Saretzen

Sakandarren ia %5ak erabiltzen du Elikagai Bankua

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abenduaren 8a

Olatzagutiko Elikagai Bankuan saskiak jakiz erdi beteta.

Erabiltzaile gehien Burunda mendebaldean daude. Bataz bestekoa eginda Irurtzungoan gehiago daude

Ibarrean hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate daude: Irurtzun aldekoa, Etxarri Aranazkoa eta Altsasukoa. Hiru erakundeek emandako datuen arabera, aurtengo lastailera arte Sakanako 336 familiak, hau da, 988 pertsonak, jasotzen zuten Elikagai Bankuak emandako jakiak. Kontuan izanik ibarrean 20.699 sakandar bizi ginela 2024ko ilbeltzaren 1ean, sakandarren %4,77k jasotzen du laguntza hori. 2020ko datuekin alderatuz gero, 68 familia (%25,37ko igoera) eta 259 pertsona gehiago dira (%35,53ko igoera).  

Mankomunitate bakoitzaren datuei erreparatuta, Arakildik Arruazura arte hartzen duen Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gaur egun 114 familiak eta 310 pertsona dira Elikagai Bankuko onuradunak. Eskualdean 4.398 pertsona bizi dira eta Elikagai Bankuko onuradunak populazioaren %7,05 dira. Sakanako populazioa kontutan hartuta, eremu horretan daude Elikagai Bankuko erabiltzaileen %1,50. Duela sei urteko datuekin alderatuta, sei familia gutxiago (%5eko jaitsiera) baina hamalau pertsona gehiago dira (%4,73ko igoera).

Lakuntza eta Urdiain bitarteko eremua hartzen du Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Gaur egun 71 familiek eta 230 pertsonek eskuratzen dituzte jakiak Elikagai Bankuaren bidez. Eremuko populazioa 6774 pertsonakoa da, beraz, Elikagai Bankuko erabiltzaileen kopurua biztanleriaren %3,40 da. Ibarreko populazioa kontuan hartuta, Sakana erdialdean Elikagai Bankuko erabiltzaileen %1,11 daude. 2020arekin alderatuta 39 familia eta 126 pertsona gehiago dira (%121,88ko eta %121,15eko igoera).

Altsasuk, Olatzagutiak eta Ziordiak bat egiten dute Altsasu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. 151 familiak eta 448 pertsona dira Elikagai Bankuaren bidez jakiak eskuratzen dituztenak. Burunda mendebaldeko populazioa 9.527 da, eta haren %4,70 dira Elikagai Bankuko erabiltzaileak. Sakanako biztanleria datuak kontutan hartuta, Elikagai Bankuaren erabiltzaileen %2,16 Burunda mendebaldekoak dira. Duela sei urteko datuekin alderatuz gero, 35 familia gehiago (%30,17 igoera) eta 119 pertsona gehiago dira (%36,17 igoera). 

Zerbitzua etenda
Bai Etxarri Aranatzen bai Altsasun Elikagai Bankuaren jaki bilketa etenda dago. Etxarri Aranatzen jakiak azkenekoz garilean banatu zituzten. Boluntario talde berri bat osatzen ari da, eta nahi duenak eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke, 948 460 752 telefono zenbakira hots eginez. Jaki banaketa egiteko egoitza egoki baten bila ere badabiltza mankomunitateko arduradunak. 

Altsasun, berriz, atzenekoz apirilean banatu ziren jakiak. Bi gertaerek bat egin zuten. Nafarroako Elikagai Bankuko elikadura batzordeak adierazi zuen jakiak banatzen ziren lokala egokitzapen batzuk behar zituela. Bestetik, boluntarioen taldeak utzi egin zuen. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez beste boluntario talde bat sortzen ari da. Bakarren batek lagundu nahiko balu 948 467 662 telefono zenbakira hots egin beharko luke. Bitartean udala lokalean berrikuntza lanak egin ditu. Litekeena da aurki berriro banaketari ekitea.