Albisteak,
Gobernuak Nafarroa Marka aurkeztuko du. Publikoari irekia den ekitaldia da. Sakanako politika, enpresa eta gizarte arloko ordezkariak gonbidatu dituzte ekitaldira. Foru administrazioak Nafarroako Markaren aurkezpena eginen du Altsasun. Nafarroa Marka Foru Komunitateko lurralde marka da, eta bere sorrera helburua Nafarroa Europako eskualde iraunkor, berritzaile eta berdintasunezko gisa sendotzea da. "Gauzak egiteko dugun modua" leloa du. Lau ardatz estrategiko ditu: talentua, enpresa eta berrikuntza; turismoa, aberastasuna eta aniztasuna; lurralde identitatea eta bizi-kalitatea.Publikoari irekia den aurkezpena Julian Iantzik gidatuko du, eta Hostoak eta Pi musika taldeak girotuko du. Ekitaldiari hasiera Felix Taberna Monzon lehen lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak emango dio hasiera. Javier Ollo Martinez alkateak ere hartuko du hitza. Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Pedro Latorrek Sakanako Enpresarien Elkartearen izenean, Maria Eugenia Garciak Altsasuko Merkatarien Elkartearen izenean, Joseba Arreguik Josefina Arregui Fundazioaren Patronatuaren lehendakari gisa, eta Itziar Nazabal artistak. Akaberan auzatea izanen da eta Nafarroa Markaren kamixeta jasoko dute bertaratzen direnak. Aurkezpena Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da gaur, lastailak 8, 19:00etan.
Etxeberrin, hobekuntzak Goldarazko bidean. Zubi bat egin dute. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Iturraskarri proiektuko langileek zubi bat egin dute Etxeberri eta Goldaratz lotzen dituen bidean. Zubi egin berriak oinezkoen ibilbidea erraztu du. Izan ere, gune urtsu bat inguratu beharrean, haren gainetik pasatzeko aukera dute orain.
Adinduendako ur terapia ikastaroan plazak daude Altsasun. 70 urtetik gorakoei zuzendutako saioak dira. Aurten ere adinduendako ur terapiarako eskaintza egin du Altsasuko Udalak, Atabo SM empresa publikoko teknikariek emana. Ur terapia 70 urte baino gehiago, mugikortasun eta indar falta duten pertsonei zuzenduta dago, Bastoia edo ibiltzeko gailuaren laguntzan mugitzen badira edo belauneko, aldakako edo artikulazioetako mina dutenek ere izena eman dezakete. Saioak Zelandi kiroldegiko igerilekuan izanen dira, astelehen eta asteazkenetan, 12:30etik 13:30era. Izena eman edo informazioa nahi duena 948 468 343 telefono zenbakira hots egin dezake.
Kirolak,
Osasuna Magna Xotaren garaipen epikoa. Palma Futsalen kontra azken segundoetan lortu zuen garaipena, “gu geu izanda”, Miguel Hernandez entrenatzailearen hitzetan. Osasuna Magna Xotak aurreratutako partida jokatu zuen atzo Palma Futsalen kontra, Anaitasunan. Izan ere Palma Futsalek Championsa jokatuko du, eta horregatik aurreratu zuten ligako zortzigarren jardunaldia. Miguel Hernandezen mutilek partida zaila zuten aurretik, Palma Futsal talde oso ona baita, baina partida oso ona egin zuten, fedea izan zuten, eta hiru puntuak etxean geratu ziren. Talde irurtzundarra oso entxufatuta hasi zen hasieratik. Horri esker, Ion Cerviñok markagailua mustu zuen, baina 3 minutu beranduago bana berdindu zuen Palma Futsalek. Palmak eraso gogorra jo zuen, baina Asier Llamasek atea bikain gorde zuen. Xota saiatzen zen, baina ezin. Atsedenaldia baino lehen 2-1 aurreratu zen talde berdea, penalti bikoitzagatik. Bigarren zatian erasora atera zen Palma, baina Asier Llamas ikusgarri aritu zen atean. Tamalez, Palmak bina berdintzea lortu zuen eta partida erotu zen. Falta zalantzagarri bati esker, Xotak protestatu zuena (arbitroak Xotako staff-eko kide bat kanporatu zuen) 2-3 aurreratu zen Palma Futsal. Xota modu guztietara berdintzen saiatu zen, baina Palmako Dennis atezainak haien asmoak zapuztu zituen. Pachuk jaurtiketa ikusgarri bat egin zuen, eta hori ezin izan zuen gelditu. Hiruna berdindu zuen Xotak, eta partida zabal-zabalik zegoen berriro. Azken segundo zoroetan, urrutitik egindako jaurtiketa bati esker Pachuk 4-3 aurreratu zuen talde berdea. Eta garaipena eta hiru puntuak Anaitasunan geratu ziren. Pozarren zeuden zaleak eta Miguel Hernandez entrenatzailea. “Oso pozik gaude, taldea garaipenaren xendara itzuli delako talde oso garrantzitsu baten kontra eta gu geu izanda. Gure jokatzeko modua hau da, mugimendu bertikala, behin eta berriz tematzearena eta iristearena” nabarmendu zuen entrenatzaileak. Hurrena, Valdepeñas. Jimbee Cartagena da liderra (13 puntu) eta Osasuna Magna Xota seigarren da (10 puntu). Urriaren 10ean, 20:30ean, Viña Albali Valdepeñas hartuko du talde berdeak, Anaitasunan.