Bost sindikatuk 0-3rako negoziazio mahaia eskatu dute

Guaixe 2026ko maiatzaren 7a

Gizona umea eta haurrarekin.

Maiatzaren 7an Haur Hezkuntzan greba eguna deitu dute. 

Madrilen 0-3ko langileek greba mugagabean daude apirilaren 7tik, eta hainbat autonomia erkidegok greba deialdiak egin dituzte gaurko, maiatzaren 7rako. LAB, ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek 0-3ko intersindikala osatzen dute eta bere ordezkariek azaldu dutenez, "gaur egun, 0-3 zikloak mobilizazio une bat bizi du estatu mailan, eta hori positiboki balioesten dugu". Gaineratu dutenez, "mahai gainean dauden aldarrikapenak partekatuak dira eta sektorea duintzeko premiari erantzuten diote". 

Nafarroan, 0-3 plataformak bat egin du greba egunarekin, CGT sindikatuaren eskutik, eta intersindikala bilerak eta elkarrizketak izaten ari da plataformako kideekin. Egoera horren aurrean, intersindikala osatzen dugun sindikatuok dagoeneko planteatutako deialdi bat dugu, eta horrekin bat gatoz aldarrikapenen mamiarekin.

Aldarrikapenak 
LAB, ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek osatutako 0-3ko intersindikalak Haur Hezkuntzako lehen ziklorako hiru aldarrikapen nagusi ditu. 

Batetik, "ezinbestekotzat jotzen dugu negoziazio mahai bat irekitzea Nafarroan, esparru horretan baitaude eskumenak, eta bertan modu eraginkorrean heldu behar baitzaie 0-3 zikloak behar dituen egiturazko hobekuntzei". Bestetik, 0-3ko intersindikalak "tinko lan egiten jarraituko du aldarrikapen horiek lortzeko, sektorearen antolaketa eta borroka bultzatuz, eta langileen duintasuna eta hezkuntza zerbitzuaren kalitatea erdigunean jarriz". Eta, azkenik, intersindikaleko ordezkariek ratioen jaitsiera eta irakasle aitortzaren alde, eskola egutegi bateratu baten alde, arreta zuzeneko orduak murrizteko, ziklo osoaren kudeaketa komunaren alde" daudela adierazi dute. 

Nafarroako Haur Hezkuntzako Lehen Zikloa duintzeko helburuz, LAB, ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek 0-3ko intersindikala 2023-2024 ikasturtean sortu zuten. Ordutik beraien aldarrikapenak "argiak eta etengabeak izan dira, eta prentsaurreko, kontzentrazio eta mobilizazioen bidez".