Eguneko albisteak

2025eko urriak 9

Guaixe Irratia 2025eko urriaren 9a

Albisteak, 

Irurtzun, Lakuntza , Etxarri Aranatz,  Altsasu  eta Olatzagutiako Udal musika eskolendako dirulaguntza zehaztuta. Ibarreko bost udalek jasoko dute foru administrazioaren ekarpena. Nafarroako Gobernuak herrialdeko udal musika eskolen artean 3,4 milioi euroko diru poltsa nola banatu zehaztu du. Gobernuak musika ikasketen kostuaren %33 laguntzen du. Zehaztutako laguntza udalek bi epetan jasoko dute. Ebatzitakoaren arabera, Irurtzungo Udalak 43.199,93 euro jasoko ditu, Lakuntzakoak 13.571,26 euro, Etxarri Aranazko Udalak 34.260,14 euro, Altsasukoak 57.055,90 euro eta Olatzagutikoak 6.956,69 euro. Bost udalek guztira 155.043,92 euroko finantzazioa jasoko dute beraien herrietan musika ikasketak bermatzeko. Bost udalek beraien aurrekontuetatik, guztira, 443.292,35 euro bideratu zituzten musika eskoletara 2024an.

Etxarri Aranazko Udalak hirigintza planean aldaketak egin ditu. Udal Planaren determinazio xehatuak aldatzeko Hiri Jarduketako Plan Berezia indarrean da.Etxarri Aranazko hirigintza plana 2004ko irailaren 1ean onartu zen behin betiko. Ondoren, 2014an eta 2018an aldaketa bana egin zituen udalak. Onartu den aldaketarekin Etxarri Aranazko Udalak hiru helburu lortu nahi ditu. Aurrena, eremu homogeneoen erregulazioari dagokio. Zehatzak ez diren definizioak zehaztu eta praktikan polemika sortu duten zehaztapen batzuk aldatu nahi ditu udalak. Eraikinen solairu eta altuera kopuru osoari dagokio aldaketa.Hurreneko helburua da eraikuntzaren bolumen-baldintzak arautzea, eraikuntza nagusiaren eta eranskin/eraikuntza txikiaren definizioak zehaztuz, zenbait kasutan errakuntza eragin baitute. Eta atzeneko helburua da fatxaden konposizio-baldintzetan definitutako zehaztapen estetiko batzuk aldatzea, esate baterako: fatxada nagusia, sarbidea, baoak eta barne-bolumenak. Hirigintza planaren aldaketaren berri Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 198. zenbakian dago, lastailaren 3koan. 

Altsasuko mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantzan aldaketak. Idazketa berria eman zaie 5., 14. eta 16. artikuluei.Altsasuko Udalak Mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantzan egindako aldaketak indarrean daude. Udal araudi horren hiru artikuluk idazketa berria dute. Pistak erabiltzeko araubide orokorra zehazten duen 5. artikuluan hainbat debeku zerrendatu ditu udalak. Erabiltzaileen erantzukizunari buruzko 14. artikuluan lurjabeek edo lursailen erabiltzaileek dituzten betebeharrak zehaztu ditu udalak. Bidearen eta lursailaren arteko ezponda edo areken eta haien gaineko pasabideen inguruko zehaztapenak jaso ditu hor udalak. Azkenik, arau hausteak 16. artikuluan jaso ditu, arau hauste arinak eta larriak zein diren zehaztuz. Aldaketen berri Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 195. zenbakian, irailaren 20koan dago.  

Adinduendako ur terapia ikastaroan plazak daude Altsasun. 70 urtetik gorakoei zuzendutako saioak dira. Aurten ere adinduendako ur terapiarako eskaintza egin du Altsasuko Udalak, Atabo SM empresa publikoko teknikariek emana. Ur terapia 70 urte baino gehiago, mugikortasun eta indar falta duten pertsonei zuzenduta dago, Bastoia edo ibiltzeko gailuaren laguntzan mugitzen badira edo belauneko, aldakako edo artikulazioetako mina dutenek ere izena eman dezakete. Saioak Zelandi kiroldegiko igerilekuan izanen dira, astelehen eta asteazkenetan, 12:30etik 13:30era. Izena eman edo informazioa nahi duena 948 468 343 telefono zenbakira hots egin dezake. 

