Haurren unibertsoa euskaldunagoa bihurtzeko helburua du Eusferak. Taupa, euskaltzaleen mugimenduak sustatu duen ekimena, maiatzaren 7an abiatu zen eta 17ra arte iraun du. Sakanan Irurtzunen eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan bat egin dute ekimenarekin.
Irurtzungo Aizpea euskara taldeko kideek haurrak zituzten hainbat guraso euskaltzaleengana jo zuten. Jakinarazi zieten Sakanan Eusferaren aurkezpena eginen zela eta hara joateko prest ote leudekeen galdetu zieten. Aurkezpenera halaxe joan ziren Irurtzungo bi ama. Horietako bat Lorea Gonzalez Alcoz da. Ekimenaren nondik norakoen berri jaso zuten. "Eusfera zer zen jakitera joan ginen", azaldu du Gonzalezek. "Ondoren, Irurtzunen Eusferaren berri emateko bilera irekia deitu genuen. Ekimenaren berri eman genuen eta bilerara hurbildu zen jendearekin batera aurrera eraman dugu Eusfera Irurtzunen". Beraz, guraso euskaltzale talde bat da Irurtzunen Eusfera aurrera atera duena.
Iñigo Aritza ikastolako zuzendarietako bat da June Bengoetxea Irigoien. Berak esan duenez, Altsasun "guk nahiko genukeena baino txikiagoa da oraindik euskararen presentzia haurren egunerokoan". Azaldu duenez, "klasetik kanpoko aisialdia, oro har, oso erdaldundua da, eta horrek zuzenean eragiten du haur eta gazteen hizkuntza ohituretan. Askotan, euskaraz bizi diren espazioak dauden arren, ez dira nahikoak edo ez dute behar adinako indarrik eguneroko erabileran benetako eragina izateko". Horregatik, Bengoetxeak uste du arnasgune gehiago sortu behar direla, "modu kontziente eta antolatuan. Horregatik urteak daramatzagu Ikastolaz kanpoko aisialdi horretan eragiteko askotariko ekintza eta dinamikak antolatzen. Horretan guztian helduok erantzukizun handia dugu: erreferente izan behar dugu, haurrek ikus dezaten euskara naturaltasunez eta konpromisoz erabiltzen dela eguneroko bizitzan".
Gonzalezek azaldu duenez, Atakondoa eskola publikoan D eredua jarri zenez geroztik, "euskararen jakintzaren egoera asko aldatu da, esaterako, gu txikiak ginen garaiarekin alderatuta. Hala ere, jakintza eta erabilera mailen artean aldea dago". Bengoetxeak esan duenez, "Iñigo Aritza ikastolan euskararen presentzia handia eta oso kontzientea da. Euskara da gure eguneroko jardunaren ardatza, bai ikasgelan, bai komunitatean. Hala ere, azken urteotan Euskal Herrian orokorrean gertatzen ari denaren isla ikusten ari gara. Hau da, gero eta nabarmenago ikusten dugu gaztelaniarako joera handitzen ari dela, eta gainera gero eta adin txikiagoetan hasten dela aldaketa hori". Zuzendariak azaldu duenez, "lehenago euskaraz mantentzen ziren harreman eta jolas gune batzuk gaur egun errazago pasatzen dira erdarara. Horrek kezkatzen gaitu, eta horregatik saiatzen gara euskararen erabilera ez dadin soilik ikasgelara mugatu, baizik eta aisialdira, harreman informalera eta komunitate osora zabaltzen".
Gonzalezek gaineratu duenez, herrian euskara ez dakiten familia dezente daude. "Eta batzuetan giro erdalduna gailentzen da. Baina, aldi berean, bilera hartan baloratu genuen seme-alaba txikiak ditugula eta giro euskaldun hori mantendu daitekeela. Esaterako, nire seme zaharrenak bost urte ditu. Giroak kutsatuta, pentsatzen nuen dagoeneko gazteleraz jo eta ke ibiliko zela, baina ez da hala izan". Guraso euskaltzaleen taldean ikusten dute "pausoz pauso aldaketak eman daitezkeela. Nahiz eta badakigun hizkuntzaren aldetik Irurtzunen lan handia dugula egiteko oraindik". Irurtzunen haurrendako gero eta kultur edo aisialdiko euskarazko eskaintza handiagoa dagoela adierazi du Gonzalezek.
