasuna adierazi nahi diegu”. AGAko kideek nabarmendu zutenez, “oztopo guztiak gainditzeko bidean borrokan jarraitu eta gizarte justu baten alde borrokatzeko konpromisoa hartzen dugu. Gazteon artean borroka oinarri duen kultura politikoa berrosatu eta antolakuntzara batzeko kontzientzia piztuz. Horretarako hitzaldi, tailer eta eztabaidak izan behar ditugu. Aisialdia interes kapitalistetatik at antolatu behar dugu. Gaztetxea erasorik gabeko espazio segurua bilakatu behar dugu, langile klasearen eskubide politiko eta sozialen defentsa irmoa eginez”.Azpimarratu zutenez, “gaztetxeak iraganeko kontua izatetik urrun, potentzia sozial eta politiko handiko espazioak dira”. Eta “gaztetxe eta gazte asanbladen arteko harremanak sendotu eta gazte asko gehiagoren elkargune izateko motor” bihurtzea desiratu zuten.
Etxarri Aranazko Karasatorre autozerbitzua txistor lehiaketako finalista. Etxarriarren 2015ean irabazi zuten lehiaketa, 2017an bigarren sailkatu ziren eta 2019an eta 2022an finalistak izan ziren.Nafarroako Txistorra Lehiaketako XIX. edizioa Uharte Iruñeko Carlos Irigibel Lanzetak irabazi du. Hirugarren aldia da txapela eta mandarra eskuratzen duena. Lehiaketako finalisten artean Francisco Jose Karasatorre Nagore gelditu zen, Etxarri Aranazko Karasatorre autozerbitzuko harakina. Lehiaketa Nafarroako Harakin eta Urdaitegien Gremioak antolatu zuen eta Iruñean jokatu zen atzo, lastailak 5. Proban ere Lakuntza eta Olatzagutiko harakinek parte hartu zuten.
Zezenak abeltzaina zauritu zuen Altsasun. Animaliaren kolpea jaso zuen. Lanean ari zela, zezen batek 40 urteko gizonezko abeltzain bat kolpatu zuen ostiralean, hilaren 3an, 11:08an. Gizonezkoak gerrialdeko traumatismo erreserbatua izan zuen. Lehenik Altsasuko osasun etxean artatu zuten eta, ondoren, Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia batean eraman zuten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, balorazio osoagoa egiteko. Operatiboan Altsasuko parkeko suhiltzaileek, zaintzako medikua eta erizaina eta Foruzaingoak esku hartu zuten, eta istripuaren eginbideak beren gain hartu zituzten foru poliziak.
Kirolak,
Automobilismoan, Sorpresa Urbasako Igoeran: Arkaitz Ordokik ezin izan zuen proba bukatu. Faborito nagusiak matxura izan zuen eta ezin izan zuen lasterketa bukatu. Miguel Gutierrez izan zen txapelduna (3:28.136), Daniel Jimenezi 283 ehuneneko aterata. Iker Palacios izan zen lehen sakandarra, monoplazetan bosgarren, eta Mikel Mazkiaran bigarren sakandarra, turismoen sailkapenean laugarren. Urriaren 4an bete egin zen Urbasa. Milaka zale hurbildu ziren XLIII. Urbasako Igoeraz gozatzea. Berriki Espainiako Mendi Igoeren Txapelketa irabazi duen Arkaitz Ordoki (NOVA NP-03) zen faborito nagusia, eta Urbasako Igoera hirugarren aldiz jarraian irabazteko asmoa zuen pilotu iruindarrak. Entrenamenduetan denbora onena egin zuen (3:18.103), baina lehen mangan, irteera puntuan ateratzear zegoela, autoa geldirik geratu zitzaion. Ez aurrera eta ezta atzera ere. Ezin izan zuen irteera hartu eta autoa atzealdera gidatuz eraman behar izan zuten asistentzia gunera. Bere arerioetako bat izan ahal zen Javier Polancok (Formula Dicode FR) lasterketa utzi behar izan zuen baita ere. Horrek Urbasako Igoerako aukerak biderkatu zituen, eta oso-oso borrokatua egon zen igoera. Azkenean, Miguel Gutierrez (Osella PA 21) irabazi zuen Urbasako Igoera (3:28.136), Daniel Jimenezi (BRC B59) 283 ehuneneko eskas aterata (3:28.419). Sakana Motorsporteko Iker Palacios lakuntzarra (BRC B52) monoplazen sailkapenean bosgarren sailkatu zen (3:36.027), hamargarren klasean hirugarren, eta lehen sakandarraren saria jaso zuen. Turismoen sailkapenean Mikel Mazkiaranen pilotu altsasuarra (Seat 600 JTR) laugarren sailkatu zen (3:42.197), eta sailkapen orokorrean edo scrathean bederatzigarren izan zen. Aurretik car-krosean aritzen zen altsasuarra, aurten autoarekin debutatu du eta denboraldi oso ona ari da egiten. Bigarren sakandarra izan zen, eta bere mailan, lehen klasean, bigarren izan zen, Antonio Ortuñoren atzetik (3:39:302, Seat 600). Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ander Gurmindo (Renault Clio Sport) turismoetan 16. sailkatu zen, laugarren klasean laugarren (3:55.572); Alberto Villar (BMW E36) 18. sailkatu zen, laugarren klasean bosgarren (3:59.363); Delfin Goikoetxea (BRAND PRM Proto Alpine) 36. sailkatu zen, hirugarren klasean bederatzigarren (4:07.619), Asier Juanez (Renault Clio Sport) 40., zazpigarren klasean bosgarren (4:09:892); Josu Olmos (Citroen AX) 44., zazpigarren klasean bederatzigarren (4:14.601); eta Iñaki Yaben (Citroen Saxo) 60., zazpigarren multzoan hamahirugarren (4:25.461). Asier Solisek (BMW E36) eta Odei Juangok (BMW E46) ezin izan zuten proba bukatu.
