Albisteak,
Txistorraren berora. Arbizuk hamanosgarrenez Txistor Eguna hartu zuen. Erlainoa jaso ondoren, eguzki ederrak gozatu zuen Arbizu. Txistor Egunak makina bat jende erakarri zuen. Kale Nagusian artisau eta ekoizle azoka izan zen. Jende artean aurrera eta atzera ibili ziren Nafarroako hainbat txokotatik etorritako trikitilariak. Erraldoien kalejira ere izan zen. Bitartean plazan txistorra pintxoak eta pintxoak egin zituzten. Pintxo lehiaketa XXXXX irabazi zuen. Arratsaldean, berriz, Nafarroako Trikitixa Eskolen VIII. Jaialdia izan zen. Xaiborren disko festak eta aateak despeditu zuten ospakizuna.
Euskal Herriko erdigunean hitzordua. Makina bat jendek bat egin zuen mendi martxan. Hainbat erakundek deituta, Euskal Herriko erdigunera martxa egin zen. Andia mendian egindako ekitaldian Gure Eskuko kide batek hartu zuen hitza, entzungai.
Gasteizen atxilotutakoen artean altsasuar bat dago. Talde ultraeskuindar baten ekitaldia salatzeko elkarretaratze antifaxista egin zen. Istiluak sortu eta Ertzainak 19 pertsona atxilotu zituen. Eskuin muturreko Falange Espainola taldeak Gasteizko Probintzia plaza aukeratu zuen Hispanitatearen Eguneko ekitaldi nagusia egiteko. Hori jakinik, mobilizazio antifaxista deitu zuten, eta ehunka pertsona elkartu ziren dira. Istiluak izan dira, gazte antifaxisten eta falangisten artean eta, batez ere, gazteen eta Ertzaintzaren artean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hemeretzi pertsona atxilotu zituen eta desordena publikoak eragitea egotzi diete guztiei. Atxilotuen artean altsasuar bat dago. Atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko Faxismoari aurre egin leloa duen kontzentrazioa deitu dute gaurko, lastailak 13, 19:00etan, Altsasuko udaletxe parean.
Altsasuko kuartelean Hispanitatearen eguna ospatu zuten. Agenteez aparte, eskuin muturreko ordezkariak izan ziren. Hispanitatearen eguna ospatu zuten Altsasuko Guardia Civilaren kuartelean atzo, lastailak 12. Meza izan zen lehenik, erorien aldeko lore eskaintza egin zuten, hildako guardia civilen eta Espainiaren alde hil zirenen omenezko otoitza egin zuten eta bukatzeko auzatea izan zen. Parte hartu zutenen artean zeuden Nafarroako Voxeko Jose Maria Garcia Elorz eta Derecha Navarra y Españolako Nieves Cipres Aznar.
Kirolak,
Pilotan, Ezkurdiak eta Bakaikoak, lehen puntua. Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako lehen jardunaldian puntu oso baliotsua lortu dute bi sakandarrek. Final laurdenetako ligaxka irabazten hastea oso garrantzitsua dela ez dago esan beharrik. Eta, zorionez, hala egin dute kaiolako espezialista hutsak diren Joseba Ezkurdiak eta Joanes Bakaikoak. Biek lau eta erdiko hiruna txapela dituzte, arbizuarrak lehen mailakoak eta etxarriarrak promesen mailakoak, eta A Serieko aurtengo txapelketan txapela lortzeko euren hautagaitza aurkeztu dute. B multzoan, Joseba Ezkurdiak Larrazabal izan zuen aurkari urriaren 10ean Azkoitian. Hasieratik bukaerara erritmo ikaragarrian jokatu zen partida; Larrazabalek abiadura ikaragarria eman zion pilotari eta indartsu atera zen kantxara, baina Ezkurdiak sasoi ederrean dagoela erakutsi zuen; defentsan bikain aritu zen, bolearekin min handia egin zuen eta eta erritmoa handitu ahala, hobeki moldatu zen. Paretsu joan zen lehia, baina bigarren zatian 20-15 aurreratu zen Ezkurdia, eta nahiz eta Larrazabal 20-18 gerturatu, azkenean 22-19 irabazita ligaxkako lehen puntua lortu zuen Ezkurdiak, urrezkoa. A multzoan Joanes Bakaikoak gogotik sufritu behar izan zuen Zabala 22-21 mendean hartzeko. Etxarriarrak bukaeran aitortu zuenez, ez zituen sentsaziorik onenak izan eta ez zuen disfrutatu, eta eskerrak eman zizkion Josu Igoa botillero etxarriarrari, jokoan zentratzen laguntzeagatik. Partida borrokatuan, Bakaikoak ez zuen inoiz amore eman, eta nahiz eta 1-9 eta 17-21 galtzen joan, partidari buelta emateko eta 22-21 irabazteko gai izan zen. Berriro ere, etxarriarrak eusteko gai zela erakutsi zuen, eta sufritzen jakin zuen. Fedea izan zuen, ez baitu inoiz amorerik ematen, eta urrezko puntua lortu zuen, erremontada ikaragarria lortuta. Bigarrena. Bigarren jardunaldian B multzoan Ezkurdiak Jaka izango du aurkari urriaren 17an Villabonako Bear Zana pilotalekuan, 19:00etan. A multzoan Bakaikoak Altuna du arerio urriaren 18an, Donostiako Atano III.ean, 17:30ean.