 

Kirolak, 


Areto futbolean, Aralar Mendik ezin izan zuen Ribera de Navarra mendean hartu. Hirugarren mailako bigarren jardunaldiak ez zuen Sakanan punturik utzi.Hirugarren mailako ligan bigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuri atseden jardunaldia zegokion, eta Aralar Mendik, aldiz, Ribera de Navarra taldea hartu zuen Uharte Arakilen. Tuterako taldea nagusi izan zen lehen zatian, ia konturatu gabe 0-5 aurreratu baitziren. Aralar Mendik airea hartu eta Youssfe El Akkari eta Jon Iribarreni esker 2-5 gerturatu zen, baina ahaleginak gutxi iraun zuen, berehala Ribera de Navarraren seigarrena iritsi zelako, Ibai Martiarenak Aralar Mendiren hirugarren gola sartu zuen, markagailua zer edo zer makillatzea lortu zuena, eta 3-6 galdu zuen Uharte Arakilgo taldeak. Hirugarren mailako liderra Gazte Berriak Antsoain da (6 puntu). Altsasu bederatzigarren da eta Aralar Mendi hamargarren, biak punturik gabe. Hirugarren jardunaldian Altsasuk Ribera de Navarra izango du aurkari urriaren 10ean, 20:30ean, Tuteran. Aldiz, Aralar Mendik Kirol Sporten kontra jokatuko du urriaren 11n, 17:45ean, Mendikur kiroldegian. 

Areto futbolean, Xotak gol festa ikusgarriarekin ekin dio ligari. Emakumezkoen lehen maila autonomikoan lider jarri da talde irurtzundarra. Emakumezkoen lehen maila autonomikoko 2025/2026 denboraldia asteburuan hasi zen. Lehen jardunaldian Xota A taldeak Larragako San Miguel taldea hartu zuen eta irurtzundarrak gehiago izan ziren hasieratik. Partida guztian euren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Horrela, 14-0 irabazi zuten. Saioa Etxeto (2), Ana Vidondo, Maider Oses (2), Irati Oneca (3), Cristina Bariain (4) eta Lara Goiatxe (2) izan ziren golegileak. Bestalde, Xota B taldeari, atseden jardunaldia zegokion. Beraz, Xota da lehen maila autonomikoko lehen liderra (3 puntu), Lacturale Orvinaren aurretik (puntu bat). Bigarren jardunaldian Xota A-k Mendialdea B izango du aurkari Berriozarren, urriaren 11n, 12:00etan. Xota B-k Lacturale Orvina izango du aurkari urriaren 10ean, ostirala, 20:15ean, Ezkaba kiroldegian. 

Areto futbolean, Derbia, Arbizurendako. Gizonezkoen lehen maila autonomikoan Arbizuk Xota hartu zuen mendean. Altsasu punturik gabe itzuli zen Universidad de Navarratik. Gizonezkoen lehen maila autonomikoko bigarren jardunaldiak denboraldiko lehen derbi sakandarra ekarri zuen. Xotak Arbizu Kirol Taldea hartu zuen Atakondoan. Partida oso borrokatua izan zen. Laugarren minutuan Oinat Glariak Xota aurreratu zuen, baina berehala berdinketa lortu zuen Antton Igoak. Juan Morenok bigarrenez aurreratu zuen Irurtzungo taldea, baina Julen Luisek binakako berdinketa lortu zuen segidan. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, Axio Imazek Arbizu Kirol Taldearen garaipenaren gola sartu zuen 49. minutuan eta hiru puntuak Arbizura joan ziren, Xotaren penarako. Altsasuk, aldiz, Iruñean jokatu zuen, Universidad de Navarraren kontra. OPUS-ekoak 2-0 aurreratu ziren, baina bina berdindu zuen Altsasuk Chej Malaininen eta Jaime Riverari esker. Universidadek beste bi golekin erantzun zuen, 4-2 aurreratuta. Aritz Sevillak 4-3 gerturatu zuen Altsasu, baina partida bukatzear zela bosgarren gola sartu zuten Universidad-ekoek eta altsasuarren erremontadarako asmoa zapuztu zuten. 5-3 galdu zuen Altsasuk. Hirugarren jardunaldiak beste derbi bat ekarriko du, Altsasuk Xota hartuko baitu urriaren 9an, osteguna, 20:30ean, Zelandin. Arbizu Kirol Taldeak Mendialdea izango du aurkari ostiralean, 19:30ean, Arbizun. 