Mendi lasterketetan, Eneko Garin eta Ainhoa Etxegarai txapeldunak 50. Mendira Joan etorrian. Aritz Munarriz eta Eneritz Karasatorre etxarriarrak izan ziren lehen sakandarrak. Udaberri elkarteak antolatutako 50. Mendira Joan Etorrian 128 korrikalarik hartu zuten irteera. Etxarriko plazatik abiatuta, Etxarriko portutik mendi puntara igotzea eta handik jaistea zuten jokoan, 10 km eta 570 m desnibel + osatuta. Proba hasi baino lehen, probaren 50. urteurrena zela eta aurreskua eskaini zitzaien korrikalariei eta zenbait ordezkariei. Lasterketa hasierako zinta Miguel Ulaiarrek moztu zuen, urte luze hauetan antolatzaile eta boluntario izan direnen omenez. Maialen Larraza eta Jon Orella korrikalari gazteek, Nafarroako Mendi Federazioko presidente Miren Eizmendi eta Etxarriko alkate Maria Saez de Albeniz izan ziren irteerako ekitaldian.Lasterketan euria eta hezetasuna izan ziren nagusi. Txapelduna Eneko Garin billabonarra (46:51) izan zen, Ibai Primicia antsoaindarraren aurretik (47:39). Hirugarren Aritz Munarriz etxarriarra izan zen (47:53). Primiciak Munarriz mendi jaitsieran gainditu zuen. Lehen beteranoa Mikel Beunza izan zen, helmugan laugarren (48:28). Emakumezkoetan, Ainhoa Etxegarai beratarra (57:22) gailendu zen, Eneritz Karasatorre etxarriarraren (59:06) aurretik. Maite Beregaña uharte arakildarra izan zen hirugarren, eta lehen beteranoa (1:00:10).
Areto fubolean, Lehendabiziko porrota etxean. Osasuna Magna Xotak ezin izan zuen Noiaren kontra garaipena lortu Anaitasunan. Urriaren 7an talde irurtzundarrak Palma Futsal hartuko du, etxean. Osasuna Magna Xotak hiru partida jarraian jokatuko ditu etxean. Lehendabizikoak, ordea, ez du zapore ona utzi. Urriaren 3an, ostiralarekin, talde berdeak Noia Portus Apostoli taldea hartu zuen. Partida zaila izango zela aurreikusten zuten berdeek, baina, hala ere, ezin hobe hasi zen talde nafarrarendako, 3. minuturako Dani Saldisek Pachuk egindako asistentzia Noiaren sare barrura sartu baitzuen. Noiak ez zuen behera egin eta berdinketaren bila hasi zen berehala; lehen zatiaren erdirako lortu zuen, eta banakako berdinketa ezarri zuen markagailuan. Hortik aurrera berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak. Noiak irurtzundarren saiakerak ekiditen zituen, eta galiziarren presioak ez zuen jokoa errazten. Asier Llamas atezainak lan handia egin behar izan zuen galiziarren erasoen aurrean. Euren atezainak ere oso aurreratuta jokatu zuen, beste jokalari bat bailitzan. Bigarren zatian egoerak bere horretan jarraitu zuen, bi taldeen erasoekin. 10 minuturen faltan, Xota jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Gustavo Marrak txartel gorria ikusi zuelako, falta baten ondorioz. Noiaren erasoak biderkatu ziren, eta Asier Llamasek denetariko geldiketak egin zituen; partidako jokalari onenetako bat izan zen. Noiako Ismaelek bigarren txartel horia ikusi zuen eta bi taldeek jokalari kopuru berberarekin egin zuten aurrera, jokoa parekatuz. Tamalez, partida bukatzeko minutu eta erdiaren faltan, Noiak gola sartu, eta 1-2 aurreratu zen. Talde irurtzundarra saiatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta porrot gogorrarekin despeditu zen partida. Berdeek jota despeditu zuten partida. “Izorratuta gaude. Xehetasunek erabaki dute partida” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Partida “oso parekatua” espero zuen Xotak, eta hala izan zen. “Halako partida paretsuetan xehetasunek erabakitzen dute, eta hala izan da. Gauzak hobeki egin ahal genituen, baina beraiek meritu handia izan dute baita ere. Bakoitzak bere armak erabili ditu, eta, tamalez, azken unean aurreratu dira” gaineratu zuen. Hurrena, Palma Futsal. Lehen mailako liderra Jimbee Cartagena da (10 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (7 puntu). Urriaren 7an, asteartean, Osasuna Magna Xotak sailkapenean laugarren den Palma Futsal (8 puntu) hartuko du, 21:00etan. Zortzigarren jardunaldiko partida da, aurreratuta jokatuko dena. Miguel Hernandezek oso partida parekatua espero du baita ere.
