Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako komunitateek kalean protesta egin zuten asteazkenean. Aurrenak Etxarriko plazara eraman zuen aldarrikapena. Hurrenak Otadiko kirol pistan egin zuen. Ikasgelak kalera atera zituzten eta elkarretaratze horien bidez adierazi nahi izan zuten "Nafarroako hezkuntza atzerapausorik onartzen ez" dutela. Nabarmendu zutenez, "ikastolak herritik sortuak eta herriarendako lanean ari garelako sortu ginen lehen egunetik, eta horretan jarraitzen dugula adierazteko atera gara kalera".
Ikastoletako ordezkariek nabarmendu zutenez, "gure sareari ezezik, Nafarroa euskaraz josteari eta hezkuntzari murrizketak aplikatu nahi dizkiote. Eta gu haserre gaude". Horretarako arrazoiak aletu zituzten. Aurrena, "gure seme-alabendako etorkizun onena nahi dugu eta, horregatik, Nafarroako haurrek ikastolan ikasteko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu". Hurrena, "Nafarroa osoko hezkuntzak kezkatzen gaitu: aurrera egin beharrean, murrizketa horiekin atzera goazelako". Hirugarren arrazoia euskara bera da. "Hezkuntza Departamentuak kontrakoa dioen arren, euskarari gelak murriztu dizkiote. Hori oso larria da Nafarroan, hori oso larria da Nafarroa euskaraz josten duen ikastolen sarearendako".
Bilkuretan ikastoletako ordezkariek salatu zutenez, "erabakia arbitrarioki, elkarrizketarik gabe eta irizpideak bat-batean aldatuz hartu" direla. "Horren froga da Hezkuntza Departamentua bere erabaki batzuk zuzendu dituela". Nabarmendu zutenez, "Ikastolak beti gaude hitz egiteko prest. Baina elkarrizketa ukatzen badigute guri eta hezkuntza eragile guztiei, joko arauak partidaren erdian aldatzen badituzte, ez gaude gauzak egiteko modu horrekin ados". Begirune falta leporatu zioten departamentuari.
Ikastoletako kideek esan zutenez, "auzolanean eraikitako komunitate oso bati bizkar emateak kezkatzen gaitu. Herrigintza lan oso bat da zigortzen dena". Aldarrikapena ere egin zuten: "berdintasuna eskatzen dugu, gure sarearendako eta sare guztiendako. Hori da bidezkoa, beharrezkoa".
Atxikimenduak
Hainbatek Lodosako ikastolaren aldeko manifestua sinatu dute. Horien artean daude Pello Reparaz, Igor Ijurra, Castillo Suarez, Jon Arretxe, Helena Taberna, AEK edota Guaixe fundazioa. Manifestuan adierazi dutenez, "Lodosako ikastola bere desagerpenera eraman dezakeen erabaki arbitrarioa hartu dute". Salatu dutenez, "ezarri diguten urtebeterako moratoriak ez du ezer konpontzen, baldintza gisa jarri dutelako hemendik urtebetera Haur Hezkuntzan daukagun itun bakarra kentzea".
Azkenik, Iñigo Aritza ikastolak gaiaren inguruko informazio batzarra antolatu du. Iortia kultur guneko areto txikian izanen da maiatzaren 13an, asteazkena, 18:30ean.