Nafarroako Elikagai Bankuak bilketa egin zuen azaroaren 7an eta 8an. Erakundeak oraindik ere diru ekarpenak onartzen ditu, izan ere, bildutakoarekin jaki gehiago erosten baititu. Ekarpenak egin nahi dituenak bancoalimentosnavarra.org webgunean jasoko du dirua emateko moduen berri. Jakiak jaso eta premia gehien dutenen artean banatzeko bere jardunarekin Elikagai Bankuak, jatekoak alferrik galtzearen kontra egiten du. Bankuaren jarduerak ere gizarte sentsibilizaziorako tresna da.
Zer da elikagai bankua?
Adelaziz. Premia duten pertsonendako laguntza da. Urteak daramatza martxan. Hilero banatzen ditu jatekoak.
Mª Asun. Boluntario talde bat da. Olatzagutian gehienak jubilatuta gaude. Benetan premia duen jendeari laguntzen lan ona egiten dugula uste dut.
Edozeinek har ditzake elikagaiak?
Ad. Ez. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean dakite pertsona bakoitza zein egoeratan dagoen, Elikagai Bankuaren laguntza behar duen edo ez. Haiek hilero zerrenda bat ematen digute eta guk zerrendan dauden pertsonei banatzen diegu bakar-bakarrik. Gizarte Zerbitzuekin erlazio estua dugu, eta hilero jasotzen dugu berritutako zerrenda. Hori bai, zerrendan dagoen pertsonaren batek jatekoak ez baditu bi hilabetetan jarraian hartzen, baja ematen diote. Guk Gizarte Zerbitzuei jakinarazten diegu eta haiekin harremanetan jartzen dira baja eman dietela jakinarazteko. Bajak daudenean boluntarioei ere jakinarazten digute. Baja emanez gero, pertsona horrek urte batean ezin izanen du Elikagai Bankutik ezer jaso.
As. Jakiak nahi dituenak, lehen-lehenik Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri behar du, bai. Zerrendan daudenei besterik ezin diegu eman. Gure kasuan hiru hilabetetan etortzen ez badira baja ematen diegu.
Visi. Premia duena etortzen da. Diotenez, premia duen eta lotsagatik etortzen ez den herritarrik ere omen dago. Kanpotik ikusita, lotsa eman liezaioke, baina benetako premia balu, nik uste dut etorriko litzatekeela. Baina norberaren araberakoa da, oso kontu pertsonala da. Norberak daki zergatik ez den jakiak hartzera etortzen izena eman eta gero.
Jendeak konpromisoa hartzeko egiten da hori?
Ad. Jatekoen premia duen pertsonei banatzen diegu guk. Haiek egutegia eta beharrezko informazioa dute. Zerrendan dauden guztiei beste boluntario batek Whatsapp mezua bidaltzen die banaketa egunaren eta orduaren berri emanez. Ez da gure egitekoa, baina batzuetan jasotzera etorri ez den jendeari hots egiten diogu: "aizu, mesedez, hemen dituzu jatekoak. Halako ordutegian gaude, ixtear gaude, etorriko zara?" Dei horiek egitea ez da gure egitekoa. Ez etortzeko arrazoiak askotarikoak dira.
Banaketa hilero egiten duzue?
Ad. Bai, hala da. Irurtzunen beti hilabeteko azken astelehen eta asteazkenean banatzen dugu. Banatzen duguna da: esnea, galletak, arroza, olioa, laboreak, latak... denetarik.
V. Askotariko produktuak ekartzen dituzte: txitxirioak, txindilak, jogurtak, pasta ugari, ekartzen badute lekak... Arrozak azken aldian behera egin du. Ez dakit Jaki Bilketa Handia nabarituko den. Edozein familiak jaten dituenak ekartzen dizkigute.
As. Hileko hirugarren asteartean banatzen diegu, olaztiarrei eta ziordiarrei.
Denei gauza bera banatzen diezue?
Ad. Ez, familiaren araberakoa da jakien banaketa. Hasieran gutxi gorabeherako banaketa egin genuen. Baina Nafarroako Elikagai Bankuko gizarte langilearekin elkarrizketatu nintzen eta banaketarako irizpideak eman zizkidan. Esate baterako, 250 familia bagara eta 500 litro esne etortzen badira pentsa liteke bakoitzari bina litro banatu beharko genizkiola. Beraz, bakarrik bizi denak bi litro esne jasoko ditu, bi direnek lau, hiruko familiak sei, laukoak zortzi eta horrela segitzen dugu, biderkatuz. Olioa ez da hainbeste iristen. Guztiei kopuru bera banatzen diegu, esaterako, lauko familiara arte olio botila bana, eta soberan dagoena familia handiendako izaten da.
