Sakanako Mankomunitateak Sakanako Hiri Hondakinen Estrategia 2025-2035 argitaratu du, hondakinen kudeaketa zerbitzu eraginkorra nola eskainiko duen azaltzen duen agiria. Dokumentua sakana-mank.eus webgunean kontsulta daiteke. Estrategia zehazterakoan Mank-eko arduradunek Europako, estatuko eta Nafarroako legediak izan dituzte kontuan, eta beraien ikuspegia gaineratu diote. Horretarako baliagarria izan zaizkie 2024an sakandarrei egindako galdeketaren emaitzak.
Helburua argi dute: "Zero Hondakin Sakana izan nahi dugu". Horretarako, "beharrezkoa da hainbat eragileren konpromisoa: Mank, sakandarrak, komertzioak, enpresak, udalak, ikastetxeak…" Eta helburua lortzeko Mank-ek "herritarrei, dendei eta enpresei lagunduko die, hondakinak murriztu eta gehiago birziklatu ditzaten". Horretarako, lau ardatzetan oinarrituko da: zirkulu ekonomia baterako trantsizioa; hondakinen sorreraren prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea lehenetsiko ditu; hondakinak kudeatzeko sistema eraginkorragoa sortzeko lankidetza eta berrikuntza eta, azkenik, enpresei hondakinak murrizten eta gehiago birziklatzen laguntzeko informazioa eta ekimenak eskainiko ditu.
Lau lehentasun
Mank-ek bere estrategia gauzatzeko lau lehentasun ezarri ditu. Aurrena da zirkulu ekonomiaranzko trantsizioa egitea. "Aldaketa lortzeko modurik onena hondakinei buruz dugun ikuspegia birpentsatzea eta ekonomia zirkularraren printzipioak hartzea da. Printzipio horiekin, gure baliabide finituak modu eraginkorrean kontserbatzen eta erabiltzen dira. Gainera, zirkulu ekonomiaranzko trantsizioak ere aukerak eman ditzake hazkunde berderako eta enplegua sortzeko". Horretarako lau neurri hartuko dituzte: Sakanako Konposta marka sustatu eta udalerri bakoitzean kanpaina eta banaketa bidez erabiltzeko bidea emanen da; zirkulartasun irizpideak aplikatzea erosketa publikoaren barruan; konponketa sustatzea eta konponketarekin lotutako prestakuntza bultzatzea eta hondakinen hierarkia aplikatzea.
Bigarren lehentasuna hondakinen hierarkia aplikatzea da. Garrantzia handienetik txikienera: prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea, berreskuratzea eta eliminazioa. "Zerbitzuak diseinatzean eta erabakiak hartzean, Mank-ek hierarkia horri jarraituko dio, prebentzioa lehenetsiz eta hondakinak zabortegian ahalik eta gutxien isuriz". Bost neurri aurreikusi dituzte: herritarrak kontsumo iraunkorraz eta elikagaiak alferrik galtzearen aurkako ekintzez sentsibilizatzea; ekitaldietan hondakinak prebenitzeko materiala ematea eta aholkua ematea; berrerabiltzeko eta konpontzeko programa finkatzea; Zero Zabor Komertzioak programaren finkatzea eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen berrerabilera handitzea.
Gehiago birziklatzeko sustatzeko sei neurri hartuko ditu Mank-ek: materia organikoa bereizteko azpiegitura eta materialen eskuragarritasuna hobetzea; garbiguneak arratsaldez ere irekitzea; garbigune finko bat gehiago eraiki; eraikin publikoetan hondakinak bereizteko oztopoak identifikatzea eta konponbideak diseinatzea; errefusarentzako edukiontziak mugatzea eta gai birziklagarrietarako edukiontzien kopurua handitzea.
Elkarlana eta berrikuntza da hirugarren lehentasuna. "Ezagutzak eta esperientziak partekatuz, aldaketa azkarragoa eta eraginkorragoa izatea lortzen dugu". Arlo horretan hiru neurri hartuko dira: zehapen araubidea aplikatzeko protokoloa eta irudiak kudeatzeko protokoloak eguneratzea, Mank-en Hondakinen Batzordearen bilerak egitea eta hondakinak legez kanpo uztea edo isurtzea saihesteko lankidetza eta prestakuntza aukerak identifikatzea.
