Bi Nafarpres sari Guaixerendako

Guaixe 2025ko urr. 31a, 13:29

Nafarpres Saria jaso zutenen talde argazkia. UTZITAKOA

Elkarrizketa sailean Erkuden Ruiz Barrosok eta Diseinu editorialeko sailean Uda Sakanan zenbaki bereziagatik saria jaso dute. Elkarrizketaren sailean Maider Betelu Ganboaren lan bat finalista izan da. 

Tokiko Komunikabideen Nafarroako Elkarteak, Nafarpresek, Otsagabian ospatu zuen Nafarroako Tokiko Prentsaren IV. Jardunaldia atzo, lastailak 30. Aurten, jardunaldia Otsagabian egin da elkartearentzat oso berezia den arrazoi batengatik: Mendixut aldizkariaren 25. urteurrena, Nafarpres sortu zuten hedabideetako bat. Topaketak, berriz ere, sektoreko profesionalak, erakundeak eta hezkuntza komunitatea elkartu zituen, gertuko informazioaren balioa azpimarratzeko eta tokiko hedabideen lana aitortzeko, Nafarroako gizarte eta kultura ehunaren ardatz gisa. 

Ekitaldian Nafarpres Sarien II. Edizioko sariak banatu ziren. Guaixek bi sari jaso zituen eta beste lan bat finalista izan zen. Elkarrizketa Onenaren saria, Nafarroako testuinguru sozial eta kulturala hobeto ulertzen laguntzen duten lanak aitortzen dituena, Erkuden Ruiz Barrosorendako izan zen. Ruizek Irene Adan Valiente antropologo arbizuarra elkarrizketatu zuen eta 2024ko lastailaren 18an argitaratu zen. Adanek sexu langileek jasaten duten biolentzien inguruko txostenaren inguruko argibideak eman zituen. 

Diseinu Editorial Onenaren kategorian, tokiko argitalpenen maketazio eta aurkezpeneko sormen eta inpaktu bisuala baloratzen dira. Saria Guaixerendako izan zen, Uda Sakanan lanagatik. Oporren aurretik, agorrilaren 1ean, argitaratutako zenbakian udalerri bakoitzeko herritar banak bere udako momentua zein zen kontatu zuen. Azala Maider Perkaz Urdiainek egin zuen. 

Bi sari horiez aparte, Guaixeren beste lan bat finalista izan zen. Hain zuzen Maider Betelu Ganboak Anabel Arraiza Artiedari egindako elkarrizketa batek jaso du aitortza hori. ETBko Goenkale telesaila ematen hasi zirela 30 urte bete zirelako egindako elkarrizketa zen, 2024ko lastailaren 25ean argitaratu zena.