Sakanako Mendizaleak taldeak 40 urte bete ditu. Lehenengo irteera 1985eko abenduaren 8an egin zuten, Valdezcarayra. Miguel Ulaiar Mendiola etxarriarrak oso ongi du gogoan. Ulaiar taldearen sortzaileetako bat izan zen. "Ideia Etxarri Aranazko Udaberri elkartetik atera zen. Garai haietan elurretara joateko booma zegoen, eta irteera batzuk antolatu genituen Pirinioetara. Candanchu-Astun-Belagua hasi ginen egiten. Oinez ibiltzera joaten ginen gehienak, baina bakoitza bere albiziora ibiltzen zen: gutxi batzuk eski estazioan geratzen ziren, eskiatzen, gehienak mendira joaten ginen, ibiltzera..." gogoratzen du. Udaberrikoak izan ziren irteera haiek prestatzen hasi zirenak, "baina ikustean inguruko herrietatik jende asko apuntatzen zela eta arrakasta zutela, hortik talde bat sortzearen ideia sortu zitzaigun, elkarren artean irteerak antolatzeko".

Miguel Ulaiar: "Udaberri elkartetik sortu zen ideia. Bilera deitu, eta dena martxan hasi zen"
Udaberriko bilera hura
Horrela, Udaberrikoek bilera bat antolatu zuten. 1985eko azaroaren 15ean deitu zen bilera, 21:30ean, Udaberrin, "para tratar sobre la organización de excursiones invernales" Miguelek ongi gordeta duen deialdiko gutunean jasotzen denez. "Udaberriko presidentea Felix Igoa Mozo zen, idazkaria Joaquin Goñi eta ni mendiko gaiekin ibiltzen nintzen. Hiruren artean prestatu genituen gutunak eta Sakanako herri guztietan banatu genituen, aurretik egin genituen irteeretara zein jende joan zen ikusita. Olaztitik Jose Juan Zubiria, Altsasutik Josean Nuñez, Urdiaindik Kontxi Zelaia, Iturmenditik Bitoriano Gabirondo, Bakaikutik Ana Kaiola, Etxarritik gu geu, Arbizutik ere bai, Lakuntzatik Jose Luis Lizarraga eta Peña, Uhartetik baita ere... Guztiak bileran elkartu ginen eta bertan mendi irteeren programazio bat prestatu genuen. Asmoa zen uztaila eta abuztua kenduta hilero irteera bat egitea, autobusez, elkarrekin. Herri bakoitzeko arduradunak jarri ziren, lehen aipatutako izenak. Arduradun bakoitzak bere herrian izena ematen zuen jendearen izenak hartzen zituen" oroitzen du.
Lehen egutegia
1985eko lehen irteera Valdezcarayra izan zen. Datu guztiak ongi jasoak ditu Miguelek. 88 helduk eman zuten izena (herriz herri ditu datuak xehatuta), eta 52.800 pezetako gastua izan zuen irteerak. Atzetik Belagua (150 pertsona), Candanchu (155), Orhi-Irati (58), Zuriza-Linza (65), Hecho (79) eta Anboto (46) etorri ziren, eta uztaileko eta abuztuko atsedenaldiaren ondoren, Moncayo (62), Zuriza (110), Gorbeia (74), Iparla (60) eta Belagua (daturik gabe). "Hasieratik oso harrera ona izan zuten irteerek. Urte hasieran, neguan, Pirinioetara joaten ginen, elurrarengatik, eta gero beste tokietara".

Taldea 1985. urtean sortu zen, baina urte batzuk pasata erregistratu eta legeztatu zuten. "Udaletxeek dirulaguntza ematen zigutenez, hura justifikatzeko legeztatu beharra genuen, eta hala egin genuen".
Miguel Ulaiar taldearen hasierako presidentea izan zen. "11 urtez izan nintzen presidente, baina Gipuzkoan lan egiten nuenez, eta ikusita ingurukoak aurrera eman behar ziren lanak egiteko trebe zirela, zuzendaritza utzi nuen. Pello Ruiz lakuntzarra jarri zen presidente orduan, eta ni mendi irteeretara joaten nintzen. Jubilatzerakoan, kontabilitatearen ardura hartu nuen, Jeronimo Mendoza olaztiarrak kargua utzi zuelako. Bere ordez sartu nintzen juntan, hiru urte pasa egon nintzen. Pello Ruizek presidente izateari utziko zuela esan zuen berriki, eta horrenbeste urteren bueltan, berriro presidente naiz" dio, irribarrez. Ez omen da lan handia, "baina jarraikortasuna izan behar da. Gaur egun WhatsApp-ez funtzionatzen dugu. 123 pertsona gaude taldeko WhatsApp-ean, eta irteera bat dugunean aurreko astean jendeak bertan ematen du izena eta gainean egon beharra dut, nik hartzen baititut izen guztiak".