V. Bai, kontuan izaten da haurrak dituzten edo ez, zenbat dituzten. Esandakoa, haurrak dituztenei bakarrik dagoenari baino gehiago eman behar diozu. Soberan geldituz gero, haurrak dituztenei ematen diegu. Hori guztia Elikagai Bankuak eta Gizarte Zerbitzuak markatzen dute.
Banatzen duzuena hilabete guztirako da? Edo laguntza bat da?
As. Hilabetea pasatzeko ez, baina hamabost edo hogei egun pasatzeko moduko laguntza bada.
V. Gainerako egunetan beraien kabuz moldatu behar dute. Familia bakoitzarendako saski bana dugu. Ederrak dira eta jateko kopuru handia banatu izan dugu, saskiak goraino beteta joan dira.
Ad. Hilabete guztirako ez dut uste. Esaterako, sei kideko familia bati beharbada hamabi litro esne dagozkio. Ez da nahikoa, baina zerbait laguntzen du. Esaterako, 150 euroko erosketa baten parekoa da. Baina bada arazo bat. Jende asko produktuen iraungitze datagatik kexatzen ari da. Jasotzen ditugun produktuak iraungitzeko gutxi falta zaie, edo iraungiak daude. Horrekin jendea haserretzen da eta batzuek iraungiak daudenak bota egiten dituzte. Ez dago nire esku, baina jendearekin ados nago. Nafarroako Elikagai Bankuan esaten digutenez, "iraungitze data pasa eta yogurrak hurrengo hamabost egunetan jan daitezke". Ados, baina jendeak ez ditu nahi. Esneak hiru hilabete irauten du, baina iraungia badago, ez dute nahi. Horrekin arazoa dugu: "hilabetean behin laguntza bat jasotzen dugu eta dena iraungia iristen da".
Aurrekoan autorik ez duen lagun bat lagundu nuen Iruñeko Buztintxuriko Elikagai Bankura eta desberdintasun handiak ikusi nituen. "Elikagai Banku bakarra dago edo asko?" Guk banatzen ditugunak baino askoz ere gauza hobeak, desberdinak hartu zituen. Esne botila eta ez brikak. Arrautzak ere jaso zituen. Guri lau dozena bidaltzen dizkigute. Nola banatuko ditugu? Ez dut ulertzen. Eta ez nion iraungitze datari erreparatu.
Pentsatu zenuen sekula Elikagai Bankuko boluntarioa izanen zinenik?
Ad. Ez. Baina Elikagai Bankuak jatekoak banatzeari utzi zion. Denbora luze egon zen banaketa egin gabe. Gu zain geunden, eta Gizarte Zerbitzuetara jo nuen, galdetzera: "zergatik eten da Elikagai Bankuaren jarduna? Jatekorik ez dago?" Azaldu zidaten lehen elizakoek banatzen zutela, baina egiteko horri utzi ziotela. Galdetu nien atzera ere martxan jartzeko aukera ote zegoen eta baietz erantzun zidaten, "baina komunitate bat izan behar da atzean". Azaldu nien meskitak dena egunean zuela, IFK (identifikazio fiskaleko kode) eta bestelakoak zituela. Nafarroako Elikagai Bankuko harremanetarako telefono zenbakia eman zidaten, probatu genuen eta ongi atera zen.
V. Gure aurretik Ziordiko mojak arduratzen ziren elikagai bankuaz. Duela hamar urte joan zirenean, Pako Beloki apaizak lekukoa hartzea eta boluntario taldea sortzea erabaki zuen. Belokik berak proposatu zigun bioi boluntarioak izatea. Proba egitea erabaki nuen, egin nezakeen jakiteko. Gainera, hilean behin ez da asko.
Moldatu zineten, beraz.
Ad. Bai. Pandemiaren ondoren hasi ginen. Gure kabuz ikasi genuen jakien banaketa egiten. Gutxi gorabeherako banaketa egiten hasi ginen. Ongi atera zen.
V. Olatzagutian, hasieran, herritar batek utzitako bajera batean banatzen hasi ginen. Ondoren apaizak udalari toki bat eskatu zion.
Jendea lanerako zegoen?
As. Hasieratik hiruk jarraitzen dugu, batzuek utzi zuten. Orain jubilatu talde eder bat gaude taldean, hamarren bat, eta giro ederra dugu. Jendearendako ateak zabalik ditugu.