Azkenik, heziketa eta prestakuntza daude. "Herritar, komertzio eta enpresei laguntzea, jarrera aldaketak inspiratzeko, pertsonak ahalduntzen lagunduz, gure ikuspegia lortzeko funtsezko portaera berriak har ditzaten". Horretarako sei neurri hartuko ditu Mank-ek: herritarrekin, komertzioekin eta enpresekin aldian-aldian elkarreragitea, hondakinak prebenitzeko eta birziklatzeko oztopoak ulertzeko; herritarren iritziak eta jardunbide onenak kontuan hartzea zerbitzuak diseinatzea; zerbitzuak diseinatzen eta ekimenak zuzentzen laguntzeko, hondakinen konposizioa aldian behin aztertzea, baita gaikako bilketa zerbitzuak duen parte hartze maila ere; Sakanan portaera aldaketa inspiratzen eta ahalbidetzen duten kanpainak ezartzea; ikastetxeekin, elkarteekin eta Sakanako beste eragile batzuekin lan egitea, bizitzan zehar hondakinak prebenitzeko jokabideak inspiratzeko eta, azkenik, ingurumena zaintzeko ekintza komunitarioa babestea.
Sei zergati
Hondakinen kudeaketan zehaztutako hobekuntzak planteatu ditu Mank-ek "ingurumenarekiko eragina minimizatzeko". Izan ere, klima aldaketa dela eta, "klima erronka garrantzitsu bati egin behar diogu aurre. Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko lan egin behar dugu". Azaldu dutenez, "hondakinen sorrera prebenitzeak, produktuak berrerabiltzeak eta materialak birziklatzeak baliabideak aurrezten eta isurketak murrizten ditu". Gaineratu dutenez, "erabaki desberdinak hartu behar ditugu gure kontsumitzeko ereduaren inguruan eta hondakinak kudeatzeko moduaren inguruan erronka honi aurre egin ahal izateko".
Ibarreko erakundeko ordezkariek azaldu dutenez, "inpaktua murrizteko modurik onena zirkulu ekonomiaranzko bidean aurrera egitea da. Hala, gure baliabide finituak kontserbatzen dira eta modu eraginkorrean erabiltzen dira". Gaztigatu dutenez, gaur egun "produktu gehienak oraindik ekonomia linealaren eredua erabiliz diseinatzen eta sortzen dira: baliabideak atera, fabrikatu, erabili eta bota". Horregatik, Mank-ekoek "birziklapenaren ekonomiarantz egin" nahi dute. "Baina zirkulu ekonomiabaterako trantsizioak eskatzen du pertsona guztiok berriz aztertzea nola baloratzen eta kudeatzen diren baliabideak eta gure kontsumo ohiturak kontzienteagoak izatea, iraunkorrak izateko diseinatutako produktuak lehenetsiz, bizitza baliagarriaren akaberara iristen direnean birziklatu ahal izateko".
Bestalde, azken urtetan hondekinen kudeaketaren inguruko politika eta legedi berriak indarrean sartu dira. Haietan "zirkulu ekonomiaren onurei probetxua ateratzeko neurriak zehazten dituzte": prebentzioa lehenestea, hondakin mota jakin batzuk bereizita biltzeko betebeharra, ontziak ekoizten dituzten industrien betebeharrak ezartzea eta 'kutsatzen duenak ordaintzen du' printzipioa.
Klima aldaketarekin eta ingurumenarekin gero eta kezka handiagoa badugu ere, gizartean joera aldaketa batzuk daude, esaterako: Internet bidezko erosketen gorakada edo biztanleriaren zahartzeak hondakinen bilketan eta kudeatu beharreko hondakin moten kudeaketan eragina du. Horiei ere erantzun beharko die Mank-ek. Zeren, oraindik ere, behar baino hondakin gehiago sortzen ditugu ibarrean.
Helburuak
2027
- 2010ean baino %15 hondakin gutxiago sortzea.
- Sortzen dugun materia organikoaren %70 gutxienez bereiztea.
2030
- Zabortegietan hondakinen %20 baino gutxiago isurtzea.
2035
- 2010ean baino %17 hondakin gutxiago sortzea.
- Sortzen dugun materia organikoaren %80 bereiztea.
- Hondakinen %65, gutxienez, birziklatzeko edo konpostatzeko bereiztea.
- Zabortegietan hondakinen %10 baino gutxiago isurtzea.
Datuak
4.000 tona
Errefusa urtero Tuterako Culebrete hondakindegira eramaten direnak. Hondakin kudeaketan errefusa da garestiena.
550 tona
Errefusa dira.
3.500 tona
Birziklagarriak diren materialak errefusarekin nahastuta Tuterara eramaten dira.
456 kilo
Hondakin sakandar bakoitzak sortzen dutena urteko. Kopuru handiegia da.
Ia 3 milioi euro
Sakanako hondakin kudeaketaren kostua. Hondakinen kudeaketa egokiak faktura txikituko liguke