Aske antolakundeak Zaballako espetxera martxa antolatu zuen 2023ko abenduaren 30ean. Ertzaintzak kartzelara gerturatzea galarazi eta parte hartzaileak identifikatu zituen. Guztiei 1.200 euroko isun bana jarri zieten. Tartean dozena bat sakandar zeuden. Askek administrazioarekiko auzi-errekurtsoak aurkeztu zituen. Helegiteen bidez, errepresioaren kontrako eta amnistiaren aldeko antolakundeak isunak kentzea eta egoera berean egon zitekeen edonorendako lege aurrekaria sortu nahi zuen.
Askeko ordezkariek jakinarazi dutenez, epaitegiko " 1. eta 3. salek helegitea ontzat jo dute eta 2. eta 4. salek, aldiz, helegiteak ukatu dituzte, poliziaren egiazkotasun printzipioa baliatuta". Askeko kideek gaineratu dutenez, "ondorio ekonomikoei erreparatuta, egoera larria da. Helegitearen kontra sententziatutako isunen kantitateari, errekurritzeak eragindako errekarguak eta gastu judizialen dirua gehitu behar zaio eta, horrenbestez, isuna osotara 96.480 eurokoa da".
Antolakundeko kideek azaldu dutenez, "inposatu diguten kalte ekonomiko horri modu kolektiboan erantzun" nahi diote. Horregatik, "isunek dakarten kalte ekonomikoari aurre egiteko dirua biltzeko elkartasun dinamika bat jarriko dugu martxan". Laguntza bonoak, kamisetak eta ekarpenak egiteko bideak jarriko dituztela jakinarazi dute. Horregatik, "ezinbestekoa izango da elkartasunaren debekuaren kontra dagoen norbanako zein kolektibo ororen laguntza eta ekarpena". Laguntzeko eta kanpainetan parte hartzeko deia egin dute.
Irakurketa
Askeko kideek adierazi dutenez, "ez dugu epai baten oniritzirik behar gure aldarrikapen politikoak gauzatzea zilegi dela aldarrikatzeko, eta epai batek kontrakoa sententziatzeak ez dio inoiz gure aldarrikapen politikoei zilegitasunik kenduko". Azpimarratu dutenez, "ez dugu estatu espainolaren interesetara eraikia dagoen justizia deituriko horretan sinisten. Gaineratu dutenez, "agerian geratu dira justiziaren desoreka eta epaileen subjektibotasuna sententzia horien bitartez. Izan ere, bi epailek isunaren aplikazioa antikonstituzionaltzat hartu duten bitartean, beste biek ontzat jo dute poliziaren egiazkotasun printzipioa oinarri hartuta".
Aldi berean, Askekoek gogoratu dute isunak jarri zizkietela "Mozal Legeak poliziari ematen dion inpunitate eta arbitrariotasunarengatik. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak pertsona bakoitza diru kantitate onartezina ordaintzera kondenatu du amnistia aldarrikatzeagatik eta Euskal Preso Politikoekiko elkartasuna defendatzeagatik".
Antolakundeko kideen iritziz, "Mozal Legeak, azken finean, pertsonak desmobilizatzea du helburu. Norbanakoak asumitu ezin duen isun baten inposaketaren bitartez, protesta politikoa egiteari utzi eta otzanak bilakatzea bilatzen du". Aitzitik, pertsonak indibidualizatzen eta atomizatzen dituen mozalaren aurrean, estatuaren oldarraldiari modu kolektiboan erantzutea erabaki genuen Aske antolakundetik".
Gogorarazi dutenez, "protesta soziala eta elkartasuna debekatu nahi dituzten neurri politikoen kontrako elkartasun kanpaina jarri genuen martxan". Ondorioz, hainbat herritan elkartasun egunak antolatu dituzte."Ez geunden prest Eusko Jaurlaritzak jarritako isunak hala nola ordaintzeko. Izan ere, isun honek eskubide zibil eta politikoak auzitan jartzen zituen momentutik, guregatik baino egoera berdinean egoteko arriskuan aurkitzen diren guztiengatik borrokatu beharra genuen. Hau da, Euskal Herri Langilearen protesta politikorako eskubidea defendatzeko isun horiek borrokatu beharra genituen", azaldu dute. Azkenik, "debeku bilakatu nahi duten elkartasunaren aurrean, Euskal Preso Politikoen zein amnistiaren aldeko borrokan murgiltzeko deia luzatzen diogu Euskal Herri Langileari".