Aukera baliatuko du Sakanako Bizikleta Ibilbidea mustutzeko.
Sakanako Bizikleta Sarea eginda dago. Zer dakar du horrek Kirol Zerbitzuarendako?
Bizikletarekin zerikusia duten hainbat jarduera antolatzen ditugula ikusita, eta Sakanan betidanik bizikletan ibiltzeko zaletasuna eta ohitura dagoela, aurrerapauso handia da. Gainera, Plazaola bide berdearekin lotura eskaintzen du, eta Arabako Lautadako bizikleta bidearekin ere. Ingurumena zaintzeko modu bat ere bada. Herrien arteko loturak eskaintzen ditu. Abantaila pila ditu.
Oinezkoek ere aprobetxatuko dute?
Jakina. Oinezkoendako ere aukera bikaina da. Adineko pertsonak bide horretan paseatzen ikusi ditut. Lehen, apika, harriz beteta zeuden bide zatiak orain asfaltozko zorua dute, eta ibiltzeko errazagoak dira. Hori ere pozgarria iruditu zait. Beraz, txirrindulariak bideetan kontuz ibili beharko gara bide sarean.
Sakandarrei zertarako aukera emanen die?
Aukera bikaina ematen du familian edo lagun artean egun pasak egiteko, edo goiz edo arratsalde pasak egiteko, Sakanako herri batetik bestera joanez. Bidaiatzeko aukera eman diezaguke. Esandakoa, Plazaolara iritsi eta bizpahiru eguneko plana egin daiteke. Edo Gasteiz aldera jo daiteke. Azken finean, ariketa fisikoa egiteko eta osasun ohiturak bulkatzeko aukera ematen digu, modu atseginean, erakargarrian eta beste pertsona batzuekin partekatzen.
Ohiturak aldatzeko gonbidapena izan daiteke?
Baita ere. Sakanan autoa asko erabili beharra daukagu: herri batetik beste batera joateko, kirol bat egitera... Bide sareak aukera eman diezaguke batzuetan bizikletaz joateko.
Segurtasunez, gainera.
Jakina. Errepidetik joanda beti arriskua dago. Orain bizikleta bide sarearen aukera dugu, bide seguruagoa.
Bizikleta sarea ezagutzera emateko jardueren bat eginen duzue?
Bizi Festan Ziordia eta Altsasuko joan-etorria eginen dugu, mustutzeko. Martxa erraza da, ia ez du aldaparik. Lasai-lasai joanen gara, denen erritmoa zainduz, eta segurtasunez. Barranka txirrindulari taldeak laguntzen digu. Haiek arduratzen dira aurrean erritmoa jartzeaz, bidegurutzeak zaintzeaz, eta tropelaren atzeko aldean bidea ixteaz. Bestalde, Sakanako Bizikleta Egunean, segur aski, zatika eginen dugu, zeren goiz baterako luzeegia izan daiteke.
Bizi Festa, nori dago zuzenduta?
Bizikletan ibiltzea gustatzen zaion edozein pertsonari. Hamar urte baino gutxiago baditu, helduren batekin lagunduta etorri behar du. Hamar urtetik gorakoak haien kabuz etor daitezke. Hori bai, denak Ziordira beraien kabuz iritsi behar dira.
Bizi Festan parte hartzeko zer egin behar da?
Izena eman behar da, asegurua egiten baitugu. Izen ematea maiatzaren 26ra arte dago zabalik. Honako telefono edo e-posta helbideetara hots egin edo idatzi daiteke: 948 46 48 66, 648 070 710, kirolak@sakana-mank.eus edo anitzartean@sakana-mank.eus. Guztiak parte hartzera gonbidatuta zaudete, goiz polita pasako dugu!
Egitaraua
- 09:30-11:30 Bizikleta ibilbide erraza. Adin eta maila guztiendako egokia. 10 km eta 60 metroko desnibela.
- 11:30 Oparien zozketa.
- 11:45 Sakanako Bizikleta Ibilbidearen mustutze ekitaldia.
- 12:00 Auzatea.
- 12:30 Herri jolasak eta bizikleta konpontzeko tailerra.