Txirrindularitzan, Iker Mintegik Euskaltel Euskadin jarraituko du. Txirrindulari altsasuarrak beste bi urteko kontratua sinatu du talde laranjarekin. Iker Mintegi Claver txirrindulari altsasuarrak bi urte daramatza txirrindulari profesional Euskaltel Euskadi taldean. Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen taldeak azaldu duenez, Mintegik beste bi urtez jarraituko du eskuadra laranjan, kontratua berritu ostean. Denboraldi honetan talde laranjako txirrindulari aipagarrienetakoa izan da altsasuarra, Top20an egon baita proba askotan. Itzulian eta Donostiako Klasikoan aritu zen sari gisa. Mintegik bere dohainak erakutsi ditu eta bere garapenarekin jarraituko du talde laranjan. Bi aldeak kontentu daude. “Oso pozik nago etxeko taldearekin beste bi urte gehiago jarraitzeagatik. Bi urte on izan dira, urratsak ematen jarraitu ditut, urtez urte, amateurretan bezala. Lehenik eta behin, mailara egokitzen eta, aurten, aurrera pausoa ematen, nahiz eta uda, beharbada, ez den espero bezala atera. Datozen bi urteei begira, asmo bera dut, urratsak ematen jarraitzea eta ahalik eta emaitza onenak lortzea; baita mailan eta taldean nire hutsunea bilatzea ere, lasterketak lehiatzen eta postuak lortzen" azaldu du txirrindulari altsasuarrak. Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak “pozik” dagoela aitortu du. "Iker harrobiko txirrindularia da, urratsak ematen jarraitzen du, eta oraindik ere beste batzuk eman behar dituela uste dugu, txirrindulari profesional sendo bat izateko. Pozik nago beste bi urtez gurekin jarraituko duelako, profesional tropelean finkatu eta bere ezaugarrietara egokitzen diren lasterketak lehiatu ahal izateko". 

Saskibaloi denboraldiari hasiera bikaina eman dio CBASK-ek. Senior mailako bi taldeek garaipenekin ekin diote 2025/2026 denboraldiari. 2025/2026 saskibaloi denboraldia martxan da, eta ezin hobe hasi da Altsasuko CBASK saskibaloi klubarendako, bere bi talde nagusiek garaipena lortu baitute. Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan CBASK-ek Gazte Berriaken kontra jokatu zuen, Antsoainen, eta partida borrokatuan garaipen polita lortu zuen, 69-79 irabazita. Urriaren 10ean, ostirala, talde altsasuarrak Aranguren Mutilbasket hartuko du Zelandin, 20:00etan. Emakumezkoen lehen senior autonomikoan CBASK-ek arerio latza zuen, Navaske SF´Old. Hasieran parez pare ibili ziren taldeak, baina altsasuarrek aldea hartu zuten eta bukaeraraino aldea ongi kudeatu zuten, 48-58 irabaziz. Edurne Ormazabalek 21 puntu lortu zituen. Urriaren 11n CBASK-ek Navarro Villoslada A taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan. CBASK klubean pozarren daude. “Bueltan gara! Denboraldiari hasiera izugarria eman diote gure senior taldeek. Neskek garaipena txapeldunen etxean eskuratu zuten, eta mutilak, bestalde, Gazte Berriak-en aurka gailendu ziren” azaldu dute, sare sozialetan. 

Zunban, Bularreko minbiziaren aurkako I. Zumbathoia, Altsasun. Altsasuko kiroldegian izango da, urriaren 11n, 17:30ean. Jaione Palomo zumba eta saltsa monitoreak Bularreko minbiziaren aurkako I. Zumbathoi Solidarioa antolatu du Altsasun. Urriaren 11n izango da, larunbatarekin, 17:30etik aurrera Zelandi kiroldegian. Ate zabaltzea, ordea, 17:00etan egingo da. Ekimena Saray Bularreko Minbiziaren Nafarroako Elkartearen aldekoa izango da. Ikusleak dohainik sartu ahalko dira ekitaldira, baina Zumbathoian parte hartzeko asmoa dutenek izena eman beharko dute, ekimena iragartzeko jarri dituzten kartelen QR-aren bidez. Prezioa 6 eurokoa da, eta kamiseta jasoko dute opari. Jaione Palomo, Itziar eta Mayra Palop monitoreen aginduetara, denetariko koreografia eta dantzetan murgilduko dira partaideak. Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako ikasleek ekimenean parte hartuko dute, eta gaztetxo talde batek koreografia bat egingo du. Bildutakoen artean sariak zozketatuko dira, eta jasotakoa Saray elkartera bideratuko da.