Pizkundearen lehen txinparta Bilbon abenduaren 27an egindako ekitaldi batean izan zen. Han iragarri zuten bigarren txinparta Iruñean izanen zela, garagartzaroaren 13an. Euskalgintzaren Kontseiluko kideek "egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eraman" nahi dute euskara. Eta txinparta horien bidez "Pizkunde berri baten premia gizarteratu" nahi dute.
Kontseiluko kideek azaldu dutenez, "gizarteko esparru zabal batean partekatutako diagnostikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuko azken hamarkadetako susperraldia moteltzen ari dela. Horren aurrean, azken urteetan behin eta berriz azpimarratu da hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko beharra, paradigma berri batena". Gaineratu dutenez, "Kontseilua osatzen duten askotariko erakundeen, eta, halaber, Kontseiluak berak eratutako Batuz Aldatu dinamikarekin bat egin duten ia 150 eragile sozialen ustez, argiak dira jauzi horren oinarriak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera normalerako baldintzak sortzea".
Hala ere, Kontseiluko kideek nabarmendu dutenez, "euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat da, eta, ondorioz, herritarren eta gizartearen inplikazioa ezinbestekoa da aurrera egiteko". Horregatik, "mobilizazioaren bidez gizarte mugimendu zabal baten beharra azpimarratu nahi dute, euskaltzaletasunaren giharra indartzeko".
Pizkundearen ideia gizarteratzeko eta kulturak prozesu horretan duen garrantzia azpimarratzeko ekitaldia izan zen Bilbokoa. "Iruñeko hitzorduan, berriz, herritarren ekarpena izango da ardatza: euskaltzaletasuna egunerokoan nola landu eta sustatu" azpimarratuko dute Kontseiluko kideek. "Gure historia garaikidean euskara kinka larrian izan da beste une batzuetan ere, baina euskaltzaletasunak ekarri du bizirik gaurdaino. Beraz, badela harro egoteko motiborik, eta egungo egoera zaila izanagatik, badela itxaropenerako arrazoirik. Garagartzaroaren 13an Iruñea, euskararen eta euskaltzaleen bizi indar horren erakustaldi izatea da mobilizazioaren xedea", azaldu dute.
Iruñekoaz
Euskaltzaleon Martxa hartuko du Nafarroako hiruburuak garagartzaroaren 13ko arratsaldean. Kontseiluko kideen asmoa da Iruñeko kaleak betetzea. Horretarako, hiru zutabe osatu nahi dituzte, bakoitza gune batetik abiatu eta puntu batean bat eginen dutena. Han ekitaldi nagusia eginen dute. Zutabe bakoitzak euskararen pizkunderako ezinbestekotzat jotzen duten hiru oinarrietako bat ordezkatuko du.
Lehenengoa, euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan dadila aldarrikatuko du. Bigarrena, hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko ditu. Eta hirugarrena, berriz, euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko du, azpimarratuko du egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia.
Kontseiluko kideek azaldu dutenez, "garagarrileko hitzordua Pizkunderako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da. Euskaltzaleok antolatzeko beste pauso bat, euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bulkada".
Antolatzaileek Iruñera joateko eta zabalpenean laguntzeko deia luzatu diete Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztiei. Laguntzeko edota parte hartzeko asmoa dutenek informazio, material eta baliabide guztiak www.pizkundea.eus webgunean aurkituko dituzte, baita harremanetarako bideak ere.
Azkenik, Kontseilukoek jakinarazi dute Korrikan mobilizaziora deitzen duten hiru lekuko hartze izanen direla. Honakoak dira: Eskirotzen (Nafarroa) 643. km-a, martxoaren 22an 04:01etan; Azkainen (Lapurdi) 1.541. km-a, martxoaren 25ean 02:58etan; eta Bilbon (Bizkaia) 3.436. km-a (azken aurrekoa), martxoaren 29an 12:13etan Plaza Biribiletik hasita.