40 urteetan hileroko irteerari eutsi diote
40 urte hauetan, pandemia garaian izan ezik, irteera gehienak atera dira, gutxi batzuk izan ezik, "eguraldiagatik edo elurrarengatik bertan behera geratutakoak, baina oso gutxi. Pandemiatik hona, ez da aleren bat ere ez egin gabe geratu. Guztiak atera dira aurrera. Alde horretatik, hileroko irteera berdin berdin mantendu dugu 40 urte hauetan". Irteera arrakastatsuena elurretako irteera izaten zen. "Sakanatik hiru autobus ateratzera ailegatu ginen". Gaur egun, uda aldera kostara egiten duten irteera eta Pirinioetakoak dira arrakastatsuenak.
Garai batean irteera bakoitzean bi aukera izaten ziren, bata luzeagoa, eta mantsoagoa bestea, "baina aspaldi utzi genion, denok batera joatea nahiago dugulako, politagoa da. Normalean bi plan prestatzen ditugu, 15 km ingurukoa bata, eta distantzia erdikoa bestea, eguraldi txarra egiten badu. Aurrean doanak talkie bat darama, atzekoak beste bat, eta koordinatzen gara. Guztiok argi duguna da prestatutako programa, ibilbidea eta erritmoa errespetatu beharra dagoela. Azkenari begiratzen joaten gara, hura babesten".
Irteeretara batez beste 40 lagun joaten dira, "baina kostako irteerara bi autobus joan ginen eta 40. urteurreneko irteeran 61 mendizale geunden izena emanda bazkaltzeko".
Miguel Ulaiar: "Hilero irteera bat ateratzea zen asmoa, eta 40 urte hauetan hala egin dugu"
Saigots-Sorogain
Sakanako Mendizaleak taldekoek abenduaren 14an ospatu zituzten 40 urteak. GR225 Ezkabako ihesaldia osatzen ari dira, eta ibilbidearen hirugarren etapa egin zuten, Saigotsen hasi eta Sorogainen despeditzen dena, 15-16 km ingurukoa, Pirinioaurrean. Eguraldia lagun, ibilbidean ezin hobeto aritu ziren eta gero Auritzen, Loizu jatetxean, bazkaltzera bildu ziren 61 lagun inguru. "Sakanako Mendizaleen logoarekin diseinatutako Buff horietako bat, 2026 urteko egutegia eta Laboral Kutxak oparitutako poltsa batzuk jaso genituen opari, eta egun oso polita pasa genuen".
Aralar, Beriain eta beste
Sakanako mendizaleek ez zuten abenduaren 21ean Aralarren hutsik egin. Mendigoizaleen Eguna zen, oroimen eguna, joandakoak oroitu eta aspaldiko lagunekin egoteko eguna. "Egun berezia izaten da, Nafarroako mendizaleekin elkartzen gara, Nafarroatik mendizale gehienek Aralarrera egiten dutelako irteera Gabonen aurreko igandean. Gu Uharte Arakildik igo ginen".
Urteko azken egunean, klub bakoitzak bere ohitura propioak izaten ditu. Sakanako Mendizaleak ez da, berez, mendi klub bat, hainbat mendi klubek elkarrekin irteerak antolatzeko taldea baizik. Iratxokoek Ergara jotzen dute, Zabalartekoek Lakuntzaskoarrira, eta Aralarrera eta Beriainera jotzen dutenak ere badaude. "Larrañetakoek Urbasara jotzen dugu, mendiko txabolara. Artzaina den lagun batena da, hura konpontzen laguntzen genion, eta han egiten dugu urteko azken irteera eta hamaiketakoa".
Miguel Ulaiar: "Gazteak animatu nahi ditugu, polita litzateke. Probatu dezatela"
2026ko egutegia prest
Sakanako Mendizaleek urteko lehen irteera egina dute. Ohitura denez, Errege Egunean Beriainera jo zuten eta ilbeltzaren 11n lehen irteera egin zuten: Virgen de la Peña-Burgi. Otsailekoa Irañeta-Oderitz izango da, martxokoa Ioar, apirilekoa Alaiza-Aranako Done Bikendi (Sakanako Ibilaldian parte hartzen dute ere bai), maiatzekoa Sorogain-Urepel (Ezkabako IV. etapa), eta ekainekoa Ezkarai. Udako atsedenaldiaren ondoren, irailean Bidankotze, urrian Pikatua-Otsagi eta Euskal Herriko Erdigunea, azaroan Zeanuri-Gopegi, eta abenduan Oibar eta Mendigoizaleen Eguna iritsiko dira. "Urtero irteera berriak antolatzen saiatzen gara".
Sakanako klubetara gazteak erakarri nahi dituzte. "Jende asko ibiltzen da mendian, baina gazte gehienak bere albiziora aritzen dira, ez dira mendi taldeetan sartzen. Gure irteeretara betikoak joaten gara; gehienak jubilatuta gaude, eta ez daudenak, arrimatzen. Zergatik? Galdera ona da, gustatuko litzaidake jakitea. Gazteei euren albiziora ibiltzea gustatzen zaie, talde txikietan, eta topera aritzen dira. Nolanahi ere, jende gaztea etortzea polita litzateke. Gure ateak zabal-zabalik ditugu, ea animatzen diren. Ongi pasatzen dugu, giro ona dugu. Probatu dezatela".