Aizkoran, Jon Erdoziak ezin izan zuen Lehen Mailako Nafarroako finalean tokirik egin. Etxarri Aranazko aizkolaria Lekunberrin jokatutako kanporaketan gazteena izan zen eta ezin izan zion lehen mailako kategoriari eutsi. Lekunberriko festetan kirolak protagonismo handia izaten du. Lau eta Erdiko Pilota Txapelketarekin batera, Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen Lekunberrin. Guztira bederatzi aizkolari lehiatu ziren azaroaren 14an Donezteben jokatuko den finalerako bost txartelen bila, Joxean Etxeberria baja izan baitzen, gaixotasunarengatik. Lekunberrin lehiatu zirenen artean Jon Erdozia etxarriarra zegoen, lehiatu ziren aizkolarien artean gazteena, 22 urterekin. Beteranoena Jon Rekondo leitzarra zen, 40 urterekin. Aizkolarien lana ez zen samurra izan: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu zituzten. Ez zen sorpresarik egon: Iker Vicente faborito nagusia izan zen azkarrena (15:53), Ibai Soroaren (16:33) eta Oier Kañamaresen aurretik (17:42). Haiekin batera, Txomin Amondarainek (18:30) eta Julen Kañamaresek (19:25) lortu zuten final handirako txartela. Otsagiko txapeldunak azaldu zuen “sasoiko, oso ongi” aurkitu zela. Azkenak Eneko Saralegi eta Jon Erdozia izan ziren. Jon Erdoziak maila galduko du eta bigarren mailara jaitsiko da. Eneko Saralegik, aldiz, gaixotasunarengatik baja egin zuen Joxean Etxeberriarekin du jokoan lehen mailan jarraitzea.
Areto futbolean, Xotak bi puntu ihes egiten utzi zituen. Valdepeñasen kontra 2-0 aurreratu ziren berdeak, baina zorigaiztoko minutu batean arerioek berdintzea lortu zuten. Hurrengo arerioa El Pozo izango da, Murtzian. Lehen mailako seigarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas hartu zuen urriaren 10ean Anaitasunan. Talde berdeak hirugarren aldiz jarraian jokatzen zuen etxean, eta aurretik Noiaren kontra galdu eta Palma Futsali irabazita, Anaitasunak gotorleku izaten jarraitzen ote zuen ziurtatu nahi zuten zaleek. Eta ez galdu ezta irabazi: Valdepeñasen kontra berdindu egin zuen Xotak. Erritmo bizian hasi zen partida hasieratik, eta bi taldeek aukera apartak izan zituzten. Nor baino nor aritu ziren lehen zatian, eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak. Talde irurtzundarra gogotsu atera zen bigarren zatian, eta lehen minutuan Ion Cerviñok 1-0 aurreratu zuen Osasuna Magna Xota, jaurtiketa ikusgarria eginda. Valdepeñas berdintzen saiatu zen, baina Asier Llamasek berdeen atea bikain zaldu zuen. Valdepeñasen seigarren faltaren ondoren, penalti bikoitzean Jhonathan Linharesek 2-0 ezarri zuen markagailuan. Partida despeditzeko 6 minuturen faltan 2-1 gerturatu zen Valdepeñas, eta segundo batzuk beranduago, ia konturatu gabe, bina berdindu zuten Valdepeñasekoek, Xotaren zoritxarrerako. Miguel Hernandezek Korsun atezain-jokalari jarri zuen, eta nahiz eta Pachuk eta Mendivek garaipenaren gola sartzeko zorian egon, ez zen zorterik egon eta binako berdinketarekin despeditu zen lehia. Lortutako puntuak ez zuen zapore gozoa izan. “Bi puntu ihes egiten utzi ditugu, hori da dugun sentsazioa. 2-0 jarri gara aurretik, eta zorigaiztoko minutu batean berdindu digute. Gero, zaila da buelta ematea. Taldea saiatu da, eta baina ikasi beharra dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Azken hiru partidetan kontrako atezainek oso aurreratuta jokatu dute, erasoan, eta horrek berdeen jokoa baldintzatu du. “Hori lantzen eta analizatzen jarraituko dugu”.Hurrena, Murtzian. Lehen mailako lider berria Barça da (16 puntu). Oasuna Magna Xota seigarren da (11 puntu). Zazpigarren jardunaldian El Pozo Murcia Costa Cálida izango du aurkari Irurtzungo taldeak, urriaren 25ean, 18:00etan, Murtzian.