Albisteak,
Urritzolako Kontzejuak baso aprobetxamendua saldu du. Pinuz osatutako epaitza da.Urritzolako Kontzejuak El Pirenal parajean dagoen baso aprobetxamendua saldu du. Harengatik 49.075,78 euro (BEZik gabe) eskatzen zituen kontzejuak eta Maderas Jose Saiz SM enpresak 62.024,43 euro ordaindu ditu harengatik, hasierako prezioa baino 12.948,65 euro gehiago. Epaitza larizio pinuz eta pinu gorriz osatuta dago eta 1.145 m3 zur eta 818,2 m3 egur egiten ditu.
Uharte Arakilen hasi dira ur kontagailu berriak jartzen. Sarea monitorizatu eta kontrolatu ahal izateko udalak hartuko duen neurrietako bat da.Etxeetan dauden 562 ur kontagailuak kendu eta urrutitik irakur daitezkeen batzuekin ordezkatzeko lanak lastailaren 2an, ostegunean, hasi ziren. Ciaqua gestion del agua SM enpresako langileak ari dira lan hori egiten. Enpresa beraren ardura izanen dira ere honako egitekoak: Amurgingo ur hornidurarako punpak berritu; ur sarea lau sektoretan banatuko du eta ur hornidura egoki kudeatu ezik eta ur kontsumoaren optimizaziorako urrutiko kudeaketa sistema ere jarriko du. Lau hilabete izanen ditu lanak despeditzeko eta trukean 253.292,34 euro (BEZ barne) kobratuko ditu. Lanak finantzatzeko udalak Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko dirulaguntza du.
Etxeak eraikitzeko birpartzelazioa, aurrera Urdiainen.Hirigintza arauak aldatu diren partzelaren hegoaldean Arloska kalea dago eta ekialdean Elizazpi.Behin betiko onartu da Urdiaingo Udalak hirigintza araudian egindako aldaketa. Eta, beraz, Goikoetxe Egintza SMk eta Juan Jose Irigoien Goikoetxeak egindako proiektua aurrera doa. Lau partzelen birpartzelazioa eskatu zuten, hirigintza aldetik antolatu ahal izateko ondoren han etxebizitzak eraiki ahal izateko. Birpartzelatutako hirigintza unitateak 3.161 m2-ko azalera du eta han gehienez 2.219 m2-etan eraiki daiteke. Gehienez 13 etxebizitza izanen dira.
Emakumezkoak ibilketa nordikoan trebatzeko eskaintza Altsasun. Doako tailerra eginen dute lastailaren 10ean, ostirala, 18:00etatik 20:00etara.Emakumezkoak ibilketa nordikoan nola aritu ikasteko tailerra antolatu dute Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eta Altsasuko Udalak. Hastapen tailerra da, emakumeei propio zuzenduta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da beharrezkoa kirolaria izatea eta parte hartzaileek makilarik ez badute utzi eginen diete. Izena eman nahi duenak gaur du azken eguna. 948 012 012 doako telefono zenbakira hots eginez edo altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke matrikula.
Kirolak,
Futbolean, Altsasuk ezin izan zuen Oberena erremontatu. Emakumezkoen hirugarren mailako hirugarren jardunaldiak ez zuen Dantzalekun punturik utzi. Hirugarren mailako hirugarren jardunaldian Altsasuk Oberena taldea hartu zuen, Dantzalekun. Bi taldeak parez pare lehiatu ziren eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren. Bigarren zatia hasi eta berehala Oberenak gola sartu zuen; Altsasu partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen eta 0-1 galdu zuen Oberenaren kontra. Hirugarren mailako liderra Osasuna B da (9 puntu). Altsasu bederatzigarren da, puntu batekin. Laugarren jardunaldian sailkapenean hamargarren den Berriozarren kontra jokatuko du Altsasuk, urriaren 12an, igandea, 16:00etan, Berriozarren.
Futbolean, Altsasu Zirauki baino askoz ere gehiago izan zen. Gizonezkoen preferente mailako laugarren jardunaldian lider jarri da Altsasu.Gizonezkoen preferente mailan Altsasuk Zirauki taldea hartu zuen urriaren 4an Dantzalekun. Eguraldia triste zegoen, umela, baina gorritxoak berehala festa giroa jarri zuten, 9. minuturako Unai Calvok Altsasu aurreratu zuelako. Lehen zatian Altsasuk ongi kontrolatu zuen partida eta atsedenaldira hiru goleko errentarekin joan zen, Mikel Etxaizen eta Unai Calvoren beste gol bati esker. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen. Asier San Romanek eta Unai Calvok, azken honek hat-tricka eginez, golen zakua puztu zuten eta Altsasuk garaipen erosoa lortu zuen, 5-0. Azken garaipenari esker Altsasu preferente mailako lehen multzoko lider jarri da (9 puntu), San Jorgeren aurretik (8 puntu). Bosgarren jardunaldian sailkapenean laugarren den Beti Casedano thartuko du, urriaren 12an, igandea, 18:00etan, Dantzalekun.
Futbolean, Etxarrik Orkoienen galdu, eta Lagun Arteak puntu baliotsua lortu du Lekunberrin.Gizonen erregional mailan Lagun Artea liderra jarri da.Etxarri Aranatz taldeak Kirol Sport izan zuen aurkari Orkoienen. Bi taldeak parez pare aritu ziren partida guztian barna. Inork ez zuen kontrako atea zulatzea lortzen, bigarren zatira arte. Etxarri Aranazko Javier Fernanez de Garaialde Lazkanok Etxarir Aranatz 0-1 aurreratu zuen 60. minutuan, baina pozak gutxi iraun zuen 7 minutu beranduago Kirol Sportek berdindu zuelako. Partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean, 86. minutuan Kirol Sportek garaipenaren gola sartu zuen, 2-1 aurreratuz, eta luzapenean hirugarrena sartu zuten. 3-1 galduta itzuli ziren etxarriarrak. Lagun Arteak, aldiz, azken unean Beti Kozkor B taldearen kontra berdintzea eta Lekunberritik puntu baliotsu bat ekartzea lortu zuen. Gauzak ongi hasi ziren talde lakuntzarrarendako, 12. minutuan Mikel Agirrek 0-1 aurreratu baitzuen Lagun Artea. Beti Kozkorrek atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen eta bigarren zatian partida zabal-zabalik zegoen. Lekunberrikoek minutu onak jokatu zituzten tarte horretan eta 3-1 aurreratzea lortu zuten 10 minutuko tartean. Lagun Arteak, ordea, ez zuen behera egin eta 78. minutuan Ander Cocerak 3-2koa jarri zuen. Lakuntzarrek ez zuten etsi, eta, luzapenean, hirunako berdinketa lortu zuen Mikel Agirrek, puntu oso gozoa balio duena. Lagun Artea jarri da gizonen erregional mailako lider (7 puntu), Kirol Sport taldearekin puntutara berdinduta. Etxarri Aranatz laugarren da (6 puntu). Erregional mailako laugarren jardunaldian Lagun Arteak Kirol Sport hartuko du, urriaren 11n, 16:00etan, Zelai Berrin, eta bertan lidergoa erabakiko da. Bestalde, Etxarri Aranatzek hamaikagarren den Baztan B izango du aurkari San Donato zelaian, urriaren 11n, 16:30ean.