Nafarroako euskalkiak ikertu zituen Koldo Artola hil da

Guaixe 2025eko urriaren 24a

Koldo Artola Kortajarenak Nafarroako Gobernuari dohaintzan eman zion grabatutako materiala. UTZITAKOA

Sakanako hainbat herritan ere lekukotzak jaso zituen 70 eta 80 hamarkadetan.

Ahozko ondarea biltzen eta euskararen euskalkiak ikertzen ibilbide luzea egin zuen Koldo Artola Kortajarena lastailaren 17an hil zen, 87 urte zituela. Artolak Nafarroako euskalkiei buruzko dokumentazio ugari bildu zuen, galzorian zeuden herri hizkerei buruzkoa batez ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea zen, eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004an.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Nafarroan euskararen atzerakada nabarmena zenean, hango euskalkiei buruz ikasi eta ikertu zuen Artolak, esaterako, erronkarierari, zaraitzuerari eta aezkerari buruz. Sakanako hainbat herritan ere izan zen. Grabagailua eskuan hartuta, etxez etxe aritu zen testigantzak biltzen. Lekukotza haietako asko eremuetako azken euskaldun zaharrenengandik jaso zituen, euskalkia transmititu ez zen girokoak.

Hasieran, material hura Aranzadiren Euskal Herriko atlas etnolinguistikoa osatzeko baliatu zuten. Baina urte batzuk pasa ondoren Artolak are gehiago sakondu nahi izan zuen, eta azterketa lan bat egin zuen bildutako lekukotzak baliatuta eta inkesta berriak jasota. Horren emaitza 2014an kaleratu zuen, Ziorditik Uztarrozeraino. Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena liburuan.

Artolak egindako grabazio horiek balio handia dute eta ondare hori Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi zuen. Audioak Nafarroako Euskararen Mediatekaren funtsera gehitu ziren joan zen urtean. Guztira 300 zinta magnetiko baino gehiago dira, eta bertsio digitalizatuak Euskarabideak kudeatzen ditu.

Erlazionatuak

Solstizioaren hizkerak

Erkuden Ruiz Barroso 2022 eka 30 Sakana