Astekaria

"Alternatiban ikuspuntu guztiak sartzen dira"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 12a

Mikel eta Igor Altsasuko geralekuan. Ezkerrean, trenbidea bikoizteko espazioa.

Igor Lanz Rapunek eta Mikel Azkargorta Boalek Trenaren aldeko herritarrek Abiadura Handiko Trenaren (AHT) egitasmoaren aurrean alternatiba dagoela adierazi dute behin eta berriz azken aldian: tren publiko eta soziala.

Tren sozialaren aldeko ekintzaileak lanpetuta dabiltza informazio hitzaldi, alegazio eta manifestazioaren prestaketarekin.

Zeren garaia da orain?
Igor. Guztiok alegazioak aurkezteko. Altsasun eginen den manifestazioan parte hartzeko. Erakusteko herritarrok ez gaudela Sakanan barna AHTko tren plataforma berri bat jartzearen alde. Dena apurtu eta txikituko du. 

Mikel. Gure planteamenduarekin lortuko genuke plataforma bakarretik mota guztietako trenak pasatzea: pertsonak eta herriak lotuko dituen aldiriko trenak, merkantzia trenak eta distantzia ertain eta luzeak egiten dituzten trenak.

Nola geldi daiteke "orain" AHT?
M. AHTren azterlanari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago. Hasiera batean martxoaren 6ra arte zen, baina 27ra arte luzatu dute. 

Zer eskatzen duzue alegazioetan?
I. Tren publiko eta soziala izatea. Herritarrendako tren bat nahi dugu. Sakanan geltoki eta geraleku gehiago izan ditzala. Eta AHT pasa behar bada, pasa dadila behar duen abiadurarekin.

M. Horrekin batera, AHT eraikitzeak eragingo lukeen txikizioa salatzen dugu. AHTrendako plataforma berri bat egitea diru xahuketa dela. Ez da eraginkorra ez biztanleriarendako, ez ingurumenarendako. Sakanako udaletxe guztietan alegazioak aurkezteko aukera dago. Eta, herriaren arabera, badaude alegazioak betetzeko beste toki batzuk zeinetan alegazioak eta horiek jasotzeko kutxak dauden. Udaletxera joan ezin dutenek puntu horietan bete dezakete alegazioa.

I. Garrantzitsua da norberak alegazioa udaletxera eramatea. Bestela, bi dokumentu bete behar dira. Batetik, alegazioa. Eta, ondoren, plataformako kideei baimena eman behar diezu zure alegazioa udaletxera eramateko. Bi agiriak sinatzea garrantzitsua da.

Herriz herri ibili zarete, zertan?
M. Hamasei hitzaldi egin ditugu eta 700 pertsona izan dira. Herrietarako Ministerioaren AHTren planteamendua aurkeztu dugu lehenik. Ondoren tren sozialaren alternatiba azaldu dugu.

I. Herritarren babesa jaso dugu. Hitz egin dugun jendearekin trenaren alde daude. 

AHTri buruzko mitoren bat deseraikitzea tokatu zaizue?
M. Hainbat mito bolo-bolo dabiltza. Esaterako, Altsasuk AHTko geltokia izanen duela. Ministerioaren eredua hiriburuak lotzen dituen tren azkar bat da.

I. Beste mito faltsu bat da AHTk merkantziak eramanen dituela. Merkantziek ezin dute halako abiaduran bidaiatu. 

AHTren Iruñea-Altsasu azterlana da mahai gainean dagoena. Baina Euskal Y eta Nafarroako korridorea non lotuko duten zehazteko dute oraindik?
M. Oraingo honi lehen fasea deitu diote. Bigarren fasean Etxarri Aranatz eta Bakaiku artean hasiko liratekeen bi aukera daude: Ezkio-Itsason edo Gasteizen lotzea. Etxarri Aranatz eta Bakaikutik mendebalderantz txikizioa bikoitza litzateke, AHTren bi faseak hartuko lituzketelako Burundako herriek. 

I. Itxaropen bakarra da daukagun trenbidea berreskuratzea eta berrerabiltzea da. Eta handik tren mota guztiak pasa daitezela.

Bitartean, zer?
M. Altsasuko Iortia kultur gunean hitzaldia emanen dugu gaur, martxoak 6, 18:00etan. Azkena da. Bestetik, AHTren txikizioaren aurrean, herritarron trena leloa duen manifestazioa deitu dugu Altsasun martxoaren 14rako. Sakanako jendartea parte hartzera animatzen dugu. Erakusteko proiektu hori ez dela Sakanak nahi eta behar duena. Tren sozialaren alternatiba dago, benetako zerbitzu publikoa emanen lukeena.