EH Bilduk Kongresura eraman du tren publiko eta sozialaren alternatiba

Guaixe 2025eko azaroaren 28a

EH Bilduko udal hautetsiek 'Denon trena' proposamena aurkeztu zutenean. ARTXIBOA

Euskal Herriko trenbide alternatibei buruzko jardunaldi baten baitan izanen da. Gainera, 'Burgosen, Araban eta Nafarroan tren publiko eta sozial bat egiteko trazaduraren eta proposamenaren azterketa' emango dio Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioari. Sakanako koalizio kideen ordezkaritza izanen da. 

Tren publiko sozial baten alternatiba defendatuko du EH Bilduk Kongresuan gaur, azaroak 28. Euskal Herriko trenbide alternatibei buruzko jardunaldi baten baitan eginen du. Izan ere, abiadura handiko plataforma berri bat eraikitzeko proiektuaren aurrean, EH Bilduk "egungo erronkei modu erabilgarrian, jasangarrian, azkarrean eta errentagarrian erantzuteko alternatiba egoki eta zentzuzkoa" dagoela azpimarratu du. Korridore bakar batean, Denon Trena izeneko alternatiba horrek hiru zerbitzu eskainiko lituzke: herritarrendako aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailearen aurkezpenarekin hasiko da jardunaldia. Ondoren, Trantsizio Ekosozialeko idazkari eta Arabako diputatu Mikel Oterok abiadura handiko trenaren ereduaren mugei buruz hitz eginen du. "Azken hilabeteetan, Abiadura Handiko Trena nondik eta nola igaroko den izaten ari da eztabaida politikoaren ardatz nagusietako bat. Azken hiru hamarkadatan trenbide sarean estatuak egindako inbertsio erraldoietan abiadura handia lehenetsi da, merkantziak, aldirikoak eta sare konbentzionala alboratuz. Eredu horren albo ondorio kaltegarriak begi bistakoak dira, eta berrikuspen bat beharko lukete, trenbideen funtzio anitzak bermatzeko helburuarekin", adierazi du Mikel Otero EH Bilduko diputatuak. 

Proiektu horren aurrean, EH Bilduk defendatzen duen trenbide alternatiba "erabilgarria, iraunkorra, azkarra eta errentagarria" da. "Erabilgarria da jendeari zerbitzua ematen diolako, herriak eta hiriak lotzen dituelako eta industrialdeei zerbitzua ematen dielako. Jasangarria da, lurraldean orbain berririk sortzen ez duelako eta bikoizketak saihesten dituelako. Azkarra da, abiadura handiko plataforma berri baten eta egungo trenbidearen modernizazioaren arteko aldea minutu gutxikoa delako. Eta errentagarria da, Miranda eta Iruñearen arteko kostua % 5 murrizten delako, 500 milioi euro gutxiago".

Jardunaldian EH Bilduko Arabako eta Nafarroako ordezkariak izan dira. Alternatiba "garraio eta mugikortasun eredu bat da, erantzukizunetik abiatuta lurraldearen egituraketa eta kohesioa bermatuko duena, ingurunea babestuz eta herritarrei onura sozial eta ekonomikoa ekarriz". Koalizio kideek gaineratu dutenez, "gure eskualdeen beharrei erantzuteko, jendeari zerbitzua emango dion tren erabilgarria behar da, herriak eta hiriak lotuz eta industrialdeei zerbitzua emanez". Oterok esan duenez, "azken batean, egungo korridorearen modernizazioari esker, denbora lehiakorretan hiriburuak elkartzeaz gain, tokiko geralekuak eta geltoki berrituak ere izango dituen kalitatezko tren publiko eta soziala izatea ahalbideratzen du". 

Jardunaldian David de Andresek eta Kimetz Muntxiak azterlana aurkeztuko dute. Horretaz aparte, EH Bilduk bilera bat eginen du Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioko ordezkariekin eta Burgosen, Araban eta Nafarroan tren publiko eta sozial bat egiteko trazaduraren eta proposamenaren azterketa eman die.