Palestinaren aldeko lanuzteak deitu zituzten sindikatuek asteazkenerako, lastailaren 15erako, lau ordukoak ELAk eta hirukoak LABek, CCOOk, UGTek, ESK-k, Steilasek, CGTk, Etxaldek eta Hiruk. Gainera, Hezkuntzan egun osoko greba deitu zuten sindikatuek. Deialdiak jarraipen zabala izan zuen. Batzuek eta besteek Gazako genozidioa berehala bukatzea eta okupazioari eta kolonizazioari bukaera emanen dion konponbide integrala exijitu zuten. Patronalari eta erakunde guztiei zuzendutako exijentzia ere plazaratu zuten: Israelgo Estatuarekiko harreman komertzial oro eten dezatela. Azkenik, Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean etetea eskatu zuten.

Irurtzunen goizean egin zuten elkarretaratzea. UTZITAKOA
Goizean Irurtzunen Atakondoako irakasle eta langileek eta hainbat herritarrek bilkura egin zuten. Etxarri Aranatzen egindako kontzentrazioan 300 pertsona elkartu ziren. Altsasun mila pertsonak baino gehiagok manifestazioa egin zuten. Mobilizazioak Genozidioaren negozioari ez! Langileok Palestinarekin! lelopean egin ziren.
Industriari dagokionez, lanuztearekin bat egin eta hainbat enpresek ateak itxi zituzten, esaterako, Aceros Moldeadosek, Sakana kooperatibak edo GHk. Gainera, hainbat enpresetan langileek enpresen ateetan kontzentrazioak egin zituzten, esate baterako, Barranquesan edo Magotteauxen. Sindikatuek azaldu dutenez, industrian eragina handia izan zen. Udaletxe askok ere ateak etxe zituzten.

Magotteauxeko langileen kontzentrazioa. UTZITAKOA
Merkataritzan eta ostalaritzan establezimendu batzuk goizez zabaldu eta arratsaldez itxi zuten. Beste batzuek goizeko eta arratsaldeko lanuztea egin zuten. Altsasun azoka normal izan zen. Hezkuntzari dagokienez, ibarreko ikastetxe gehienek greba deialdiarekin bat egin zuten. Bi ikastetxetan plantillaren erdiak bat egin zuen. Ikastetxe guztietan gutxieneko zerbitzuak izan ziren. Zerbitzu publikoetan ere lanuztea nabaritu zen, esaterako, Altsasuko Correos.
Arratsaldean
Gernika Palestina herri ekimenak deituta, Irurtzun, Uharte, Lakuntza, Arbizu, Etxarri, Bakaiku, Altsasu eta Olatzagutian kontzentrazio zaratatsuak egin ziren Genozidioa stop! Palestinarekin konpromisoa. Israelekin harremanak eten orain! lelopean. Akaberan antolatzaileek Israelen "inpunitate sadikoa" eta "nazioarteko harreman desorekatuak" salatu eta "genozidioa luzerako" dela gaztigatu zuten, "Trumpek diseinatutako akordioarekin ez delako bukatzen". Dei egin zuten "Palestinaz hitz egiten jarrai dezagun bigarren plano batean ez geratzeko. Babes eta mobilizazio sozialari eusteko milaka arrazoi daude, arlo guztietan aukera paregabeak izango ditugu palestinarrak erdigunean jartzeko". Eta eskaera egin zuten: "Israel isolatu behar dugu pentsaezinak diren arlo nagusi eta detaile txikietan ere. Diplomazian, merkataritzan, kulturan, kirolean, instituzioetan, akademian... okupazioa, apartheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak bukatu arte, eraikiko den tren bakarra askatasunarena izan dadin". Protesta egitearen balioa aitortu zuten: "egiten den guztia gutxi da, baina egin dezagun, egunero, indar guztiekin, egin dezagun badaezpada".
Nabarmendu zutenez, Palestinan "urgentziazko neurriak aplikatu behar dira: giza laguntza biderkatu, presio militarra desagerrarazi, sektore zaurgarrienen zaintza landu, oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraiki, desplazatutakoak sorterrira eraman... Babestu hitzak gakoa behar du izan". Babes hori Gaza, Zisjordania, kanpamentu eta espetxeetara zabaldu behar dela adierazi zuten. "Palestina eta palestinarrak babestu finean, palestinarrek euren etorkizuna erabaki dezaten".
