Albisteak,
Palestinaren aldeko protestak. Lanuzteak deitu zituzten sindikatuek asteazkenerako eta erantzuna handia izan zela ere adierazi dute antolatzaileek. Altsasuko arratsaldeko manifestazioaren ondoren irakurri zena hemen entzungai.
Kirolak,
Txirrindularitzan, Igor Arrietaren UAE Emirates taldeak Guangxiko Tourrean denboraldiko 100. garaipena lortu nahi du. Igor Arrieta uharte arakildarra eta UAE Emirates taldeko kideak Txinan daude egunotan, Guangxiko Tourrean parte hartzen. Taldeak 95 garaipen daramatza 2025 denboraldian, baina egunotan jokatzen ari den Guangxiko Tourrean 100. garaipena lortzeko helburua jarri dio bere buruari. Ea historikoa litzatekeena lortzen duten. Hiru etapa jokatu dira eta Igor Arrieta 92. postuan dago sailkapen orokorrean.
Saskibaloian, CBASK, geldialdiaren ondoren lanera. Aurreko asteburuan seniorrek Zelandin jokatu beharreko partidak atzeratu ziren.Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan CBASK-ek eta Aranguren Mutilbasketek asteburuan Zelandin jokatu beharreko partida azaroaren 17ra atzeratzea erabaki zuten. Sailkapenean Larraona Claret da lehena (4 puntu), eta CBASK seigarren dago, partida bat gutxiagorekin (2 puntu). Asteburuan hirugarren jardunaldia dago jokoan. Urriaren 18an, larunbata, CBASK-ek Humiclima izango du aurkari 18:00etan, Berriozarren. Emakumezkoen lehen senior maila autonomikoan, CBASK-ek eta Navarro Villoslada A taldeek Altsasun jokatu beharreko partida atzeratu egin zen. Abenduaren 14an jokatuko dute, Zelandin. Horrek, jakina, sailkapenean eragina izan du. Liceo Monjardin da liderra (4 puntu) eta CBASK bederatzigarren postura jaitsi da, partida bat gutxiagorekin (2 puntu). Hirugarren jardunaldian CBASK-ek Burlataren kontra jokatuko du urriaren 18an, 20:00etan, Burlatan.
Areto futbolean, Hirugarren mailan, txanponaren bi aldeak. Altsasuk Tuteratik ez zuen punturik ekarri, baina Aralar Mendik gol festa ospatu zuen Burlatan. Hirugarren mailako hirugarren jardunaldiak hiru puntu utzi ditu Sakanan. Altsasuk Tuteran jokatu zuen Ribera de Navarraren kontra eta hasieratik Erriberako taldeak aldea hartu zuen, 3-0, ia konturatu gabe. Asier Salgadok 3-1 hurbildu zuen Altsasu, baina berehala bosgarrena sartu zuen Ribera Navarrak. Altsasuk ez zuen behera egin eta Aritz Sevillari eta Christian Leoni esker 5-3 hurbildu ziren gorritxoak, baina hortik aurrera Ribera Navarrak airea hartu zuen eta 8-3ra joan zen. Minutu baten faltan Gaizka Martinek Altsasuren laugarren gola sartu zuen, eta 8-4 despeditu zen partida. Uharte Arakilgo Aralar Mendik garaipen potoloa ospatu zuen Burlatan, 3-17 hartu baitzuen mendean Burlata futbol eskola. Uharte arakildarrak hasieratik nabarmendu ziren, eta 0-8ra joan ziren zuzenean. Partidak ildo beretik jarraitu zuen, eta etxeko taldeak, Burlatak, jipoi gogorra jaso zuen. Golegileak Jon Erice (3), Jon Arenaza (2), Jorge Mariñelarena (3), Mounir El Akkari (3), Jon Erice (3), Ibai Martiarena, Aimar Sanz eta Unax Trevejo (3) izan ziren. Hirugarren mailako liderra Ribera de Navarra da (9 puntu), Gazte Berriakekin puntutara berdinduta. Aralar Mendi zazpigarren da (3 puntu), eta Altsasu hamaikagarren, punturik gabe. Laugarren jardunaldian Altsasuk Burlata hartuko du, urriaren 16an, osteguna, 19:30ean, Zelandin. Aralar Mendik urriaren 18an, larunbata, 18:00etan Berriozarko Mendialdea hartuko du Uharte Arakilgo Larrebietan, 18:00etan.
