Sakanako Industria Biziberritzeko Mahaia Dinabiden bildu zen martxoaren 4an. Bilera horrekin ibarreko industriaren etorkizunerako ekintza plana zehazteko prozesuaren bigarren faseari hasiera eman zioten. Prozesu horren helburua da Sakanako industria ehuna sendotzeko eta eskualdeko lehiakortasuna indartzeko neurri eta ekintza zehatzak adostea, erakunde publikoen, enpresen eta lurraldeko eragileen arteko lankidetzan oinarrituta. Fase berrian, mahaiaren parte diren erakundeek proposatutako ekintzak aztertu eta lehenesteko lana egingo dute, ondoren Sakanako industriaren biziberritzerako ekintza plan bateratua adosteko.
Bileran Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko ordezkariak, Sodena, Nafarroako Analisi eta Prospektiba Bulegoa, Sakanako Enpresen Elkartea, Sakanako ordezkariak eta Sakanako Garapen Agentziako teknikariak izan ziren.
Planaren abiapuntua Sakanako industria ekosistemaren diagnostikoa da. Esan zutenez, "Sakanako industria sarearen hazkundea nabarmentzen da: %6koa 2017tik. Gaur egun 1.250 milioi euro fakturatzen ditu". Azterketaren arabera, Sakanako metalurgia, produktu metalikoak, elikadura eta osagai elektrikoko enpresa sareek ibarreko industria fakturazioaren %70 baino gehiago biltzen baitute. Datuen arabera 2017 eta 2023 artean hazkunde joera orokorra izan duela Sakanako industriak, eta fakturazio bolumen handiena 2023an lortu zuen (1.250 milioi euro).
Bestalde, lau balio kate estrategiko handiak nabarmentzen dira: nekazaritzako elikagaiak (254 milioi euroko fakturazioa eta hazkunde handia 2017tik), metal mekanika eta osagai elektrikoak (600 milioi euro baino gehiago eta enplegu kualifikatu handia), agregakinen, zementuen eta eraikuntza materialen sektorea, baita energiarena ere, berriztagarriekin eta biltegiratzearekin lotutako enpresa berritzaileen presentziarekin. Gabeziak ere antzeman zituzten: talentua atxikitzeko zailtasuna, enpresen zatiketa, Enpresa Txiki eta Ertainen digitalizazio mugatua eta industrialde batzuen ahalmen elektriko eskasa.