Bizikleta bide sareko zati bateko lanak despedituta

Guaixe 2025eko urriaren 31

Bizikleta bide sareko lanak Olatzagutia parean. MANK

Urdiain eta Ziordia arteko txirrindulariendako bidea egina dago.

Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, ibarreko bizikleta bide sareko zati bateko lanak dagoeneko bukatu dira. Urdiain eta Ziordia arteko zatia da dagoeneko erabilgarri dagoena. Zorua berritzeaz aparte, seinaleztapena eta altzariak jarri dituzte bide bazterrean. Bizikleta bide sarea egiterakoan Altsasuko Ameztia auzoan jarduera berezia egin behar izan da. Trenbide azpiko pasabideetako bateko zoru 10 cm jaso da ura bideratzeko erretena egin da. Orain arte inguru hartan sortzen ziren putzuak saihestu dira horrela. Horrekin batera, solte zeuden baldosak porlanez hartu dituzte atzera ere. Lanak A. Bengoetxea enpresak egin ditu 367.550,48 euroren truke. Obra finantzatzeko ibarreko erakundeak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izan du. 

Ibarreko bizikleta bide sareak guztira 67,53 km-ko luzera du. Ibilbidea egiteko lanak beste bi lotetan  banatu zituen Mank-ek. Bata Irurtzun eta Ergoiena artekoa da, eta bestea Arbizu eta Iturmendi artekoa. Seinaleztapena eta altzariak barne, bizikleta bide sarea egiteak guztira 2.018.317,38 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du.