Ad. Hasieran jende asko ginen. Baina gero eta gutxiago gelditu gara. Batzuetan haserretu egiten gara, eta Gizarte Zerbitzuari uzten dugula esateko hots egitea pentsatzen dugu. Ni jendearengan pentsatzen ari naiz, baina boluntarioak ez dituzunean opatzen pentsatzen duzu: "zergatik ari naiz denbora galtzen? Zergatik nago honen alde borroka egiten? Jendea deitu eta bankura etortzen ez denean". Baina azken aldian, ongi antolatu dut: talde txikia hobe da aldiro jendea deitzen ibiltzea baino. Beraz, betirako lauzpabost finko ditut. Horrela ez naiz jendearen atzetik eskaka ibili behar. Boluntario horiei data hurbiltzean gogorarazten diet eta horrela moldatzen gara. Guztiok 40 urte baino gehiago ditugu eta haietako bi senar-emazteak dira. Nahiago dut hitzeko jendea izatea boluntarioa, egitekoarekin konpromisoa hartu eta beteko duena. Azken aldian ez da inor boluntario gisa eskaini. Baina daudenei esan diet, gauden moduan segituko dugu. Bakarren batek kale egiten badu, beste pertsonaren bat bila dezakegu. Baina lanean jarraitzeko konpromisoa izan behar du. Ezin da etorri berak nahi duenean bakarrik. Konpromisoa duena ariko da bakarrik.
Noiz joaten zarete Iruñera jakien bila?
Ad. Hilabeteko azken astelehen eta asteazkenean. Astelehenetan bi bidaia egiten ditugu. Iruñean jakiak jaso, Nafarroako Gobernuaren lokal batean deskargatu eta hiru pertsona banaketa egiten uzten ditut eta, atzera ere, Iruñera bueltatzen naiz. Lana ia 14:00etan despeditzen dugu. Banaketarako ni eta beste pertsona bat gelditzen gara. Banaketa 15:00etatik 18:00etara egiten da. Jendea etortzen denean, jasotze ziurtagiria sinatu behar dute eta ondoren jakiak hartzen dituzte. Bakarren bat ez bada etorri zerrendan begiratzen dut. Asteazkenean gutxiago etortzen da, fruta bakarrik, eta bi pertsonek azkar egin dezakete lana.
V. Olatzagutira udalak kontratatutako garraiolari batek, Iñaki Larrondok, ekartzen ditu jakiak. Herritan banaketak egiten ditu. Udalak pagatzen dio. Hasieran gogorra zen, kamioia eskuz deskargatu beharra genuen. Orain udalaren orga jasotzaileak deskargatzen du zama. Horrek asko erraztu digu lana.
As. Banaketa egunean taldeak eguna horri eskaintzen dio. Kamioia noiz etorriko zain egoten gara. Lehenik dena deskargatu, ondoren, hartzaile kopuruaren arabera, familiaka jaki banaketa egiten dugu. Boluntario bakoitzak saskietan produktu bat jartzen du, horrela bete arte. Nork berea jasotzera 16:00etatik 18:30era bitartean jasotzen du.
V. Ikusten duzunez, saskiak erdi beteta daude. Otu zitzaidan lehendik genuena, oinarrizko jakiak (arroza, pasta, makarroiak) aurreko egun batean saskietan banatzen hastea, horrela lana aurreratzen dugu. Eta hala segitzen dugu.
Furgoneta zuena da?
Ad. Ez, Irurtzungo Udalak uzten digu. Lastailean hautsita zegoen, Gizarte Zerbitzuen Iturraskarri proiektuko furgoneta hartu behar genuen, baina ezin izan zen eta, azkenean, lagun batek mesede handi bat egin zidan eta bere furgonetarekin ekarri genuen. Behin besterik ez da pasatu, eta berriro ez dadila pasa. Ni boluntarioa naiz, ez dut furgonetak eskatzen ibili beharrik. Nahikoa egiten ari naiz, ez dut bestelako ardurarik nahi. Nik ezin dut dena egin.
Hartzaileen kopuruak zer bilakaera izan du?
Ad. Izugarri igo da, bikoiztu egin da familia kopurua. 90 familia baino gehiagori banatzen diogu hilero. Premia gehiago dago.
V. Hartzaile batzuek esker ona ematen digute. Zerbitzua erabiltzeari utzi dion bakarren bat eskerrak ematera etorri izan zaigu.
Jendeak emandako jakiak hartzen dituzue? Demagun, nire baratzeko patatak hartuko zenituzkete?
Ad. Ez, Iruñean dagoen Nafarroako Elikagai Bankura eraman beharko zenituzke patata zaku horiek.
V. Guk hartu izan ditugu patatak, kuiatxoak, tomateak... Jasotakoa partekatzen dugu.
Nafarroako Elikagai Bankua egoitzaz aldatu da?
V. Ez dugu inolako aldaketarik sumatu.
Ad. Bai. Aldaketa bitartean oso ongi antolatuta egon da banaketa. Beti bidali dizkigute jakinarazpenak. Dena perfektua izan da. Biltegi berritik aurrenekoz lastailean jaso genituen jakiak. Hori bai, aurreko biltegia Irurtzundik gertuago zegoen. Hala ere, ez dago askoz ere urrutiago.
Udaberriko eta udazkeneko jaki bilketan parte hartzen duzue?
A. Ez.
Ad. Beste batzuk arduratzen dira udaberriko eta udazkeneko bilketez.