Bengoetxeak azaldu duenez, ikastolan "euskararen atxikimendua, erabilera… gure proiektuaren erdigunean daude eta beti izan da helburu nagusietako bat. Izan ere, guk euskaldun konprometituak heztea dugu helburu". Ikastola barruko espazio guztietan ez ezik "gure lau herrietan eragiten saiatzen gara etengabe, aisialdia ere euskalduntzeko helburuarekin eta hori guztia planifikatu egiten dugu gure Hizkuntza Proiektuaren barruan". Eta egiten dituzten hainbat ekimen zerrendatu ditu: Euskararen Eguna, Gau Beltza, haurrendako jolasak, Zinema euskaraz, mendi irteerak, hitzaldiak...
Eusferaren baitan
Euskarak guztiaren beharra duela iritzita eman dute izena herri batek zein besteak. Ikastolako "hainbat guraso hainbat ekintzetarako antolatu egin dira, elkartu, gaiaz hitz egin dute eta egin ditugun ekintzek harrera oso ona izan dute, bai partaidetza bai bizipen aldetik ere". Gaineratu duenez, "auzolanaren funtzionamendua geure komunitatean oso errotua dugu". Bestetik, Gonzalezek azaldu duenez, "Taupa euskaltzaleen mugimendutik familiarekin egin daitezkeen hainbat ekimen proposatu zaizkigu Eusferan zehar". Horiek misioak dira. Batean eta bestean dinamika garatu da.
Irurtzundarrak Eusferaren berrikuntza bat nabarmendu nahi izan du: "linguistikoki hainbat familia motarendako inklusiboak diren proposamenak dira. Hau da, gurasoetako bat euskalduna bada eta bestea ez, edo gurasoak euskaldunak ez badira. Batzuei eta besteei hainbat jarduera proposatzen zaie, familian euskararen erabilera sustatzeko". Irurtzungo guraso euskaltzaleak hori iragartzen eta zabaltzen aritu dira.
Euspazioez galdetuta, Bengoetxeak argitu du "Euspazioak geurean modu sistematiko eta antolatuan planifikatzen ditugunez, haientzako proposamen berriak ez direla ohartu gara. Izan ere, Hizkuntza Proiektuaren dinamiketarako guraso boluntario taldea, etengabe berritzen dena, beti dugu aktibatua eta auzolanaren funtzionamendua geure komunitatean oso errotua dugu". Irurtzunen lau egunetan Euspazioak sortu dituzte. "Jarduera xume batzuk proposatu ditugu, familian eta euskarari presentzia emanez egitekoak denak. Herrian hainbat eragileren eskaintza aztertu ondoren, aisialdi eskaintza prestatu zuten, "elkartzeko eta ongi pasatzeko". Aitortu duenez, "Eusfera 0 eta 12 urteko haurrei zuzenduta badago ere, Irurtzunen antolatzera animatu garenak seme-alaba nahiko txikiak ditugu, 4 eta 6 urte artekoak". Maiatzaren 15ean, ostiralarekin, Eusfera akabera festa antolatu zuten plazan. "Normalean adin gehiagoko haurrak ere ibiltzen dira eta adin tartea zabaldu zen".
Orain arte izandako erantzunarekin "pozik" daudela esan du Gonzalezek, balorazioak ondoren etorriko direla. Bengoetxeak esan duenez, "hizkuntzaren transmisioa eta erabilera ez dira egun edo kanpaina jakin batzuetara mugatzen, eguneroko konpromiso bat dira. Horregatik, hemendik aurrera ere ekimenak, espazioak eta harremanak euskaraz sustatzen jarraitu nahi dugu, bai ikastolaren barruan baita herrian ere. Azken finean, gure helburua ez da soilik ikasleek euskara jakitea, baizik eta euskaraz bizitzeko gogoa eta konpromisoa duten herritarrak heztea". Batean eta bestean "etorkizuneko Euskal Herrirako euskaldun konprometituak" nahi dituzte.