Areto futbolean, Xotakoak, geldiezinak. Emakumezkoen lehen maila autonomikoko bigarren jardunaldian lau puntu geratu dira Irurtzunen. Emakumezkoen lehen maila autonomikoan Xota A taldeak Mendialdea B izan zuen aurkari Berriozarren. Irurtzundarrek bikain jokatu zuten eta 0-3 gailendu ziren, Maider Oses, Ana Vidondo eta Irati Onecaren golei esker. Xota B taldeak Lacturale Orvina taldearen kontra jokatu zuen eta irurtzundarrek oso baliotsua den puntua ekarri zuten Ezkaba kiroldegitik, bana berdindu eta gero. Partida oso borrokatuan, 41. minutuan Lacturale aurreratu zen, baina minutu bat beranduago Naia Lizarragak berdinketaren gola lortu zuen, pista zaila horretan garaipenaren zaporea duena. Xota A da emakumezkoen lehen maila autonomikoko liderra (6 puntu), Txantrea B taldearen aurretik. Xota B seigarren da, puntu batekin. Hirugarren jardunaldian, Xota A taldeak atseden jardunaldia du eta Xota B taldeak Txantrea du aurkari, urriaren 19an, 12:00etan, Txantrea kiroldegian.
Areto futbolean, Lehen maila autonomikoko derbia, Xotarendako. Talde irurtzundarrak Altsasu mendean hartu zuen. Arbizuk Mendialdea garaitu zuen.Gizonezkoen lehen maila autonomikoak derbia ekarri zuen Sakanara. Altsasuk Xota hartu zuen Zelandin. Partidan nor baino nor hasi ziren bi taldeak, baina 13. minutuan Jorge Alberto Alzamorak Altsasuren atea zulatu zuen eta minutu bat beranduago Asier Astizek Xotaren bigarrena sartu zuen. Partidak ildo beretik jarraitu zuen aurrera, eta Xotaren nagusitasunari esker beste sei gol etorri ziren jarraian, Jorge Alzamorak (2), Oinat Glariak, Felix Iraizozezk, Asier Martinek sartutakoak. 58. minutuan Iraitz Moranek Altsasuren gol bakarra lortu zuen, eta 1-8 irabazita hiru puntuak Xotak eman zituen. Arbizu Kirol Taldeak Berriozarko Mendialdea hartu zuen Arbizuko Kiroldegian. Partida honetan Altsasuko emaitza bera errepikatu zen, baina alderantziz, Arbizu nagusi izan baitzen hasieratik eta 8-1 irabazi baitzion Mendialdeari. Mattin Petriati izan zen protagonistetako bat, arbizuarrak lau gol sartu baitzituen. Andoni Goikoetxea (2), Beñat Jaka eta Julen Luis izan ziren Arbizuko beste goleatzaileak. Antsoaingo Gazte Berriak da gizonezkoen lehen maila autonomikoko liderra (9 puntu). Xota hirugarren da (6 puntu), Arbizu Kirol Taldea laugarren (6 puntu) eta Altsasu hamaikagarren, punturik gabe. Bosgarren jardunaldian Xotak Ibararte hartuko du urriaren 18an, larunbata, 18:30ean Atakondoan; Arbizuk, aldiz, Cascanten jokatuko du urriaren 17an, ostirala, 19:30ean; azkenik, Altsasuk Mendialdearen jokatuko du urriaren 18an, larunbata, 16:00etan, Berriozarren.