Guaixe Tokikom Sarietan bitan finalista

Guaixe 2025eko azaroaren 14a

Tokikomeko kideak Arantzazun. ARTXIBOA

Urteko azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenari dagozkion sariak banatuko ditu Tokikomek bederatzigarren aldiz. 

Tokikomek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campuseko Ideienea gune berrian. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, kafe eta mokadutxo batekin, eta, jarraian, Tokikom Sariak banatuko dira. Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da.

Sariak toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena nabarmenduko dute. Anaitze Aguirre Larretak (Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea), Edorta Arana Arrietak (Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute Tokikom Sarien epaimahaia. Kategoria bakoitzean hiruna finalista aukeratu dituzte eta haietako bitan Guaixeko bi lan daude. 

Finalistak
Azalik onenaren mailan Ezinezkoa zela esan ziguten azala da finalista. Aurtengo maiatzaren 23ko azala da. Zenbaki hartan Maider Betelu Ganboa kazetariak Iñaki Mujika Izagirre elkarrizketatu zuen, Titan Desert Morocco basamortuk lasterketa osatu zuen handbikean. Azalean Mujika eta hainbat taldekide ageri dira duna bat gainditzeko ahalegin betean.  


 
Ikus-entzunezkorik onenaren sariko finalista da Hitz eta Putz elkarrizketa saila. Erkuden Ruiz Barroso kazetariak hainbat sakandarren alde pertsonala ezagutzeko egindako elkarrizketa sorta bat da, estilo arin eta dinamikoan egindakoak.        

  

Adimen artifiziala kazetaritzan
Sariak banatzeaz aparte, Tokikomek aukera baliatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Oraingoaan RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko. Garcia Canal Extremadurako eta RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.

Azken horretan interesa duenak izen ematea dohainik eman dezake tokikom.eus/sariak/2025 webgunearen bidez. Izena emateko epea azaroaren 20an despedituko da. 

Sariketa eta jardunaldia antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.