Saretzen

"Errenta pertsonalaren hazkundea baliogabetuta geratzen da prezioen hazkundearekin parekatzen den heinean"

Txomin Madina Milikua / Goiena 2025eko azaroaren 28a

Jon Bernat Zubiri. GOIENA

EHUko Lan Harremanetako Fakultateko Ekonomia Aplikatuko Jon Bernat Zubirik errenta pertsonalaren, izandako hazkundearen eta eremu geografikoka dauden ezberdintasunen inguruko irakurketa egin du.

Errenta pertsonala: zer da zehazki? Zer hartzen du bere baitan eta zeren erakusgarri da?
Errenta pertsonala pertsonek edo familiek dituzten errenta guztien batuketan bataz bestekoa da, hau da, urte osoan zehar jasotako soldata, etekin eta interesen batuketa.

Bataz bestekoa den heinean, goiko errentek asko igotzen dute errenta pertsonala, ez duena klase disparekotasuna, bereziki langile eta enpresarien artekoak, bereizten.

INEren datuen arabera, 2024an Hego Euskal Herriko errenta pertsonala 19.500 eurokoa izan zen, Espainiar Estatuko altuena eta Estatuko bataz bestekoa baino bataz bestekoa baino 3.500 altuagoa. Zer erakusten du horrek?
Egungo Errenta pertsonalak erakunde publikoetatik jasotako transferentziak kontuan hartzen dituen aldagaia da, eta Euskal Herriak Segurantza Sozialera emandakoa baino nabarmen gehiago jasotzen du, pentsio diferentzial altuagoa dugulako soldatak baino, Errenta pertsonala handituz.

Gainera, Kontzertu Ekonomikoa daukagu, gure ekarpena mugatzen duena, eta trantsizio garaian negoziatu zenean %6,23ko ekarpena izatea erabaki zen, garaian euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) Espainiakoaren %7,1 zenean (edo hori dio Pedro Luis Uriarte negoziatzaileak). Gaur egun EAEren BPG Espainiakoaren %5,7 da, eta azken urteetan gutxien igotzen dena da, agian nazioarteko faktoreen ondorioz, baina egoera ez da baikorrak izateko modukoa.

Errenta pertsonal altuagoa izanda ere (transferentzia altuagoak Espainiatik jasotzen ditugulako), pertsona bakoitzeko BPG-ean Madrilen atzetik izatera pasa gara pandemia eta gero.

2016tik 2024ra %40 inguru igo da errenta pertsonal Hego Euskal Herrian: Euskal Autonomia Erkidegoan, %40; Nafarroan, %37,4. Igoera handiak dirudite horiek. Baina benetan, hainbesterakoak dira?
Hori da igoera nominala, baina prezioen hazkunde horren parte handi bat baliogabetzen du, eta hori bereziki larria da bere soldatak edo autonomo batzuen errenta txikien bilakaera aztertzen denean, non bereziki larria izan den lehen mailako ondasunak (elikagaiak, esaterako) eta etxebizitzan kostuak izugarri handitu diren.

2024ako Hego Euskal Herriko datu horiek Europarekin alderatuta, zer?
Euskal Herriak Espainia baino Errenta pertsonal altuagoa du, baino Europan dagoen bataz bestearena baino baxuagoa. Espainiarekin alderatu beharrean, Europara begiratu behar dugu, eta zentzu horretan ez gaude batere ondo, batez ere urtez urte gure abantaila erlatiboak gutxitzen diren heinean (nazioarteko industria lehiakortasunean beherakada, energia eta garraio sektorearen berrikuntza falta...)

Lurralde historikoaren araberako errenta pertsonalaren azken datuak 2023koak dira, eta hurrenkera honakoa da: Gipuzkoak du errenta pertsonal handiena (19.616 euro); bigarren handiena, Bizkaiak (18.738) euro; hirugarren handiena, Arabak (17.806 euro); eta laugarren handiena, Nafarroak (16.423 euro). Eta hurrenkera hori ez da azken datuen araberakoa, 2016an, ere, halaxe zen. Harritzen zaitu hurrenkera horrek? Nola interpretatu behar ditugu datuak?
Bi Araba daude, eta Gasteiz da industria lanpostuen pisu handiena duen hiriburua. Kontua da Lautadaz kanpo Arabako beste biztanle guztiak lehen sektorearen menpeko eskualdeetan bizi direla, eta hori ona da, eta denondako beharrezkoa, egunero jaten dugun heinean, baina atzean uzten ditu errentan ikuspegitik.

Harritzen nauten datuak dira Bizkaia eta Nafarroakoak. Bizkaian 15.000 industria lanpostu desagertu dira 2008ko krisitik ona, eta 25.000 baino gehiago suntsitu dira eraikuntzan. Nafarroan, ordea, hobe mantendu da industria sektorea, autogintzak gidatuta, baina errenta pertsonalen datuan ez du aldaketa handirik ekarri. Gipuzkoan, ordea, nabarmena da ere bai industria beherakada, baina Espainian ez dago Gipuzkoa eta Araba bezain industrialak diren eskualderik.

INEren datuen arabera, lau eskualdetan gainditu zen 2023an 20.000 euroen langa: Plentzia-Mungian (20.697 euro), Debagoienean (20.495 euro); Donostialdean (20.205) eta Gorbeialdean (20.198 euro). Zergatik eskualde horiek?
Kapital errentak (enpresen etekinak, aktiboen finantzarioen interesak etxebizitzen errentak) altuagoak dituztelako eskualde horietan. Berez, Debagoiena kenduta, enplegu eta soldata datuak ez direlako onak beste hiru eskualde horietan. Kontua da klase altuko biztanle gehiago dituztela, eta haien akumulazio gaitasunaren ondorioz errenta pertsonal altuagoa dituztela.

