Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Bilbon antolatutako Pizkundea ekitaldian 6.500 euskaltzale elkartu ziren abenduaren 27an. Tartean makina bat sakandar izan ziren. Ekitaldian Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak euskaltzaleak antolatzeko deialdia egin zuen. Horretarako aukera euskalgintzako erakundeek eskaintzen dutela azaldu zuen. Baina partekatzen dugun bizitzako edozein espaziotan "antolatu gaitezen, eta elkarrekin piztu ditzagun han eta hemen euskaltzaletasunaren txinpartak, euskarari berriro ere Pizkunde bat emateko. Euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko".
Antolakuntza horretan laguntzeko Kontseiluak Bilbon Euskaltzaleon gida aurkeztu zuen. Sei jarraibide daude gidan, "bakoitza txinparta bat da pizkunderako".
Euskaraz bizitzeko hautua egin
Gidako aurreneko jarraibidea da: "euskalduna bazara euskaraz bizitzeko hautua egin: erabili bizimoduko eremu guztietan, lehenetsi euskarazko kultur eskaintza, euskarazko hedabideak, euskarazko edukiak…" Kontseilutik euskaldunoi eskatu zaigu gure inguruan eragiteko: "erraztu zure jarrerarekin euskaraz zailtasun gehiagorekin ari direnak eroso sentitzea. Hurbildu euskara ez dakitenei". Norberak kontzientzia hartzea garrantzitsua dela gaztigatu du: "ohartu euskara minorizatutako hizkuntza dela eta zu zeu minorizatutako hiztuna. Euskararen alde hartzen ez den erabaki bakoitzak minorizazioa indartzen duela".
Euskara ikasi
Euskararen "jabe" ez direnendako jarraibidea ere badu Euskaltzaleon Gidak: "eman ezazu ikasteko pausoa. Edo, behintzat, euskarara hurbiltzeko pausoa. Erraztu zure jarrerarekin euskara normal erabiltzeko aukera". Etorkizunera begirako eskaera ere egin die: "eman euskara zure ondorengoei". Aldi berean, euskaldunak ez direnei Kontseiluak eskatu die ohartzeko euskara "minorizatutako hizkuntza bat dela eta minorizatutako hiztun komunitatea euskaldunena, eta ondorioz babestu haien aldeko berdintasun eta berme politikak". Zeren, "euskararen alde hartzen ez den erabaki bakoitzak minorizazioa indartzen duela".
Ez normalizatu eta isildu hizkuntza eskubideen urraketarik
Kontseiluaren hirugarren jarraibideak horixe eskatzen du. Eta hizkuntza eskubideen urraketarik sumatuz gero, "eman horren berri Hizkuntz Eskubideen Behatokiari Euskararen Telefonoaren bidez (labur.eus/h2ajchi6)". Nabarmendu dutenez, "gauzak aldatzeko garrantzitsua da gertatzen zaigunaren berri elkarri ematea eta plazara ekartzea".
Kezkak partekatu
Gonbidapena da Euskaltzaleen gidan dagoen laugarren jarraibidea: "zure ingurukoekin partekatu euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka. Hitz egin hizkuntzen auziaz, zure bizipenez. Entzun besteenak. Izendatzen ez dena ez da existitzen". Bilboko ekitaldian Eskisabelek elkarguneen "premia" azpimarratu zuen: "elkarguneak erabileraren eta gaitasunen apaltzeak edota erronka berriek sorturiko kezkak partekatzeko. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko".
Azken finean, "elkarguneak, horren guztiaren aurrean elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko. Elkarguneak euskaltzaletasuna adierazteko eta bizitzeko".
Euskara lehentasuntzat jo
Kontseiluaren eskaera da "zure lehentasun sozial eta politikoetara ekarri euskararen auzia". Eskaera zehatza egin du ere: "beste hainbat gairekin egiten duzun bezala, zure botoa erabaki aurretik ezagutu aukeran dauden indar politikoek nolako hizkuntza politika proposatzen duten".
Antolatu euskaltzale gisa
Euskalgintzako Kontseiluko kideen iritziz, "egungo munduan euskaraz bizitzeko, eta euskara bizi dadin, ezinbestekoa da beste Pizkunde bat eragitea. Eta hori gertatzeko euskaltzaleen mugimendu indartsua behar da. Beraz, antolatu". Antolatu euskalgintzak horretarako eskaintzen dituen erakundeetan, esate baterako, herrietako euskara elkarteetan, Taupa mugimenduan edota Euskal Herrian Euskarazen. Antolatu euskaltzaleak kuadrilletan, ikastetxeetan, lantokietan, kirol eta kultur elkarteetan, mugimendu sozial, sindikatu eta alderdien baitan. "Gure bizimoduko gune horietako bakoitzean bultza ditzagun euskararen aldeko erabaki, jokabide eta jarrerak. Euskararen alde hartzen ez diren erabakiek minorizazioa indartzen dute".
Bilboko ekitaldia dei batekin despeditu zuen Eskisabelek: garagartzaroaren 13an Iruñea izatea euskaltzaleon bilgunea. "Bitartean piztuko ditugun txinpartak elkarren ondoan jartzeko. Berriro ere elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko. Guztion beharra du euskarak, guztion beharra du Pizkundeak!"