Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko Gure Pilota klubak antolatutako XXI. Sakanako Nesken Pala Txapelketan guztira 84 palista lehiatzen ari dira. Guztia antolatzen Miguel Angel Aristorena dago buru-belarri.
Txapelketako hasierako ligaxka ez da Etxarri Aranazko frontoian jokatuko.
Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan obretan daude. Uralitazko teilatua kendu, teilatu berria jarri, aldagelak handitu eta moldatu, aldageletatik aparte beste komuna batzuk jarri eta frontoiko paretak margotuko dituzte. Elegante geldituko da. 80 gaztetxo inguru ditugu Gure Pilota pala eskolan, eta lanak egin bitartean entrenatu ahal izateko Lakuntzako bi frontoiak, Urdiaingoa eta Dorraokoa utzi dizkigute. Oso eskertuta gaude, astero ia 20 entrenamendu ordu ditugulako eta aipatu herrietan guztiak egiteko tokia utzi digutelako, oso ongi portatu dira. Eta, jakina, Sakanako Pala Txapelketako partidak frontoi horietan jokatuko dira. Horrek antolakuntza gehiago behar du, epaileak, pilotak, markagailuak... handik hona ibili beharko ditugulako, baina ilusioarekin aurrera aterako da txapelketa.
Sakanako Pala Txapelketan, beti bezalaxe, palista onenak bildu dira.
Bai, hala da. Eliteko palistek egutegian tarte bat uzten dute gure txapelketa jokatzeko. Oso gustura etortzen dira. Eskerrak eman nahi dizkiet, oso ongi portatzen dira. Batak edo besteak ezin dutenean jokatu euren artean moldatzen dira data lotzeko. Ongi konpontzen gara.
Elite mailan, sei bikote, eta nolakoak.
Bikote oso potenteak dira. Faboritoak nor diren esatera ez nintzateke ausartuko. Urtero finaletan aritzen den Uxue Murillori ni bezalako maiki bat jarrita ere, moldatuko litzateke. Eta gainontzekoak, antzeko.
Lehen mailan Gure Pilotako zenbait palista daude.
Auritze Beltza, Maialen Larraza, Lexuri Lazkoz... Guztiak Euskal Herri mailan hoberenetakoak dira, hauetako hiruzpalauk lasai asko jokatu lezakete elite mailan.
Eta bigarren maila ez da gutxiagorako.
Oso onak dira hauek ere. Bigarren maila hau berezia da. Garai bateko loria zaharrak eta indartsu datozen hasiberriak ariko dira batera. Nahasketa berezi bat da, ea esperimentua nola ateratzen den. Maila ona emango dutelakoan nago.
Neskak gogotsu daude?
Oso. Duela hilabete inguru egutegia jaso zuten eta hasteko desiotan daude. Pala klaseetan topera ari dira, oso animatuta eta hasteko gogoekin.
Yanira Aristorena alabak jarraitzen al du Gure Pilotako monitore?
Ez, aldaketa egon da, Yanira lanean hasi delako. Gure Pilotako nagusiekin, Maialen Larraza, Lexuri Lazkoz eta ingurukoekin moldatu gara. Orain beraiek hasi dira monitore txikiekin, eta nirekin gauzak antolatzen. Oso kuadrilla polita daukat. Eskolan familia bat bezala gara.
Abenduaren 27ko finalen ondoren, bazkari ederra.
Jakina, sukaldaria prest dago. Iaz, finalista bizkaitar batzuk geratu ziren bazkaltzera eta harrituta geratu ziren, genuen giroarekin. Eta aurten, antzeko.
Txapelketan epaile lanetan ariko zara?
Arbitro, eta denetatik pixka bat, hala ibiltzen gara, gustura, frontoian sartuta. Frontoiko mamua bezalakoa naiz (kar-kar).
Maila nagusiko bikoteak
Elite maila: Murillo-Saez, Purroy-Ardanaz, Saez-Ruiz de Azua, Zulaika-Sesma, Salanueva-Gorostiaga eta Galdos-Eizmendi.
Lehen maila: Macicior-Beltza, Inunciaga-Gaintzarain, Garziarena-Sarasibar, Lazkoz-Eguzkiza, Eizmendi-Larraza eta Zabalza-Lusarreta.
Bigarren maila: Olza-Goikoetxea, Amado-Casillas, Jimenez-Garmendia, Irigoien-Agirre, Sasigain-Erauskin eta Biain-Bergera.
Bost asteburu palaz gozatzeko
Guztira 84 palista parte hartzen ari dira Sakanako Pala Txapelketan, sei bikote elite mailan, sei lehen mailan, sei bigarrenean eta gainontzekoak eskola mailako kategorietan. Azaroaren azken asteburuan eta abenduko lehen bi asteburuetan hasierako ligaxkako hiru jardunaldiak jokatuko dira, abenduaren hirugarren asteburuan finalerdiak, eta abenduaren azken asteburuan final handiak. Abenduaren 26an, arratsaldez, kategoria txikiko bost final jokatuko dira, eta abenduaren 27an, goizez, eliteen eta lehen eta bigarren mailako finalak. Ondoren sari ematea izango da, eta bazkaria, Etxarri Aranazko elkarteren batean.