Osasun Departamentua, Nafarroako Parlamentuko taldeekin batera, Arreta Jarraituko Puntuak eta Landa eremuko Larrialdi Zerbitzuak egokitzeko lanean ari da. Doikuntza horren bidez departamentuak zerbitzu kopurua murriztu eta beste eginkizun batzuetarako osasun profesional gehiago izan nahi ditu. Horren adibide da Erriberri. 2024ko irailean arratsaldeko larrialdi zerbitzua itxi zuen eta eta erriberriarrek Tafallara joan beharra dute ordutik.
Departamentuak lanerako zirriborroa prestatu zuen, UPNk lastailaren 24an filtratu zuena. Erregionalistek salatu zutenez, hamaika osasun zentroko premiazko osasun arreta galduko zutela gaueko ordutegian, eta, arratsaldekoa batzuetan. Aurrenekoen artean Etxarri Aranazkoa legoke.
Erregionalistak kontra
Osasun Departamentuak udal eta herrietan landako gaueko larrialdi zerbitzuan proposatutako murrizketa errefusatzea proposatuko du UPNk. Erregionalista mesfidati agertu da gobernuak hasierako proposamen horri iragarritako aldaketa eta doikuntzekin, "are gehiago UPNk emandako informazioaren ostean asmo hori ezagutzen dugunean, eta zehazten ez diren aldaketak direnean, gardentasun faltaren adibide argi batean". Gainera, "ez dugu onartuko EH Bilduren interes politiko eta alderdikoiak lehenestea zerbitzuaren berrantolaketan. Guztiok imajina dezakegu zeintzuk diren mapa definitzeko egiten ari diren negoziazioen helburuak".
UPNk udaletan aurkeztuko duen mozioan eskatuko du zerbitzuaren berrantolaketak asistentzia kalitatean kalterik ez dezala ekarri. Gainera, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio landa zentroetako plantilla indartzeko pizgarrien, egonkortasunaren eta lan baldintzak hobetzearen plan baten bidez, lurralde osoan osasun arreta osoa eta jarraitua mantentzea ahalbidetuko duena.
Kritikatu dutenez, "gaueko larrialdiak ixteak udalerri askotako bizilagunak beste osasun etxe batzuetara edo erreferentziazko ospitaleetara mugitzera behartuko lituzke. Mugikortasun murriztua edo osasun arazo kronikoak dituzten adinekoendako, aldaketa hori nekez onartuko litzateke". Ondorioztatu dutenez, "premiazko eta etengabeko arreta murrizten zaien herrietan ez ezik, orain zerbitzuak kontzentratu eta zentralizatuko diren herrietan ere eragin dezakeen arazo bati buruz ari gara".