2025eko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainari ekingo diote Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilaren lehen egunetan. Horrekin batera, UEMAk, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egingo du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari da urtez urte, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago, eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.
Errenta aitortzeko epea Nafarroan apirilaren 9an zabaldu eta garagarrila 25era egin ahal izango dira aitorpenak.
Autolikidazio proposamena, eta beste
Nafarroako Ogasunak hainbat herritarrei errenta aitorpenaren proposamena bidaltzen die. Proposamen hori euskaraz jaso ahal izateko hizkuntza aldaketa egiteko eskaera egin beharra dago. Hori labur.eus/ErrentaEuskarazNafarroa helbideren bidez egin behar da. Behin aldaketa eginda, aurrerantzean errenta aitorpenaren proposamena euskaraz jasoko da.
Telefono bidezko eta aurrez aurreko arretarako hitzordua hartzerakoa, ogasunarekin harremanak euskara izan nahi ditugula adieraz dezakegu. Horrela eskatuz gero ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakegu herritarrek, bai bulegoan aurrez aurre, bai telefonoz edo Internet bidez ere.
Interneteko kasuan, Nafarroako Ogasunaren errenta.nafarroa.eus webgunean sartu, eta hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen dutenek, berariaz adierazi beharko dute aitorpena euskara egin nahi dutela. Beste modu batean egiten dutenek, esaterako finantza erakunde baten bidez, euskaraz egiteko eska dezakete.
Alde handiak lurralde batetik bestera
UEMAk, ohi bezala, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin. Horiek azaltzeko, besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin.
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera.
Gipuzkoan, esaterako, Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan.
Bizkaian, berriz, Amoroto (%27,9), Mendexa (%23), Aulesti (%22), Ispaster (%18,7) eta Gizaburuaga (%16).
Nafarroako Foru Ogasunak ez ditu ematen herriz herriko datuak, baina UEMAri jakinarazi diotenez, "UEMAko kide diren Nafarroako udalerri guztiak %0 eta %10 bitarteko portzentajean mantentzen dira".