Pilotan, Kaiolako bi espezialistak, aurrera. Joseba Ezkurdiak eta Joanes Bakaikoak Lau eta Erdiko final zortzirenak gainditu dituzte eta final laurdenetako ligaxkarako sailkatu dira. Elordi eta Artola utzi dituzte bidean. Lau eta Erdiko Txapelketa asteburuan hasi zen, final zortzirenekin. Joseba Ezkurdiak Elordi izan zuen aurkari urriaren 3an Zallan. Partida gogorrean, Ezkurdiak gogotik izerditu behar izan zuen, baina garaiz erantzun zuen; dominatzen hasi, eta Elordi izugarri estutu zuen, bizkaitarra jokoz kanpo utzita. Azkenean, 22-17 irabazita, txapelketan aurrera egin du kaiolan hiru txapela dituen espezialista arbizuarrak. Joanes Bakaikoak, bere aldetik, Artola izan zuen aurkari urriaren 3an, Alegian, Artolaren etxean hain zuzen ere. Promesen mailan lau eta erdiko hiru txapela ditu etxarriarrak, azkena joan zen urtean lortutakoa; horregatik ari da A Seriean jokatzen. Hala ere, oso arerio latza zuen Bakaikoak, Artola pilotari arrokatsua baita, norgehiagoka irabazteko faboritoa. Baina ofizio handia erakutsi zuen etxarriarrak eta 15-22 irabazi zion Artolari, sekulako defentsa erakutsiz eta harrituta zeuden Artolaren zaleen aurrean sorpresa emanez. Artolarendako kolpe latza izan zen. A eta B multzoetan. Joanes Bakaikoak Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako A multzoan egin du aurrera. Altuna, Peña II.a eta Zabala izango ditu aurkari. Urriaren 12an, Lekunberrin, Zabalaren kontra ariko da etxarriarra (17:30, EITB). Joseba Ezkurdia final laurdenetako ligaxkako B multzoan lehiatuko da, Jaka, Peio Etxeberria eta Larrazabalekin. Lehen arerioa Larrazabal du, urriaren 10ean, Azkoitian (21:15).
Txirrindularitzan, Igor Arrietak ezin izan zuen Europako txapelketa despeditu. Pogacarrek maisuki irabazitako lasterketan Ayuso seigarren izan zen. Atzo Europako Txapelketetako eliteen errepide lasterketa jokatu zen Drôme Ardèchen. Txirrindulariek lasterketa oso gogorra zuten aurretik (202,5 km), tartean Saint-Romain-de-Lerps gaina hiru aldiz gainditu behar izan zuten, hasierako zirkuituari hiru itzuli egin behar zizkiotelako. Lehen arranpatatik hasi ziren erasoak, eta Pogacar, Evenepoel eta Almeida jarri ziren aurretik. Saint-Romain-de-Lerpsen bigarren igoera erabakigarria izan zen. Vingegaard atzean geratu zen, eta Ayuso, Arrietaren laguntzarekin, faboritoen taldean zegoen. Evenepoel-ek erasoa jo, eta Pogacarrek erantzun egin zion. Helmugarako 90 kilometroren faltan Ayuso faboritoengana gerturatu zen, baina Saint-Romain-de-Lerps gainaren hirugarren igoeran, helmugarako 75 kilometroren faltan, Vingegaardek lasterketa utzi zuen eta Pogacarrek erasoa jo zuen. Bakarrik egin zuen aurrera eta bakarrik iritsi zen helmugara munduko eta Europako txapelduna, sekulako ikuskizuna eman eta gero (4:59:29). Evenepoel txapeldunordea izan zen, 31 segundora, eta Paul Seixas hirugarrena, 3:41era. Juan Ayuso seigarren sailkatu zen, 4:21era. Soilik hamazazpi txirrindularik despeditu zuten proba. Igor Arrietak ezin izan zuen proba bukatu.