Nafarpresen jardunaldiak, tokiko prentsa bulkatzeko

Guaixe 2025eko azaroaren 3a

Jardunaldian egin zen mahai ingurua. UTZITAKOA

Nafarroako Tokiko Prentsaren IV. Jardunaldiak Otsagabian bildu zituen sektoreko profesionalak eta erakundeak. Ekitaldi horrekin, Nafarpresek berriro ere berretsi zuen tokiko prentsaren lana ikustarazteko konpromisoa.

Nafarroako Tokiko Prentsaren IV. Jardunaldia hartu zuen Otsagabiak lastailaren 30ean. Tokiko Komunikabideen Nafarroako Elkarteak, Nafarpresek, antolatutako jardunaldiak sektoreko profesionalak elkartu zituen. Eta, aldi berean, Nafarroako gizarte eta kultura ehunaren ardatz gisa, gertuko informazioaren balioa azpimarratzeko eta tokiko hedabideen lana aitortzeko balio izan zuen.  

Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskarako kontseilari eta lehendakariorde Ana Ollo Hualderen hitzaldiarekin abiatu zen jardunaldia. Ollok nabarmendu zuen tokiko hedabideek duten eginkizun funtsezkoa Nafarroako lurralde-kohesioa eta identitatea bermatzeko. Segituan hiru hizlari izan ziren: Euskarabideako zuzendari Javier Arakamak, Cederna Garalur elkarteko lehendakari Arantxa Arregik eta Nafarpres elkarteko lehendakari Sandra Goldarazek. Hirurek azpimarratu zuten gertuko komunikabideek komunitatearen lotura sozial eta kulturala indartzeko duten garrantzia.

Sandra Goldarazek, Nafarpres elkarteko lehendakariak, adierazi zuen jardunaldia "aitortzarako espazio bat ere" dela, eta azpimarratu zuen bai Eskola Lehiaketaren lehen edizioa, bai Nafarpres Sarien bigarrena ospatzea "pauso garrantzitsua" dela. Bi ekimenak, esan zuen, "helburu berarekin sortu dira: tokiko kazetaritzaren balioa aitortzea eta belaunaldi berrien artean bokazioak piztea, etorkizuneko tokiko prentsak bere nortasunarekin idazten jarrai dezan, herriz herri".

Ondoren, tokiko prentsako profesionalekin mahai-inguru bat egin zen, sektoreak dituen erronka nagusietako batzuk jorratzeko: belaunaldi erreleboa, prentsa inprimatuaren iraunkortasuna, informazio basamortuen arriskua eta gertuko informazio kalitatezkoa bermatzeko bultzatutako ekimenak, besteak beste.

Sari banaketak 
Nafarpres sarien banaketaz aparte, Tokiko Prentsaren I. Eskola Lehiaketakoak ere banatu ziren. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa zen. Irailean eta lastailean garatu den proiektu horrek tokiko kazetaritza hurbildu du eskoletara, prestakuntza tailerren bidez. Parte hartu duten ikastetxeak izan dira: Beteluko Araxes Ikastetxe Publikoa, Añorbeko eskola publikoa, Otsagabiako eskualde eskola eta Lizarra Ikastola.

Lehen edizioan, sariak jaso zituzten Silvia Astizek, Añorbeko ikasleak, Artikulu Onenaren kategorian, eta Etxahun Larrinaga Pinillosek, Lizarra Ikastolakoa, Elkarrizketa Onenaren kategorian.

Erlazionatuak