Aurreko egunetan haizeak zuhaitzak eta telegrafo zutabeak bota, teilatuak jaso eta hainbat kalte eragin zituen. Baina igande hartako gaztelaize boladak indartsuagoak ziren. Frontisa elizaren hegoaldeko pareta zen. Ezker paretak frontisaren ondoan zazpi metroko altuera zuen eta azkeneko koadroaren parean hiru. 25 metroko luzera zuen. Zementuzko eta ikatz mineraleko zepazko blokez eginda zegoen, 22 cm-ko zabalera zutenak. Hiru bat urte lehenago jaso zuten pareta.
Ezbeharra
1925eko abenduaren 20ko igande eguerdia. Hamarren bat irintar frontoian zeuden, gehienbat haizetik babesteko. Han zeuden hiru gazte pilotarekin jolasten ari ziren, partidarik jokatu gabe.

Irintarren berezko ohitura zen igande eta jaiegunetako mezaren ondoren pilotan jokatzen aritzea, sakristauak Angelus kanpai hotsak jo arte. Orduan otoitz egin eta guztiak bazkaltzera joaten ziren. Egun hartan sakristauak ezkilak behar baino bost minutu lehenago jo zituen, eta horrek eragotzi zuen ezbeharraren momentuan frontoia jendez beteta egotea.

Gaztelaize bolada indartsu batek ezker pareta errotik bota zuen eguerdian. Soinua herrian entzun zen. Paretaren azpian zazpi irintar gelditu ziren. Haurrak oihuka hasi ziren. Bederatzi urteko Francisco Huarte Irañeta bizirik atera zen, pareta erortzerakoan ondoan zegoen Ruperto Yoldi Baldaren azpian gelditu baitzen. Yoldi hil zen, baina Huarteren bizia salbatu zuen bere gorputzarekin babestean. Mutikoa arin zauritu zen, baina bere anaia Jesus hil zen. Mutikoa izan zen zementu blokeen azpitik atera eta oihuka gertatutakoaren berri ematera joan zen haurretako bat. Oihuek irintarrak erakarri zituzten. Iristean berehala hasi ziren biktimak zementu blokeen azpitik ateratzen. Irintarren artean kezka zegoen, ez baitzekiten etxean ez zeuden senideak non zeuden.
Eskapada ederra izan zuten frontoian zeuden Miguel Balda Unanua, 20 urtekoa, eta Candido Armendariz, 18 urtekoa. Gaztelaize boladak frontoia jo zuenean frontisa eta ezker paretak bat egiten zuen txokoan zeuden, hain justu pareta erori ez zen tokian. Biek ezbeharra bertatik bertara ikusi zuten. Bizitakoarekin erabat beldurtuta eta harrituta gelditu ziren.
Ondorengoa
Herrian ezbeharraren tamainaren berri izan zutenean, irintarren artean mina, oinazea eta izu-ikara zabaldu zen. Hildakoen etxeetan senide guztiak eta lagunak elkartu ziren. Albistea zabaldu zenean laguntzeko asmoz aldameneko herrietatik jendea Irañetara joan zen. Kabildoko apaizak, agintariak, Uharte Arakilgo kuarteleko guardia zibilak, Nafarroako Mediku Elkargoko presidente Serapio Jauregi eta Irurtzungo (Esteban Munarriz), Hiriberri Arakil (Jose Lucea) eta Uharte Arakilgo (Justo Agirre) sendagileak joan ziren.
Irañetako Udalak ezohiko bilkura egin zuen eta erabaki zuen hildakoen lur emate gastuak bere gain hartzea eta dolua adieraztea.

Mezak
Hurrengo egunean bi hileta elizkizun egin ziren, bata, 10:0etakoa, Satrustegiko apaiz Miguel Lizasoain irintarrak eman zuen. Hildakoetako bat bere senidea zen. Meza nagusia Irañetako apaiz Marcelo Garciarena. Irintarrek eliza bete egin zuten. Miguel Irigaray alkatea, Felipe Huarte eta Isidro Lizasoain alkate ordeak eta Miguel Gastesi, Jose Diez de Ultzurrun Opiñena eta Manuel Mendibe Erdozain zinegotziak ere han ziren. Elizkizunean ere izan zen Martin Irurtzun, ordezko udal epailea. Udal idazkaria Pedro Balda zen.

Mezaren ondoren, Garciarenak, aldaretik, euskaraz hitz egin zuen,, malkotan eta emozioagatik etenak eginez. Esan zuen sakonki parte hartzen zuela denei eragiten zien oinazean. Haren hitzek eliztar guztiak hunkitu zituen. Eliztarrei ezbehar mingarria gainditzeko etsipena aholkatu zien. Hildakoen senideendako adore eta kontsolamendu hitzak esan zituen. Eta guztiei hildakoen bakearen alde otoitz egitea eskatu zien. Jakinarazi zuen asteartean eta asteazkenean hildakoen betirako atsedenaren aldeko elizkizunak izanen zirela. Asteartekora herritar guztiak joateko gonbidapena egin zuen. Apaizak hitz egin bitartean makina bat jende negarrez aritu zen.
Ondoko herrietako apaizak zeudela, 15:00etan hilerrirantz abiatu ziren irintar guztiak, bost hildakoei lur emateko.
Hildakoak
Martin Unanua Esain, 21 urte. Bizirik erreskatatu zuten, etxera eraman zuten baina berehala hil zen.
Ruperto Yoldi Balda, 42 urte. Momentuan hil zen buruan hartu zuen kolpe handiagatik.
Pedro Yoldi Ureta, 20 urte. Aurrekoaren iloba. Bere etxera zauriturik eraman zuten eta hurrengo egunean 08:45ean hil zen.
Jesus Huarte Irañeta, 14 urte. Etxera zaurituta eraman zuten, baina berehala hil zen.
Jesus Lizasoain Gastesi, 19 urte. Etxera zeramatela hil zen.
