Israelek Global Sumud Flotillaren kontra egin du

Guaixe 2026ko apirilaren 30a

Israelgo armadak bahitutako flotillako kideetako batzuk. UTZITAKOA

22 itsasontzi inguratu eta 175 bat ekintzaile bahitu ditu, antza, haien artean sakandar bat dago. 

Gazara giza laguntza eramatea eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko helburuz abiatu zen Global Sumud Flotilla. Guztira 58 itsasontzi. Bart, Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioa geldiarazi du nazioarteko uretan, Greziatik gertu. Gazatik 600 miliatara baino gehiagora. Antza 22 itsasontzi inguratu ditu eta 175 ekintzaile inguru bahituta hartu dituzte soldaduek eta bahituak Israelerantz eramaten ari dira. Flotillan bi sakandar zihoazen eta, antza, haietako bat bahituen artean legoke. 

Israelgo armadak hainbat itsasontziri motorrak eta nabigazio sistemak hondatu zizkien eta, ondorioz, haietako batzuk norabiderik gabe dabiltza, itsasoaren eta ekaitzen menpe.

Flotillakoen esanak
Global Sumud Flotillako kideek ohar bidez adierazi dutenez, "gertatutakoa aurrekaririk gabeko gertakari arriskutsua da". Nabarmendu dutenez, "argi eta garbi, gertatutakoa pirateria da. Kreta ondoan, itsas zabalean gizakien legez kanpoko kaptura izan da. Israel bere mugetatik kanpo erabateko zigorgabetasunarekin eta ondoriorik gabe, aritu daitekenaren baieztapena da". 

Flotillako kideen iritziz, bizitakoa "Mediterraneoaren gainean Israelek kontrola izateko saiakera da, Israelen zigorgabetasunean beste koska bat igotzea". Gogorarazi dutenez, "inongo Estaturik ezin du nazioarteko uretan erreklamatu, zaindu edo okupatu. Baina horixe egin du Israelek, bere kontrol erregimena kanpora zabalduz eta Mediterraneo itsasoa okupatuz Europako kosten parean". 

Gertatutakoen aurrean gobernuen isiltasuna "larria" dela gaztigatu dute Flotillako kideek. "Nazioarteko zuzenbidea defendatzen dutela dioten gobernuak, beste behin, ez dute ezer esan. Ez kondena larririk, ezta bahitutakoak askatzeko berehalako eskaerarik". Erantzun falta hori "permisibitatea eta konplizitatea dira". Eta galdetu dute: "nola utzi zaio Israeli halako puntura iristea  inolako beldur eta ondoriorik gabe? Gertatutakoa aurrekari katastrofikoa da, eta erantzun sendoa behar du". 

Erlazionatuak