Dena den, 1.000 biztanletik gora duten herrien sailkapenean, errenta altuena duten 25 udalerritatik 13 Bizkaian daude. Baina esan dugun moduan, Gipuzkoa da bataz besteko errenta altuena duena. Zer erakusten du horrek?
Bai, Laukiz da Euskal Herriko udalerri aberatsena, zergatik? Laukizeko ekonomia ondo doalako? Ezta pentsatu ere. Laukiz dagoena da urbanizazio bat, Unbemendi izena duena, eta hor kokatzen dira euskal enpresari inportante askoren etxebizitzak. Errenta ez da Laukizen sortzen, ezta laukiztar gehienei eragiten, baina gutxi batzuen errenta oso altuen ondorioz bataz besteko errenta pertsonala rankingaren buruan kokatzen da.

Antzekoa geratzen da Getxo (askoz handiagoa, Neguri euskal aberatsen herria barne biltzen duena), Loiu (elite ikastetxe pribatuen udalerria), Barrika eta beste batzuetan. Beste neurri batean, aberatsen erresidentzia fenomeno horren ondorioz du Donostiak errenta pertsonal altua, ez hainbeste soldatak eta etekinak hor sortzen direlako.

Eta errenta pertsonal altuena duten 25 udalerrietatik 18k, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzte. Gero eta udalerri txikiagoa izan, gero eta errenta pertsonal altuagoa dago?
Maruri Jatabe hor beste adibide on bat, orain parke eolikoa ez dutela nahi diotenek, noski, hobe pobreen eskualde batean egotea nahi dutelako. Baina bai, errenta non ekoizten eta non disfrutatzen aldearen efektua da hori. Herri txikiagoetara joaten ari dira goiko klaseak, eta haien jabetzak, akzioak, etxebizitzak eta lonjak dira errenta pertsona horien iturri.

Errenta pertsonalak zenbat esaten digu toki bateko garapenaren eta ongizatearen inguruan inguruan?
Gutxi, gaur egun eskualde gehienetan bai soldata eta bai etekin altuagoak dituen biztanleriak beste eskualdera doa lanean, soilik hiriburuetako auzo aberatsenetan kenduta.

Zuzeneko eragina ez izanda, zeharkakoa bai duela esango nuke. Berez auzo edo udalerri batean errenta altuko jendea badago, zerbitzuak eta produktuak kontsumitzen dituzte, sarritan gertuko saltoki edo enpresei eskatuta (janaria, konponketak, aisialdi zerbitzuak…), eta horrek bai ekartzen du garapen efektu eta ongizatea sortzeko aukera, beti ere lanpostu eta enpresa onak sortzeko baldintzak ematen badira.

Orain arte INEren datuak izan ditugu hizpide. Eustaten datuak altuagoak dira, baina sexuaren arabera ere ezberdintzen dute: eta kasu horretan, aldeak deigarriak dira, eta pentsatzekoa neurgailu bat edo beste bat erabili, guztietan antzerakoa izango dela. Ala ez?
Jardunaldi osoko soldatapeko emakume batek gizonena baino 9.000 euro gordineko soldata baxuago du. Eta emakumeen laurden bat ia, eta gizonen gutxiengo bat, jardunaldi partzialeko lanetan egonda errenta oso baxuak dituzte, eta ez badute beste noren errentaz osatzen haien diru sarrerak pobreziara kondenatuta daude.

Lan errentetan hori bada egoera, are eta disparekoagoa da gizon eta emakumeen arteko alde enpresen etekinak, aktiboen interesak eta errentisten eremuan. Askoz gehiago dira gizonak eta askoz gehiago irabazten dute. Emakume eta gizonen arteko errenta disparekotasuna altua eta egonkorra da Euskal Herrian.

Hala, EAEn, 2023an, bataz besteko errenta pertsonala 26.721 eurokoa izan zen. Gizonezkoena, baina , 31.641 eurokoa eta emakumezkoena 21.322 eurokoa. Zergatik dago horrelako aldea? Urteekin handitu, txikitu edo mantendu egiten da?
Alde oso altua da, urtean 10.000 eurokoa, eta alde hori mantentzeko joera du. Berez emakumeak pilatzen direlako soldata baxuko sektoreetan, eta enpresen jabetza eta hain banatzeko joeran guztiz gizon gutxi batzuek kontrolatutako prozesu kapitalista delako.

Azken datu bat, pobreziarekin eta esklusio sozialarekin lotuta: INEk emandako datuen arabera, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arrisku-tasa %14,8 da EAEn eta %18,3 Nafarroan, Biak ere Estatuko bataz bestekoa baino dezente txikiagoa (%25,8) Eta baita Europakoa ere (%21).

Nola interpretatzen dituzu datu horiek?
Bai, 80eko hamarkadaren akaberan euskal industrian porrotaren ondorioz gutxieneko diru sarrerak bermatzeko sistema eraginkorra ezarri zen Euskal Herria, lan gatazka orokorrak krisi politikoa ez eragiteko. Diru sarrerak Bermatzeko Errenta eraginkorra da pobrezia gutxitzeko, baina eraginkorragoa da soldatak hobetzea, enpresa kapitalen jabetza eta etekinak hobe banatzea edo etxebizitzan alokairuak eta erosteko prezioak gutxitzeko politikak, eta ez dira ezin, ez Euskal Herrian ezta Espainian ere ez.