Irurtzungo araztegia eguzki plakek sortutako argindarrarekin dabil

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 20a

Irurtzungo araztegian jarritako eguzki plakak. NILSA

Etxarri Aranazkoan aurten jarriko dituzte. Urdiain eta Olaztikoak hala dabiltza

Europako Itun Berdeak energia neutraltasuna du helburu. Itun horren testuinguruan, ur arazketaren ardura duen Nilsa enpresa publikoak Nafarroako araztegiak eguzki energiaz hornitzeko plana du. Hura 2019an abiarazi zuen. Plan horren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikitako enpresa publikoak hondakin uren arazketari buruzko Europako araudia bete behar du. Hartan jaso da karbono-neutraltasunaren erronka eta, horregatik, C02 isurketak murriztu nahi ditu Aldi berean, energia berriztagarriak sustatu eta argindar faktura murriztu nahi du. Izan ere, elektrizitate faktura baita araztegien mantentzearen eta jardueraren gastu handiena. Nafarroako Gobernuak 2024an araztegien argindar kontsumoagatik 1,518 milioi euro ordaindu behar izan zituen. Europako zuzentarau horrek aldi baterako mugarri progresiboak ezartzen ditu, 2040an araztegi handiak iturri berriztagarriez soilik elika daitezen lortzeko.

Plan horren barruan, Nilsak Irurtzungo araztegian eguzki plakak jarri zituen martxoaren 25ean. Guztira 24 plaka eta inbertsore bat. Instalazioak 10,8 kWp sortzen ditu. Lanengatik 27.217,85 euro ordaindu zituen. Etxarri Aranazko araztegian, berriz, eguzki plakak lurrean jarriko dira aurten. Guztira 52 plaka eta inbertsore bat izanen dira. Hau da, 23,4 kWpko potentzia jarriko da. Instalazioak 49.022,85 euroko inbertsioa eskatuko du.

Urdiain eta Altsasuko araztegia joan den urteko garagarriletik ari da eguzki plakekin funtzionatzen. Guztira 128 plaka eta inbertsore bat jarri zituen, hau da, 53,76ko potentzia. Azkenik, Olatzagutiko araztegi berriak mustu zenetik ari da eguzki plakak sortutako argindarrarekin funtzionatzen. Eraikin bateko teilatuan 38 plaka jarri zituen Nilsak, baita inbertsore bat ere. Guztira 15,4kWp potentzia instalatu zen. Azkenik, Nilsak jakinarazi du Lakuntza eta Arbizuko araztegian instalazio fotovoltaikoa jartzeko administrazio tramiteak egiten ari dela.

Lau araztegien kasuan eguzki plakek arazte planta argindarrez hornitzeko nahikoa sortzen dute. Gainerako argindarra sarera isurtzen dute. Horrela, ahalik eta elektrizitate gehien ekoizten da, instalazioak eskatzen duen energia hornitzeko eta, gainera, soberako energia sare elektrikora isurtzen da, araztegi bakoitzaren potentziala maximizatuz.