Albisteak,
Irurtzungo Familiei zuzendutako ikastaroa. Nafarroako Osasun Eskolak "Hazkuntza positiboa: eguneroko jarduna errazteko gakoak" tailerra antolatu du. Osasun Departamentuak Gurasoen Eskola ekimena martxan du. Haren bidez osasun arloko jakintzak zabaltzen dituzte gurasoen artean. Osasun eskola horietako bat hartuko du Irurtzunek. Lau saiotan honako galderei erantzuna emanen diete: nola zaindu dezakegu gure seme-alaben autoestimua? Eta haien autonomia sustatu? Zer da entzute aktiboa? Eta gatazkak elkarrekin konpontzea. Saioak gaztelaniaz izanen dira.Tailerra 3 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako prestakuntza da. Ikastaroa Atakondoa eskola publikoan izanen da lastailaren 23an eta 30an (astearteak) eta azaroaren 6an eta 13an (astelehenak), 17:00etatik 19:00etara. Izena emateko bi modu daude. Batetik, 848 423 450 telefono zenbakira hots egitea eta, bestetik, forms.gle/rkzUPtd45MJvUZ galdetegia osatzea.
Euskarara hurbiltzeko ikastaroa izanen da Lakuntzan. Berrogeita hamar ordu iraunen du.Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak jakinarazi dutenez, Lakuntzan euskarara hurbiltzeko ikastaroa antolatu du. Lastailaren 22an hasi eta otsailaren 11ra arte iraunen du. Klaseak asteazken eta ostiraletan izanen dira, proposatu dute ordutegia 09:15etik 11:15era izatea, baina molda daiteke. Izen ematea udaletxean egin behar da eta 5 euro ordaindu beharko dira. Klaseen %80ra edo gehiagora joanda, matrikulako dirua bueltatuko da. Izen ematea hilaren 17ra arte egin daiteke. Informazio gehiago nahi duenak euskara2@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi edo 948 464 840 telefono zenbakira hots egin dezake. Bestalde, AEK-k jakinarazi du Lakuntzan A2.2 mailako taldea sortu dela. Taldea astearte eta ostegunetan izanen ditu klaseak, 17:00etatik 20:00etara. Informazioa jaso edo izena eman nahi duenak 607 624 292 telefono zenbakira hots egin dezake.
Altsasuko udalak hirigintza aholkularitza zerbitzua behar du. Hori kontratatzeko deialdia egin du. Altsasuko Udalak hirigintza aholkularitza emanen dion zerbitzua kontratatzeko deialdia egin du. Kontratua bere egiten duenak udalarendako urtean 728 ordu egin beharko ditu lan, 14 ordu astean. Udalak urte beteko kontratua eskaini du, urtero luza daitekeena, baina gehienez ere lau urte iraun dezakeena. Urteko zerbitzuagatik udalak 31.413,20 euro (BEZik gabe) ordainduko du, eta lau urteko aldiagatik 125.652,80 euro (BEZik gabe). Interesa duenak eskaintza lastailaren 24ko 23:59ra arte aurkez dezake.
Izurdiagan, larri zaurituta autopistan. Hiru ibilgailuk talka egin ondoren, 54 urteko gizonezko bat larri zauritu da. Nafarroako Autopistako (AP-15) 110,5 kilometroan, Izurdiagako dermioan, bi autok eta motozikleta batek talka egin zuten atzo, lastailak 13, 20:53an. Trafiko ezbeharraren ondorioz, motozikletaren gidaria, 54 urteko gizonezkoak makina bat kolpe hartu zituen eta larri Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Autoetako batean zihoan beste gizon bat, pronostiko arinarekin zaurituta, ospitalera eraman zuten ere. Istripuaren tokira Cordovillako suhiltzaileak, medikua zuen anbulantzia, Irurtzungo medikua eta erizaina eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu ziren. Talkaren ondorioz, errepidea itxita geratu zen iparraldeko noranzkoan. Foruzaingoak zirkulazioa arautu zuen eta desbideratzea prestatu zuen, behar bezala seinaleztatuta. Foruzaingoko Argiketa Brigadako kideek istripuaren arrazoiak eta dinamika ikertu zuten.