Gobernuak ez du eskoletako Haur Hezkuntzako gelarik itxiko

Guaixe 2026ko apirilaren 24a

Carlos Gimeno Gurpegi kontseilaria eta Maria Chivite Navascues. PARLAMENTUA

Atzera egin du erabakian. STEILASen arabera, Uharte Arakilgo eta Arbizuko eskoletan gelak itxiko lirateke. 

Nafarroako Gobernuak iragarri du ez duela Haur Hezkuntzako ikasgelarik itxiko sare publikoan, baina itunpeko eskoletako gelen murrizketari eutsiko diola. Beraz, Carlos Gimeno Gurpegik apirilaren 14an iragarri zuena erdizka beteko da azkenean. Hezkuntza kontseilariak jakinarazi zuen hezkuntza publikoko 19 eskoletan eta itunpeko 14 ikastetxeetan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko gelak itxiko zirela. Gimenok atzo, apirilak 23, azaldu zuenez, "eskola publikoan ez da hiru urteko gelen unitaterik murriztuko, 19 ixtea aurreikusita zegoen, baina ez da bakar bat ere itxiko". Esan zuenez, "ikastetxe batzuetan murriztu egingo dira, bai, baina beste batzuetan gehitu eta, beraz, dena kontuan hartuta ez da murrizketarik izango sare publikoan". 

Geroa Baik mozio bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan neurria urtebetez atzeratzeko eskatuz. Mozioa onartu egin zen Geroa Bairen, EH Bilduren eta UPNren botoei esker. Baina Nafarroako Gobernuak baztertu egin du aukera hori, Hezkuntza Departamentuak eskatutako txosten juridiko batean oinarrituta.